Ion Izagirre Murtziako Itzulia 2017, lasterketa bukatu ondorenSekula ez dut gaur bezala Murtziako Itzulia jarraitu. Egun bateko lasterketa da eta denboraldi hasiera honetan denok dakigu lasterketa hauek berebiziko garrantzirik ez dutela, baina gaurkoa desberdina zen eta jarraitzea erabaki dut.

Atzo Tropelak txiokatzen zuen moduan, lehen aldiz Ion eta Gorka Izagirre lehian izango ziren lasterketa berean baina talde desberdinetan. Gorkak Movistarren jarraitzen du eta Ionek, aldiz, Bahrain-Merida talde berrian ekin dio denboraldiari, Nibaliren taldekide moduan.

Gogoz ekin dio Ionek denboraldiari gaur erakutsi duenez. Valverde (MOV) jaun eta jabe izan bada ere Colladoko igoeran erasoa jo eta bakarrik helmugaratuz ia 3 minutuko tarteaz, Ion izan da eraso horretan jarraitu dion bakarrenetakoa. Pena murtziarraren gurpilera sartzeko aukerarik izan ez duelako eta murtziarrari gauzak zaildu ez dizkiolako. Hala ere 6. izan da helmugan Ormaiztegiko txirrindularia. Maila polita ikusi diot Ioni gaurkoan eta asko pozten nau horrek.

Gorka ere pozik izango delakoan naiz izan ere Valverde taldekideak garaipena lortuta eta anaiak denboraldiari ongi ekin diola ikusita. Gorka ere Ionen tropeltxoan helmugaratu da, 19. postuan.

Nibali ere Murtzian izan da. Gogoratu Nibalirekin batera Ion izango dela Baharein-Meridako liderra. Ez dira lasterketa askotan elkarrekin lehian izango izan ere Nibaliren helburuak aurten Giroa eta akaso Vuelta izango dira. Ion, aldiz, astebeteko lasterketez gain, aurtengoan Tourrean taldeburu bezala arituko da eta helburua sailkapen nagusiaren lehian sartzea izango du taldeak hala eskatuta. Ea ba iazko etapa garaipenaren indarrak lagunduta Tour gizon moduan ikusteko aukera izaten dugun Ormaiztegiko anaietan gazteena!

 

Argazkia: Bahrain-Merida (twitter)

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.