Paris-Niza 2010 lan erditan?

Contador lider berria Paris-NizanNire iritzian, gaur hasi da Paris-Niza irabazteko lehia. Ez nuen oso garbi gizonik indartsuenak zeintzuk izango ziren Contador salbu. Gaurkoan Contadorrek lasterketa irabazi nahi duela argi utzi du eta orain arte genituen zalantza batzuk argitzen doaz.

Igandeko erlojupekoan Boomek ezustekoa emanda irabazi zuen eta lidergoa lortu. Berak ere hala aitortu zuen. Voigtek era lasterketaren lehian aritzeko zantzuak eman zituen egun hartan, eta garaipenaren lehia horretan, atzoko etapan lidergoa eskuratzea lortu zuen Boomen kaltetan.

Asteleheneko etapa Hendersonek irabazi zuen mozketa baten ondoren esprintean. Sky taldeko txirrindulariak esprinter onenen artean izateko gai dela erakutsi digu.

Asteartean beste esprint bat jokatu zen. Oraingoan tropelean jokatu zen, baina faboritoen artean Greipel, Bozic edo Haussler bagenituen, Bonnet frantziarra izan zen ezustekoa eman zuena.

Atzokoan ere beste txirrindulari batek eman zuen ezustekoa: Sagan, Liquigaseko txirrindulari gaztea. Igandeko prologoan ere bikain aritu zen  5. sailkatuz. Atzoko garaipenaren ostean eta gain-sari eta denbora tarteei esker, sailkapen nagusian bigarren postuan jarri zen 20 urteko esloveniarra. Aurrerantzean kontutan hartu beharreko txirrindularitza zalantzarik gabe.

Gaurkoan, berriz, faboritoen txanda zen Mendeko gainean bukatzen zen etapa honetan. Contadorrek iazko txakal aldia gogoan, aurtengoan garaipenari ez dio ihes egiten utzi nahi eta indartsuena bera dela erakutsi du. Lidergoa lortu du, baina ez du denbora tarte esanguratsurik lortu Pintokoak. Hori dela eta, bere hitzetan, Paris-Nizaren lehia gaur hasi dela argi utzi nahi izan du.

4 espainiar izan dira aurrean sailkatu direnak. Contadorren atzetik Valverde murtziarra. Ez nuen uste hain ondo ibiliko zenik, baina badirudi Caisse D’Epargneko txirrindulariak parte hartzen duen lasterketa guztietan aurrean amaitzea gustuko duela. Luis Leon Sanchez berarengandik 19 segundora sartu da, beraz, orain taldeko liderra Valverde dela argi dagoela dirudi.

Hirugarren postuan Samuel Sanchez sailkatu da. Ederki jo zigun adarra atzokoan Galdeanok. Euskaltel-Euskadiko asturiarra gastroenteritisekin zegoela zabaldu zuen komunikabideetan eta kosta egin zitzaiola etapa amaitzea. Gaurkoan hiru onenen artean dagoela erakutsi du. Gastroenteritisarekin ala gabe, hori zalantzak jartzen dut.

Katushak bere ordezkari espainiarra lehen postuetan sartzea lortu, Purito Rodriguez hain justu. Segur aski Tourrerako gonbidapenaren lehia dela eta, itxura ona emate aldera, agindu garbiak izango zituen Caisse D’Epargneko txirrindulari ohiak.

Sailkapen nagusiari begira, Contador, Valverde eta Kreuziguerrek osatzen dute podiuma oraingoz. Lehen euskalduna Romain Sicard da, 24. postuan Contadorrengandik 1’45”era.

Biharko etapa faboritoentzat trantsizio etapa izango dela irizten diot. Biharkoan etapa ehiztariei dagokie garaipenaren bila aritzea, larunbat eta igandeko etapetan faboritoen artean lehia izango baita eta zail izango baitute gainontzekoek etapa garaipena lortzea.

Argazkia: www.letour.fr

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.