Quick-Step Floors ziztu bizian hasi da

KittelSasoi hasierako lorpenek ez dute balio ondorio gehiegi ateratzeko. Horrela ere, Quick-Step Floors taldeak argi du aukera duenean, tropeleko azkarrenak izan nahi dutela. Argentinan, Dubain edo lehiarako prest dauden edozein lekutan.

Argentinako San Juan probintziako itzulian nahieran ibili ziren Fernando Gaviria, Ariel Maximiliano Richeze eta Tom Boonen txirrindulariak. Gaztea, sprint bideratzailea eta erretiro atarian dena, hurrenez hurren. Arerio gogorrik gabe, zazpitik bost garaipen zenbatu zituzten. Hori gutxi balitz, hiruek beraien rolak txandakatu zituzten.

Dubaiko itzulian, aldiz, helburu bakarrarekin ari dira lehian. Marcel Kittel da Quick-Stepeko sprinter nagusia, eta trena prest dute horretarako. Bitik bi garaipen lortu zituen, alemaniarrak, nagusitasunarekin. Iazko gidoia errepikatzen ari dira, bi etapa eta sailkapen nagusia eskuratu zituen eta. Ordea, hirugarrena ez zuen lortzerik izan, bestelako faktoreengatik. Antza denez, etapa bukatzeko 100 kilometro falta zirela, tropelean toki ona lortzeko lehian, Andri Grivko Astanako txirrindulariak Kittel kolpatu zuen. Alemaniarrak hori salatu eta ukrainarra itzulitik kanporatu zuten.

Denboraldiko gizonik azkarrenak zeintzuk izango diren jakiteko goiz da, baina aurreneko lasterketek agerian utzi dute Quick-Stepeko txirrindulariekin batera, badirela beste hainbat azken metroetan dena emateko prest: Caleb Ewan, Andre Greipel, Alexander Kristoff, Arnaud Demare, John Degenkolb, Daniel McLay, Danny Van Poppel, Dylan Groenewegen, Elia Viviani, …