Nire iritzian, gaur hasi da Paris-Niza irabazteko lehia. Ez nuen oso garbi gizonik indartsuenak zeintzuk izango ziren Contador salbu. Gaurkoan Contadorrek lasterketa irabazi nahi duela argi utzi du eta orain arte genituen zalantza batzuk argitzen doaz.
Igandeko erlojupekoan Boomek ezustekoa emanda irabazi zuen eta lidergoa lortu. Berak ere hala aitortu zuen. Voigtek era lasterketaren lehian aritzeko zantzuak eman zituen egun hartan, eta garaipenaren lehia horretan, atzoko etapan lidergoa eskuratzea lortu zuen Boomen kaltetan.
Asteleheneko etapa Hendersonek irabazi zuen mozketa baten ondoren esprintean. Sky taldeko txirrindulariak esprinter onenen artean izateko gai dela erakutsi digu.
Bihar jokatuko da lehen etapa, 8 kilometrotako erlojuaren kontrako saioa. Ez da erabat laua, beraz, Contador eta Kreuziger bezalako txirrindularientzat egokia izan daiteke gainontzeko faboritoak ahaztu gabe.
Astelehenean jokatu den etapan 201,5 km burutu beharko dituzte. Etapa hau esprinterrentzat egokia da, beraz, ezustekorik ezean, esprinterren arteko lehen lehia ikusiko genuke.
Astearteko etapak ere 201 km inguru ditu, baina oraingo honetan etapa amaiera aldera 3. mailako bi mendate sartu dituzte eta honek, beharbada, iheslariak mugitzera anima ditzake. Hala ere, faboritoen taldeek ezingo diete denbora tarte handiegirik ateratzen utzi lasterketaren lehian jarraitu nahi badute. Continue reading “2010eko Paris-Niza lasterketari begirada bat”
Talde aski ezaguna da Caisse d’Epargne, eta tropelean sustrairik zaharrenetakoak dauzkan egitura, 1980an profesionaletan estreinatu zen Reynolds taldearen oinordekoa baita. Eta oraindik orain, bere hastapenetako filosofia eta izan berdinak dauzka: itzuli handietan erreferentzia izatea.
Horixe berretsi baino ez du egiten euren buru eta izar handia den Alejandro Valverde hiru asteko gizon izatera bultzatzeak. Iazkoan azkenik Espainiako Itzulian gailentzea lortu zuela, aurten Paris-en podiuma zapaltzeko asmo betean da. Zale asko eta asko dira murtziarrarentzat helburu zailegia dela pentsatzen dutenak (ni neu euren artean), baina egia da bestalde palmaresa ederki loditurik duela, huts egiteak horrenbeste kalterik egingo ez liokeela.
Alabaina, bere aurreneko koxka, gogorrena akaso, ez du Rotterdam-eko atariarekin izango espainiarrak, ez eta aurreko lasterketekin egin beharreko prestakuntzan, oraindik Puerto Operazioarekin izan zuen ustezko loturak justiziaren aurrera deklaratzera eraman duen auziagatik baizik. Eta epaiaren zain, espainiarraz gain, talde osoa egongo da, zalantzarik gabe. Horri gainera multzoaren etorkizuna kolokan egotea gehitu behar zaio, orain egun gutxi jakin baitzen ofizialki euren babesle nagusiak ez duela eurekin jarraituko.
Ez da justua taldea Valverde-rekin hasteaz batera bukatu egiten dela esatea, nazioarteko multzorik sendoenetakoa baita Caisse d’Epargne, baina zutabe aldaezina da euren liderra, zalantza izpirik gabe, eta bere inguruan altxatzen da gainerako egitura; euren mesedetan jardun ahal izateaz gain espainiarraren alde lan egin ohi duten txirrindulariz josia dago talde nafarra. Salbuespenetako bat, beren bigarren erreferentzia den Luis León Sánchez da. Eta kasu honetan ere, bere indarrak eta lasterketan azaldutako jokaerak besterik iradoki balezakete ere (berriki lehiatutako Down Under-eko Tourrean erdietsitako etapa garaipena horren lekuko), hiru astetako gizon bilakatzeko asmotan dira Eusebio Unzue eta konpainia. Txirrindulari ausart bezain ikusgarria; ikusteke da oraindik sabaia non ote duen.
Eta ia horrarte ailegatzen da Caisse d’Epargne-k bete lezakeen espektroa. Taldeak askoz gehiago dauka, baina itzulietan maila ematen duen profila betetzen duena ia bere osotasunean. Batzuk talde buru izateko aukeraren batekin, beste batzuek ia bat bera ere ez. Hurrengo mailan, progresioagatik baino ez bada ere, Rigoberto Uran kolonbiar gazte dohatsua aurki genezake, oraindik nazioarteko erreferentzia izan gabe, izar handia izateko ezaugarriak izan badituena. Mauricio Soler herkidea ere Giroan gizon garrantzitsu izateko fitxatuko zuten seguru asko, eta berarekin batera, ondo bidean Juanjo Cobo-k ere, bere talentuari erreparatuz gero behintzat, behar luke leku batean edo bestean lider izateko aukerarik. Italian beste buru bat David Arroyo izango dela pentsa liteke, azkeneko urteotako ohiturari jarraiki, nahiz eta gerora bestelako eginkizunak ezarriko dizkioten.
