2010eko Paris-Niza lasterketari begirada bat

2010eko Paris-NizaAurtengoa 68. edizioa izango du lasterketa Frantziarrak eta lehena izango da Tropela.net webgunean lehiatzeko moduan  izango dena. Lasterketa hau 8 etapaz osatuta dago eta Tourrera joateko gonbidapena behar dutenek (BMC, Cervélo, Katusha, Vacansoleil,…) erakusleiho hau ezinbestean aprobetxatu beharra dute.

Bihar jokatuko da lehen etapa, 8 kilometrotako erlojuaren kontrako saioa. Ez da erabat laua, beraz, Contador eta Kreuziger bezalako txirrindularientzat egokia izan daiteke gainontzeko faboritoak ahaztu gabe.

Astelehenean jokatu den etapan 201,5 km burutu beharko dituzte. Etapa hau esprinterrentzat egokia da, beraz, ezustekorik ezean, esprinterren arteko lehen lehia ikusiko genuke.

Astearteko etapak ere 201 km inguru ditu, baina oraingo honetan etapa amaiera aldera 3. mailako bi mendate sartu dituzte eta honek, beharbada, iheslariak mugitzera anima ditzake. Hala ere, faboritoen taldeek ezingo diete denbora tarte handiegirik ateratzen utzi lasterketaren lehian jarraitu nahi badute.

Esan daiteke asteazkenean jokatuko den laugarren etapan hasiko dela lasterketa erabakitzen. 208 kmtako etapa honetan, 3. mailako hiru mendate eta 2. mailako beste hiru pasa beharko dituzte. Faboritoen arteko lehen lehia hemen ikus genezake.

Ostegunekoa izango da edizio honetako etapa erregina. 173,5 kmtako etapa hau 1. mailako mendatean amaitzen da, Menden hain justu. Osteguneko etapan mugimendurik izaten ez bada, seguru etapa honetan faboritoa mugitu beharra izango dutela garaipena nahi badute.

Ostiraleko etapan 2. mailako mendate bat izango dute eta ondoren beste 3. mailako hiru pasa beharko dituzte. Etapa honek duen hasiera ikusita, iheslarientzako etapa aproposa izan daiteke. Hori bai, ihesaldiak etapa garaipena lortzea nahi badu sailkapen nagusian atzealdean dauden txirrindulariek osatutako tropeltxoa beharko du izan lidergoa duen taldeak bestela ihesaldia ez baitu baimenduko.

Lasterketa honetan sailkapen nagusian ez dut uste denbora tarte handirik izango direnik sailkapeneko lehen postuetan. Hori horrela izanik, azken eguneko erlojupekoaren bezperan, faboritoen beste aukera bat izan dezakete etapa honetan. Etapa amaierarako 13 km ingururen faltan 1. mailako mendate bat izango dute eta hor mugimenduak egon daitezke. Abantaila izango dute azken 13 km hauetan jaisten abilak diren txirrindulariak, Samuel Sanchez kasu.

Azken etapa Nizan jokatuko da orain arte egin den bezala. Azken etapa 119 kmtakoa da eta 1. mailako hiru mendate igo beharko dituzte, horien artean Col de la Porte. Mendate hau igotzeko 1000 metroko desnibela igo beharko dute txirrindulariek. Aurrez aipatu bezala, denbora tarte handiak ez dira espero sailkapeneko lehen postuan, beraz, azken etapa honetan edizio hau irabazi nahi duenak ezingo du hutsik egin.

Pronostikoren bat egiteko orduan, zuekin bat nator. %90,2ak Contadorren aldeko apustua egiten du. Nik ere garaile garbitzat jotzen dut bere helburuetako bat baita. Gainera Algarveko Itzulia ere irabazi du berriki eta sasoi onean datorrela iruditzen zait. Hala ere ezingo dira ahaztu iazko garaile izan zen Luis Leon Sanchez edo Valverde taldekidea.  Ez dakit Murtziakoak zein asmo duen, lehiatu ala Luis Leoni lagundu. Lasterketak esango digu. Kreuziger ere sasoi onean datorrela uste dut Cerdeñako lasterketa irabazi berritan.

Jarraitzaileak beharbada faborito nagusi hauengan ari zarete oinarritzen nagusiki. Hala ere, isil isilean, zeresan handia eman dezakeen izen bat aipatu nahiko nuke: Chavanel frantziarra. Quick Stepeko txirrindulariak ez du gainontzeko faboritoek besteko presiorik eta horrek asko lagun dakioke, zalantzarik gabe lasterketaren lehian aritzeko ezaugarriak dituen txirrindularia dela uste baitut.

Euskaldunei dagokionean ez dut faborito garbirik. Iaz Juanma Garate izan lehen euskalduna sailkapen nagusian 14. postuan sailkatuta. Aurtengoan ez doa Paris-Niza lehiatzera, beraz, Egoi Martinez eta Beñat Intxausti jarriko nituzke zerrendan lehenak. Romain Sicard nola arituko den ikusteko gogoa ere badut, baina ez dut uste kontutan hartu beharko genukeenik hasiera batean behintzat. Hobe oker banaiz!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.