Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

#391 Tropela.eus podcastak: 2020ko Paris-Niza eta koronabirusa

Berriro ere Iban Perez (@piban), Imanol Llucia (@imanolllucia) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira podcast honetan 2020ko Paris-Nizak eman duena, eta nola ez, ezinbestean koronabirusa izaten ari den eragina gizarte osoan, eta guri dagokigunez, txirrindularitzan.

#307 Tropela.eus podcastak: 2019ko Strade Bianche

Urteko estraineko podcast honetan Imanol Llucia (@imanolllucia), Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) aritu dira solasean denboraldiko eta Tropelan estrainekoz izango den Strade Bianche, emakumezko eta gizonezkoen, klasikoen analisia egiten. Emakume eta gizonezkoen lasterketak berdintasunez tratatzeko aldarria egiteaz gain, kinielei errepasoa egiten diete. Ahaztu gabe webgune berria duela Tropelak martxan, nahiz eta oraindik guztiz amaituta ez dagoen.

Tiesj Benoot – izar baten lehen urratsak

Tour of Flanders UCI WorldTour 2015 cycling race

Harbideen garaia amaitu da. Txirrindulari, auto eta zaletuen zarata eta hotsak Frantzia iparraldeko zelai amaigabeen artean desagertu dira. Denboraldia aurrera doa eta harbideak hutsik geratu dira, datorren neguan txirrindulariak noiz itzuliko. Klasikoek eman dutenaren inguruan errepasoa egiteko momentua heldu da. Goiburu handiak utzi dizkigute aurten ere. Esprinterren udaberria izan da, duda barik. Kristoff eta Degenkolb. Degenkolb eta Kristoff. Historia egin dute biek. Kristoff De Ronde Van Vlaanderen irabazi zuen lehen norvegiarra bihurtu zen. Degenkolb aldiz urte berean Milano-Sanremo eta Paris-Roubaix irabazi dituen hirugarren gizona izan da. Azkar esaten da gero. Aurrez Sean Kellyk, 1986an, eta Cyrille van Hauwaertek, 1908an, soilik lortu zuten. Txirrindularitzaren Olinpoan sartu da alemaniarra.

Continue reading “Tiesj Benoot – izar baten lehen urratsak”