Herreroren garaipen ederra!

David HerreroAurreko egunetan erakutsi zuen bai garaipen goseak jota zebilela bizkaitarra; aurreko bi etapatan hirugarren postuan sailkatu eta gero, Vianako helmugan bera izan da lehena gaurkoan. Garaipen handia, batez ere ikusita nortzuri gailendu zaien: Bettini eta Luis Leon Sanchezi hain juxtu.

Gustora azaldu da Karpin-Galiziako txirrindulari euskalduna komunikabideen aurrean. Dagoeneko helburua lortu duela zioen. Izan ere gogoratu beharra dago Karpin-Galizia ez dela ProTourreko taldea eta gonbidapen bati esker dagoela itzulian.

Baina Herrerok guztia eman al du? Ez dakit ba! Ez da ahaztu behar erlojuaren aurkako txirrindulari aparta dela eta beharbada kontuan hartu beharko genukeela larunbateko etapari begira. Egia da Orioko erlojupekoko ibilbidea ez dela bere ezaugarrietarako aproposena, baina ezustekoren bat eman dezakeelakoan nago. Hori bai, ez dut uste itzulia irabazteko bestekoa izango litzatekeenik, baina bai beharbada podiumean sartzeko.

Erakustaldi aparta ematen ari da David, zalantzarik ez. Baina ez al zen ba Euskaltel-Euskaditik alboratua izan maila ematen ez zuelako? Niri behintzat zer pentsatua ematen dit.

Argazkilaria: cyclinginside.com