Frantziako Tourra. Multzoen analisia (VI). Besteak

Multzo honetatik lau lagun hartu behar dira, eta badago non aukeratu; hori dela eta, hainbat izen hartu eta hiru zatitan banatuko dut nire pronostikoa: sailkapen nagusian aurrean egon daitezkeenak, esprintetan ager daitezkeenak eta etapa ehiztariak. Asko geratuko zaizkit kanpoan, baina lehiaketari begira puntuak batu ditzaketen ziklista nagusiak aipatuko ditut.

Sailkapen nagusiari begira:

Luis Leon SanchezLuis Leon Sanchez (CAISSE): 26 urteko espainiarra. Iaz 7. etapa irabazi zuen Tourrean. Mediterraneoko Itzulia eta Paris-Niza irabazita da aurten, eta etapa bat Tour de Haut Var-en, beste bat Paris-Nizan eta beste bat Euskal Herriko Itzulian. Multzo honetako izarra dela esango nuke, taldeko liderra, Tour ederra egiteko moduan ikusten dut, eta baita Tropelakideok ere, oraingoz %50ek hartu dute-eta. Gauza bat du kontra: orain arte, hiru asteko itzulietan ez du ezer egin sailkapen nagusian, eta hori kontuan hartzekoa da.

Linus Gerdemann (MILRAM): 27 urteko alemaniarra. Bayern-Rundfahrt Itzuliko sailkapen nagusia irabazi zuen maiatzean, baina Suitzako Itzulian ez zen fin ibili. Sailkapen nagusia lehiatzeko asmoz doa Tourrera, baina adierazi du ez dakiela ze sasoi puntutan dagoen. Lehenengo 15en artean sailkatzeko moduko ziklista da.

David Millar (GARMIN): 32 urteko eskoziarra. Dauphine Libereko sailkapen nagusian 9. izan zen, mendiko etapetan nahiko aurrean ibilita. Giroa korritu du. Horretaz aparte, ez du gauza handirik egin aurten. Oso talde indartsua dauka taldekako erlojuperako, eta, kontuan hartuta Tourrean ez dela beste urte batzuetan besteko mendate gogorrik izango, lehenengo hamarren artean sailkatzea izan lezake helburu. Hala ere, haren urte onenak pasa ziren, zigor aurrekoak. Eta Vande Velde du taldeburu.

David Arroyo (CAISSE): 29 urteko toledoarra. Giroa egin du eta 11. sailkatu da. Mendate gogorragoak behar omen zituen aurrerago egoteko; hortaz, ikusita Tourreko mendateak, jai du Arroyok aurrenekoen artean sailkatzeko. Hala ere, horrelako ziklistekin argi ibili behar da, ihesaldietan sartuta sailkapen nagusi polita egin lezake-eta.

Tony Martin (COLUMBIA): 24 urteko alemaniarra. Suitzako Itzulian etapa bat, Nazioarteko Kriteriumean beste bat eta Bayern-Rundfahrt Itzulian beste bat. Suitzako Itzuliko sailkapen orokorrean 2., eta beste hainbat postu on ditu. Ikusgarria da ziklista honek egin duena. Maila horri eutsiko dio –Columbiak orokorrean– Tourrean? Lehenengo proba Monakon du, erlojupekoan.

Tony Martin

David Zabriskie (GARMIN): 30 urteko estatubatuarra. Erlojupekoan espezialista, Kaliforniako Itzulian 2. sailkatu zen eta Gaztela eta Leongo Itzulia 3. amaitu zuen. Giroa egin du, eta askok diote Tourra prestatzeko erabili duela. Ikusi besterik ez dago Giroan 81. postua izan zela Zabriskieren postu onena, 21. etapan izan ere. Millarrekin komentatu dudanak ere balio du Zabriskierendako ere.

Sandy Casar (FDJ): 30 urteko frantziarra. Iaz 14.a izan zen Tourrean. Aurten, bigarren izan da Romandiako Itzuliko aitzinetapan eta 3. Etoile de Bessegesko 4. etapan. Emaitza kaskarrak ditu 2009an, baina beti agertzen da Tourrean, etapak lehiatzen eta sailkapen nagusian lehen 15en artean sartzeko hautagai sendoa da.

Maxime Monfort (COLUMBIA): 26 urteko belgikarra. Bayern-Rundfahrt Itzuliko sailkapen nagusian bigarren izan zen, Gerdemannen atzetik. Nazioarteko Kriteriumean 4. izan zen. Ziklista erregularra da, baina ez dut ikusten lehenengo 10en artean sailkatzeko moduan; beste taldekide batzuk izango ditu aurretik, eta lan ere egin beharko du. Ala askatasuna emango diote ihesaldietan sartzeko?

David Moncoutie (COFIDIS): 34 urteko frantziarra. Dauphinen eta bat irabazita da aurten, eta mendiko sailkapena. Mediterraneoko Itzulian ere etapa bat irabazi zuen. Gorabehera handiko gizona da, eta Tourrean etapa bat eta mendiko sailkapena irabaztea du helburu. Baina ihesaldien bidez, aurrean ibil liteke Tour bukaeran. Erlojupekoak ditu aurka.

Esprintei begira, berriz, ez dago izen handirik multzo honetan, eta daudenak beste ailegaera mota batzuetan ibiltzen dira aurrean:

Alessandro Ballan (LAMPRE): 30 urteko italiarra. Lesionatuta egon da orain dela gutxi arte. Suitzako Itzulian izan zen. Tourrean ez du aukera askorik izango (Bartzelonakoa-edo), ez da-eta esprinter purua. Gainera, taldean Furlan eta Bandiera daude, eta horiek dira esprinter puru-puruak; ala bi horiek egingo dute lan Ballanendako? Hor dago koska.

