Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

#328 Tropela.eus podcastak: 2019ko Italiako Giroa errepasoak – 13. etapa

Bigarren etapa menditsua gaurkoa eta ikuskizuna izan da. Ihesaldi jendetsuan Cicconek (TFS) mendiko sailkapeneko lidergora berreskuratu du eta bertan zen Zakarinek (TKA) etapa garaipena lortu du sailkapen nagusian podium postuetan jartzearekin batera. Pena, baina Mikel Nieve (MTS) ez da gauza izan errusiarraren erritmoari eusteko eta bigarren sailkatu da. Aldiz, hirugarren Mikel Landa (MOV) urrutitik erasoa jo ondoren. Dagoeneko lehen 10 postuetan sartu da Murgiako txirrindularia. Galtzaileen artean Simon Yates (MTS) eta Miguel Angel Lopez (AST) izan dira, azken honek matxura baten erruz. Hau guztia eta gehiago mini podcast honetan duzue entzungai Egoitz Lizasoren (@elizaso) eskutik.

Aurre analisia:12. etapa, Lannemezan / Plateau de Beille (195 km)

etapa 12

Pirinioetako azken etapa, etapa erregina. Etapa benetan gogorra, ibilbide gorabeheratsua, sailkapen nagusiko txirrindularientzat eginiko etapa handia. Ihesaldia saiatuko da bere bidea egiten, eta nahiz eta bere aukerak izango dituen, normalena, sailkapen nagusiko txirrindularien artean etapa garailea izatea. Mendiko mailotaren sailkapena irabazi nahi duenarentzat ere etapa garrantzitsua izango da hau; 2º mailako mendate bat, 1º mailako 2 mendate eta kategoria bereziko azken igoera igo beharko dituztelako, puntu asko jokoan alegia. Continue reading “Aurre analisia:12. etapa, Lannemezan / Plateau de Beille (195 km)”

Aurre analisia: 11. etapa: Pau/Cauterets (188 km)

etapa 11Atzoko etaparen ostean, hona hemen Pirinioetako bigarren etapa handia. Hurrengo etapa benetan etapa mendatetsua izanik eta ibilbidearen ezaugarriak ikusirik, ihesaldi batek aukera bikaina izan dezake helmugara iristeko. Hasiera hasieratik ihesaldi indartsu bat antolatzeko aukera egongo da eta txirrindulari arriskutsu bat sartu ezean, ez dugu uste SKY-k intentzio handirik izango duenik ihesaldia zapuzteko.

Lehen mendate serioa, Col d’Aspin izango da, 12 km 6,5%ko 1º mailako mendatea. Gaina helmugatik 50 km-tara dagoenez, ihesaldiak bertan lor dezake abantaila. Sailkapenean urrun dauden igotzaile politek ihesaldia harrapatzeko helburuarekin irtengo direnez, goi mailako ihesaldi bat espero dugu. Gerora, aski ezaguna den Tourmalet (17,1 km 7,3%) handia igo beharko dute txirrindulariak, etapa garaipenaren jokoan epaile bihurtuko den mendate gogorra (Hors Category), goranzkoan ez bada, beheranzkoan. Tourmalet gaina helmugatik 40 km-tara pasako dute, gerora jeitsiera luzea izango dutelarik (31 km), Cautereteko (6,4 km, 5%) azken 7 km-ak egin arte. Continue reading “Aurre analisia: 11. etapa: Pau/Cauterets (188 km)”