Ezusteko handiak ematen dituen kirola da. Hori esan ohi dugu txirrindularitzari buruz, eta gaur, beste behin, bere izaera erakutsi du kirol horrek. Azken egunean, azken unean, argitu dira podiumera igo diren gizonen izenak. Erlojupeko luzea, eta, gainera, azken etapa: aproposa guztiok hankaz gora jartzeko. Besterik gabe, azkenean, Contadorrek (TCS) astelehenean erdietsi zuen postuari eutsi dio, azken egunetan ahul sentitu dela aitortu duen arren. Ez da, gainera, nolanahiko garaipena izan, askotxo baitira 49 segundo sailkapen nagusirako. Badakizue 49 segundotan, gutxi gorabehera, 200 ume jaiotzen direla munduan? Hori, beraz.
Etiketa Artxiboak:Contador
Protagonismo kontua
Txirrindulari askok protagonista izan nahi zuten atzo. Ihesaldi potoloa osatu zen etapako lehenengo zatian, sarrera-irteera askorekin. Sailkapen orokorreko gizonek protagonismoa bereganatu zuten geroago, azken igoeran, baina azkarregi galdu zuten. Gutxi iraun zuen euren momentuak. EITBko moto gidari bat ere zorigaiztoko protagonista izan zen, etapa hasi baino lehen istripua izan zuelako. Zorionez, onik dago. Baina azkenean, protagonista bakarra izan zen. Hain zuzen, protagonismoa eskuratzeko aukera bakarra joan zitzaiola uste genuena: Ben Swift.
Bi esprint izan ditu aurtengo Itzuliak, eta atzokoa ia ustekabean. Egia da Oricako esprinterrik gabe aritu zela Swift, baita bost mendateren ostean irabazi duela ere. Irribarre egiteko arrazoi bat emango zion behintzat Swiftek Sky taldeari, denboraldi hasiera zalapartatsu honetan. Esan bezala, Tinkoff-Saxok eta Movistarrek, hau da, faboritoen taldeek, lanean jarri zirenean, ihesaldiaren ametsari amaiera jarri eta sailkapen orokorrari begiratzera behartu gintuzten. Hori nahi genuen, seguruenez. Baina hala ere, ezer gutxi iraun zitzaigun pozak. Hainbeste itxaron behar izaten denean…
Ocaña oroimenean
Ordiziko Barrena jauregia izan zen astelehenean Itzuliaren epizentroa, eta goiko solairuko hormak txirrindularitza argazki zaharrez horniturik zeuden. 1974ko Itzuliko argazkiez, hain zuzen ere, izan ere, orduko hartan ere Ordizitik abiatu zen gure lasterketarik garrantzitsuena. Berrogei urte ez dira alferrik pasatu. Argazki haietako batean Luis Ocaña ageri zen, sasoiko Espainiako txirrindulari onena zalantzarik gabe -Tourra eta Itzulia bera irabazi zituen aurreko urtean-. Genio handiko gizona zen Ocaña, gogorra eta oldarkorra, akaso bere haurtzaro latzak eraginda -ezin gozagarriagoa da Carlos Arribasek idatzi duen Ocaña liburua, guztiz gomendagarria ziklismo zale guztiei-. Continue reading “Ocaña oroimenean”
Tony Martinen erakustaldia Valverdek hortzak erakutsi dituen egunean
Ikuskizun ederra eskaini digu gaurkoan ere Itzuliko 2. etapak: Iparraldeko errepide bazterretan bildu diren zaletuek Tony Martinen erakustaldia bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Ziztu bizian pasa da Urdazubi inguruko zaletuen begien aurretik alemaniar txirrindularia. Beno, txirrindularia, hura zela jakin badakigulako. Ze zaldia ere izan zitekeen, edota 5etako espresoa. Hura zen abiada. Erasoa jo eta segundu bakar bat ere jateko gai ez da izan tropela, amaiera aldera, OPQSekoak hanka altxa duen arte, helmugan garaipena ospatzeko denbora lain hartuz. Gaur talde estrategia ondo baliatzen jakin dute talde belgikarrean. De Ronden egin ez zuten akats larria arintzeko balioko du, akaso.
Continue reading “Tony Martinen erakustaldia Valverdek hortzak erakutsi dituen egunean”
Gertu bai. Poltsikoan oraindik ez
Azkenean iritsi da apirilaren 7a. Euskal Herriko Itzuliko edizio berri baten hasiera eguna izan da. Lehen etapa pasa da… eta ikaragarria izan da! Gauza asko gertatu dira eta oraindik kilometro asko falta dira larunbatean Markinan azken txirrindulariak helmuga marra pasa arte. Galdera asko airean eta hurrengo egunetan erantzuten joango direnak.
Gure buruari egin diogun galdera: nahiko abantaila dauka Alberto Contadorrek sailkapen buruan mantentzeko azkeneko egunera arte? Historiak dio balentria hori lortua duela (2008ko Euskal Herriko Itzulia), baina historiak dio baita ere astebeteko itzulietan huts egin izan duela (2009ko Paris-Niza). Pistolariak beste tiro batzuk bota beharko direnean bolbora siku edo bustia izango du?