Walkowiak eta Gaul, 1956ko TourreanAsteartean hil zen Roger Walkowiak, 1956ko Tourra irabazitako eta horretaz damututako gizona, gutxigatik 90 urte betetzera iritsi gabe. Eta agertu da egunkarietan, eta nabarmendu da zeinen gaizki pasatu zuen ondoren, soilik handiei erreserbatutako Grande Bouclea irabazteko atrebentzia izateagatik, eta aipatu da, nola ez, ihesaldi bati esker lortu zuela Tour hura poltsikoratzea. Ba, azken puntu horretan ere, ez da egongo txirrindularitzaren historian Walkowiak bezain gaizki tratatu den pertsonarik, zeren ez zuen Tour hura ihesaldi bati esker irabazi (“bidoi-ihesaldia”, frantziarra are barregarriago utzi nahi dutenek esaten duten bezala), baizik eta bi ihesaldiri esker, eta lortutako aldeari kemenez eusteari esker.

Tourreko 7. etapan jarri zen lider Walkowiak, Angersen. Baina, hori baino lehen ere, eman zuen zeresana: aurreneko bi etapetan, ihes eginda ibili zen; 4. etapako bigarren sektorean, zortzigarren postuan sailkatu zen, eta berdin 5. etapan ere. Ondorioz, sailkapen nagusian bederatzigarren jarri zen, baina ez dirudi inork kasu handirik egin zionik. Hala ere, hurrengo egunean bosgarren jarri zen, eta, esan dugun moduan, 7. etapan lidergoa eskuratu zuen. Beraz, ez zen izan, jendeak dioen moduan, ihesaldi hutsaren bidez lortutako txiripazko lidergoa: ondo landutako eta borrokatutako lehen astea izan zuen, eta, ikusiko dugun moduan, ondorengo bi asteetan ere polito egin behar izan zuen lan, Tour hura irabazteko.

Angerseko horiaren ostean, hiru egunez jarraitu zuen lidertzan, baina Baionan amaitutako etapan 14 minutu galdu eta 7. posturaino jaitsi zen. Bazirudien bere gloria-unetxoa igaroa zela, eta hortik aurrera sailkapenaren zulo beltzean galduko zela… baina ez: etapaz etapa, etorkin poloniarren seme hark goraka egin zuen sailkapen nagusian, eta handik lau egunera berriz ere 5. postuan zegoen.

Turinen amaitutako etapan, berriz ere ihes egin (Izoard, Montgenèvre eta Sestrieres igo zituzten etapa hartan), eta bigarren posturaino heldu zen sailkapenean; eta hurrengo egunean, Alpeetako etapa menditsu batean, onenekin batera iritsi zen helmugara, eta atzean utzi zituen sailkapen nagusian bere inguruan zeuden gainerako karreristak (ez gutxi, gainera: Wagtmans, Bauvin, Adriaensens, Lauredi, Defilippis, Voorting, Picot, Monti…). Ondorioz, maillot horia eskuratu zuen berriz ere, eta oraingoan ez zuen askatuko. Lau etapa falta ziren Tourra amaitzeko; besteak beste, mendiko etapa bat eta erlojupeko bat. Erronka latza!

Hain zuzen ere, hurrengo egunean mendiko etapa zuten zain. Walkowiakek erorikoa izan zuen beste zenbait ziklistarekin batera, eta arerioak su bizian hasi ziren, egoera aprobetxatu nahian, baina alferrik: mendiaren tontorrean ez zuten lortu alde handirik Montluçoneko mutilarekiko, eta etapa horretan seigarren helmugaratu zen, faborito nagusiengandik nahiko gertu. Oraindik 3 minutu baino gehiagoko errenta zuen sailkapen nagusian bigarrenarekiko, eta Bahamontes, faborito handien artean hurbilen zeukana, 12 minutu atzerago zegoen. Hirugarren astean sartuta zeuden erabat, eta Walkowiak lehen egunetik zebilen egurrean. Horrek meriturik ez badu, norbaitek azaldu beharko du zer den meritua.

Hurrengo eguneko erlojupekoa ez zen makala: 73 kilometro bakarka. Rogerrek maila eskasa eman zuen, eta 24. postuan sailkatu zen; aldiz, Bauvin eta Adriaensens, liderraren arerio nagusiak, goi-mailan aritu ziren, eta denbora asko kendu zioten, baina ez behar beste: Bauvin, bigarren postuan, 1’25’’ atzerago zegoen, eta Adriaensens, sailkapen nagusiko hirugarrena, 3 minutu pasatxora. Akabo, ez zegoen gehiagorako aukerarik: hurrengo bi etapetan, egoera kontrolatuta, sailkapen nagusiak ez zuen inolako aldaketarik izan, eta Roger Walkowiak, 29 urteko mutil ezezagun hark, berebiziko balentria egin zuen… Artean ez zekien nolako kalbarioa ekarriko zion horrek, eta bizitza osoan nola sufritu beharko zuen Tour hartan egindako atrebentzia: Gaul, Bahamontes, Ockers, Geminiani, Nencini… horiek guztiak agertzen dira azken sailkapenean, baina denak Walkowiaken atzetik. Urte hartako onena izan zelako, ez besterik.

Gora Walkowiak! Allez Walkowiak!