Aurrez aipatutako batzuk (Uran eta Rojas kasu) ere oraindik gazteak badira ere, alor honetan zailtze bidean diren beste gizon batzuk ere aipatu behar dira. Hauen artean, Rui Costa portugaldarra da esanguratsuena, iazkoan ezertan bereziki nabarmendu gabe eremu guztietan ongi molda daitekeela erakutsi zuena. Gizon indartsua izateaz gain, erlojuaren aurkakoan sendoa, mendian gora ez da gaizki moldatzen, hortaz aurten derrigorrean jarraitu beharreko gizonetako bat dugu. Costa Ricako Andrey Amador-ek ere hasiera batean antzeko txirrindularia dirudi, nahiz eta bere garapenak motelagoa dirudien, Ãngel Madrazo espainiarrarekin gertatzen den bezalaxe.
Esan bezala, tropeleko talderik indartsuenetakoa da Caisse d’Epargne, bai banan-banan zein talde gisa hartuta. Alabaina, Martxoa aldera jakingo den epaiak esango du taldeak bide beretik jarraituko duen, multzo handi xamarra Valverde-ren eginkizunetara kateaturik dela, edo guzti horiek beren aukerak jorratzeko modurik izango duten. Bigarren kasu honetan, epaiak Valverde errudun joko balu alegia, Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno jada taldean ez izatea, Oscar Pereiro-z gain, antzemango lukete seguru asko, kataluniarraren kasuan batik-bat. Badaezpada, iazko Espainiako Itzuliko garailea denboraldi hasieran ohikoa baino gehiago lehiatuko dela dirudi. Hortik aurrerakoak, ikusi behar. Edozein kasutan ere, Unzue-renek ez dute lo hartzerik, ez inongo gertakariren zain egoterik, egiturak bere horretan jarraituko badu.
Galdera ikur ugari beraz aurtengoan taldearen inguruan. Erantzunak, datozen hilabeteotan.
Multzo honetatik lau lagun hartu behar dira, eta badago non aukeratu; hori dela eta, hainbat izen hartu eta hiru zatitan banatuko dut nire pronostikoa: sailkapen nagusian aurrean egon daitezkeenak, esprintetan ager daitezkeenak eta etapa ehiztariak. Asko geratuko zaizkit kanpoan, baina lehiaketari begira puntuak batu ditzaketen ziklista nagusiak aipatuko ditut.
Sailkapen nagusiari begira:
Luis Leon Sanchez (CAISSE): 26 urteko espainiarra. Iaz 7. etapa irabazi zuen Tourrean. Mediterraneoko Itzulia eta Paris-Niza irabazita da aurten, eta etapa bat Tour de Haut Var-en, beste bat Paris-Nizan eta beste bat Euskal Herriko Itzulian. Multzo honetako izarra dela esango nuke, taldeko liderra, Tour ederra egiteko moduan ikusten dut, eta baita Tropelakideok ere, oraingoz %50ek hartu dute-eta. Gauza bat du kontra: orain arte, hiru asteko itzulietan ez du ezer egin sailkapen nagusian, eta hori kontuan hartzekoa da.
Linus Gerdemann (MILRAM): 27 urteko alemaniarra. Bayern-Rundfahrt Itzuliko sailkapen nagusia irabazi zuen maiatzean, baina Suitzako Itzulian ez zen fin ibili. Sailkapen nagusia lehiatzeko asmoz doa Tourrera, baina adierazi du ez dakiela ze sasoi puntutan dagoen. Lehenengo 15en artean sailkatzeko moduko ziklista da.
David Millar (GARMIN): 32 urteko eskoziarra. Dauphine Libereko sailkapen nagusian 9. izan zen, mendiko etapetan nahiko aurrean ibilita. Giroa korritu du. Horretaz aparte, ez du gauza handirik egin aurten. Oso talde indartsua dauka taldekako erlojuperako, eta, kontuan hartuta Tourrean ez dela beste urte batzuetan besteko mendate gogorrik izango, lehenengo hamarren artean sailkatzea izan lezake helburu. Hala ere, haren urte onenak pasa ziren, zigor aurrekoak. Eta Vande Velde du taldeburu.
Gaurko etaparen ondoren, Contador da hautagai nagusia itzulia irabazteko. Zapatuko Zallako erlojupekoan (24 km) erabakiko da podiuma, eta lehia horretarako zazpi lagun daude: Contador, Samuel Sanchez (8 segundora), Evans (8 seg.), Colom (8 seg.), Cunego (27), Gesink (32) eta Luis Leon Sanchez (35). Izan ere, Kreuziger, Nibali, Casar eta Joaquim Rodriguezek 54 segundoko atzerapena dute eta Rogersek 1:11koa. Horiek ez dute zereginik podiumerako lehian.
Aurten, hainbat erlojupeko izan dituzte jokoan. Paris-Nizako lehen etapan (9,3 km) Contador bera nagusitu zen; Luis Leon Sanchez 3.a izan zen (9 seg.), Colom 8.a (19 seg.), Evans 19.a (31 seg.) eta Samuel Sanchez 25.a (38 seg.). Algarven, 4. etapan 33,7 kilometroko erlojupekoa izan zuten eta hura ere Contadorrek irabazi zuen; Colom 10.a izan zen (1:27ra) eta Cunego 36.a (3:11ra). Gaztela eta Leonen, 2. etapan 28,2 kilometroko erlojupekoa izan zen eta Contador 2.a izan zen, irabazle Leipheimerrengandik 16 segundora. Tirrenon, 5. etapan 30 kilometroko erlojupekoan, Gesink 6.a izan zen, irabazle Klödenengandik 40 segundora. Kalifornian, Gesink 13.a izan zen, irabazle Leipheimerrengandik 1:15era.
Nire iritziz, Contador-Evans-Samuel Sanchez izango da podiuma, eta Colomek eta Luis Leon Sanchezek dena eman beharko dute podiumera inguratu gura badute. Cunegok eta Gesinkek, berriz, lehenengo hamarren artean sailkatzearekin nahikoa izango dute. 32 minutu inguruan ibiliko da erlojupekoaren irabazlea.