Tiesj Benoot – izar baten lehen urratsak

Tour of Flanders UCI WorldTour 2015 cycling race

Harbideen garaia amaitu da. Txirrindulari, auto eta zaletuen zarata eta hotsak Frantzia iparraldeko zelai amaigabeen artean desagertu dira. Denboraldia aurrera doa eta harbideak hutsik geratu dira, datorren neguan txirrindulariak noiz itzuliko. Klasikoek eman dutenaren inguruan errepasoa egiteko momentua heldu da. Goiburu handiak utzi dizkigute aurten ere. Esprinterren udaberria izan da, duda barik. Kristoff eta Degenkolb. Degenkolb eta Kristoff. Historia egin dute biek. Kristoff De Ronde Van Vlaanderen irabazi zuen lehen norvegiarra bihurtu zen. Degenkolb aldiz urte berean Milano-Sanremo eta Paris-Roubaix irabazi dituen hirugarren gizona izan da. Azkar esaten da gero. Aurrez Sean Kellyk, 1986an, eta Cyrille van Hauwaertek, 1908an, soilik lortu zuten. Txirrindularitzaren Olinpoan sartu da alemaniarra.

Eta horrenbeste goiburu garrantzitsuren artean agian horren garrantzitsuak ematen ez duten beste batzuk utzi dizkigute azken asteetako lasterketek. Tiesj Benooten (Gent, 1994) agerraldia horien artean. Lotto-Soudaleko neoprofesionala, ordurarte egiten ari zuen denboraldi hasiera bikainari jarraipena emanez, 5. izan zen Oudenaardeko helmugan, zaletuak aho bete hortz utziaz. 2002ko Roubaixen Boonenek lortu zuen 3. postuaz ez geroztik debutari batek harbideetako monumentu batean lortu duen posturik onena da. Idazten duen honek konparazioak ez ditu oso gustuko baina hor uzten dut datua.

Lottoren harrobian garatutako ekonomia ikasle honek benoot_belgiquedirectvelocom_Bordea harbideetako klasikomanoa baino zeozer gehiago izateko kapaz dela erakutsi zuen 23 urtez azpikoetan: muinoetan eta mendateetan onenen pare ibiltzeko gai ere bada: 5. Flèche Ardennaisen, 5. 23 urtez azpikoen Liège-Bastogne-Liègen, 2. Le Triptyque des Monts et Châteauxen eta 3. Ronde de l’Isarden, bere taldekide izaten jarraitzen duen Vervaekeri lasterketa irabazten lagundu ostean, besteak beste.

Taldean oraindik ez dute guztiz argi nondik bideratuko duten, baina berak esan du Ardenetako klasikoak ere frogatu nahi dituela hurrengo denboraldiren batean. Argi dago gaitasuna baduela. Lotto-Soudal taldean presiorik gabe garatzeko aukera izango du baina ikusteke dago bere inguruan sortu den ikusmina nola kudeatzen duen. Momentuz eroso dirudi. Elkarrizketa batean aipatzen zuen nola tropelean jada errespetua irabazten ari duen: Dwars door Vlaanderen ondoren Vanmarcke bera berari zoriondu eta hizketan aritzera hurbildu zitzaiola adibidez gisa jarriz. Okerrik ezean Benootek datozen urteetan udaberriko arratsalde bikainak eskainiko dizkigulakoan nago.

 

Argazkiak: PhotoNews (www.lottosoudal.be) eta Mario Varreware (www.belgique.directvelo.com)