Rinaldo Nocentini (AG2R): 32 urteko italiarra. Kaliforniako Itzulian etapa bat irabazita da aurten. Tourreko esprintak puru-puruak izaten dira, eta Nocentinik ez du aukera askorik izango, ez bada ihesaldietan sartuta-edo.

Nicolas Roche (AG2R): 25 urteko irlandarra. Irlandako txapelketa irabazi berri du. Iaz Espainiako Itzulian izan zen, eta 13.a izan zen sailkapen nagusian. Ez da geldi egotekoa Roche, talentu handia du eta gizon azkarra da.

Etapa ehiztariak: guztietan zabalena da etapa ehiztarien zerrenda, baina hainbat izen nabarmenduko ditut.

Sylvain ChavanelSylvain Chavanel (QUICK): 30 urteko frantziarra. Multzo honetako beste izarretako bat. Iaz 19. etapa irabazi zuen Tourrean. Aurten, Paris-Nizako 3. etapa irabazita da eta sailkapen nagusian 3. izan zen. Algarveko Itzulia 2. bukatu zuen, Frantziako erlojupeko txapelketan ere bigarren izan da, Mallorkako Challengea 4. bukatu zuen eta beste hainbat postu ditu lehen hamarren artean. Ziklista lehiatsua benetan. Berez erlojuz kontra doa ondoen, baina badaki bere aukerak aprobetxatzen beste etapa batzuetan ere. Luis Leonen antzera, %54k aukeratu dute Chavanel.

Cyril Dessel (AG2R): 35 urteko frantziarra. Iaz izan zuen bere bizitzako urtea: 16. etapa Tourrean, beste bat Dauphinen, beste bat Katalunian eta beste bat Dunkerken. Aurten, ikusi ere ez dugu egin. Baina agertuko da Tourrean, ziur egon.

Pierrick Fedrigo (BOYGUES): 31 urteko frantziarra. Aurten etapa bat irabazita da Dauphinen eta beste bat Dunkerken. Ihesaldiak hartzen oso abila da. Talde horrek ihesaldiak harrapatu beste zereginik ez du Tourrean, eta Fedrigo espezialista da, Voeckler eta Trofimov taldekideak bezala.

Thomas Voeckler (BOYGUES): 30 urteko frantziarra. Aurten, Etoile de Besseges eta Tour de Haut Var (azken etapa irabazita) probetan lehena izan da sailkapen nagusian eta Igotzaileen Trofeoa irabazi du. Lehenengo etapatik bertatik ikusiko ditugu Voecklerren keinu adierazgarriak eta haren mugimenduak. Garaipen asko ditu profesionaletan (21), eta a ze hirukotea duen Boyguesek ihesaldiak hartzeko –eta hartuko dituzte, seguru egon–: Voeckler, Fedrigo eta Trofimov.

George Hincapie (COLUMBIA): 36 urteko estatubatuarra. Ziklista beteranoa. Rogers edo Kirchenendako lan egin beharko du garai baten esprinterra izan zenak. Aurten ez du emaitza nabarmenik. Tour asko ditu hanketan, eta bere aukera izango du etaparen baten.

Yuri Trofimov (BOYGUES): 25 urteko errusiarra. Euskal Herriko Itzulian etapa bat irabazita da aurten, eta postu asko ditu lehenengo hamarren artean. Badaki ihesaldi onak hartzen, baita irabazten ere.

Peter Velits (MILRAM): 24 urteko eslovakiarra. GP du canton d’Argovie irabazita da aurten eta Suitzako Itzulian aurrean ibili da hainbat etapatan.

Serguei Ivanov (KATUSHA): 34 urteko errusiarra. Aurten Amstel Gold Race irabazita da, baita Belgikako Itzuliko etapa bat eta Errusiako Txapelketa. Urte ederra du hark, baina taldeak belarrondoko asko jaso ditu dopin kontuengatik.

Jens Voigt (SAXO BANK): 38 urteko alemaniarra. Nazioarteko Kriteriuma irabazita da aurten, eta etapa bat bertan. Dagoeneko 70 garaipen ditu profesionaletan, eta Tropelakide askok hartzen dute urtero. Erlojupekoetan eta ihesaldietan sartuta puntu batzuk batuko ditu, baina lana beltz ere egin beharko du taldeko liderrendako.

Fabian Wegmann (MILRAM): 29 urteko alemaniarra. Hau ere ez da geldirik egotekoa. Aurten Eschborn-Frankfurt City Loop proba irabazita da. Gerdemann, Velits eta Ciolekekin, talde polita dauka Milramek.

Arriskatzea ere badago, etorkizun polita izan dezaketen hainbat gazte ere badago-eta, 23-24 urtekoak: Hivert (SHIMANO), Rolland (BOYGUES), Bouet (AGRITUBEL), Coppel (FDJ) eta Ladagnous (FDJ), besteak beste.

Nik neuk ez daukat erabakita ze lau hartuko ditudan, azkeneko momentuan hartzen baitut erabakia, baina Luis Leon Sanchez (CAISSE), Chavanel (QUICK), Tony Martin (COLUMBIA) eta Moncoutie (COFIDIS) izango dira, seguruenez.

ARGAZKIAK: Sirotti, AFP Photo, ISPA, TDWS Sport, Graham Watson