Zer esango diogu Contadorri?

Ezusteko handiak ematen dituen kirola da. Hori esan ohi dugu txirrindularitzari buruz, eta gaur, beste behin, bere izaera erakutsi du kirol horrek. Azken egunean, azken unean, argitu dira podiumera igo diren gizonen izenak. Erlojupeko luzea, eta, gainera, azken etapa: aproposa guztiok hankaz gora jartzeko. Besterik gabe, azkenean, Contadorrek (TCS) astelehenean erdietsi zuen postuari eutsi dio, azken egunetan ahul sentitu dela aitortu duen arren. Ez da, gainera, nolanahiko garaipena izan, askotxo baitira 49 segundo sailkapen nagusirako. Badakizue 49 segundotan, gutxi gorabehera, 200 ume jaiotzen direla munduan? Hori, beraz.

20140412-232901.jpg

Hariaren beste aldean dago Valverde (MOV). Gaur goizean, guztien ahotan zebilen Murtziako txirrindularia. Batzuek zioten sasoi betean dagoela, ezin hobeto; besteek, berriz, erlojupekoan aise irabaziko ziola Contadorri. Baina erlojuaren aurkako proba bakartia da, eta zaila da ziurtasunez jokatzea. Nik bezala, Tropelako kiniela egin duten %42,5ak uste zuen Valverderen unea zela. Nolanahi ere, pena da Valverde bosgarren postuan gelditu izana, Euskal Herriko Itzuliari eman dion distira eta sua oso nabarmenak izan baitira.

Bien bitartean, edo bien artean, gelditu dira Kwiatkowski gaztea (Omega), Peraud (ALM) eta Spilak (KAT), erlojuaren aurka lan ona eginda. Gaurko beste garaile handia, eta bai handia ere, Martin izan da, itzuliko bigarren garaipena eskuratuta. Hala ere, ez zenuten espero denbora hobea? Agian, bikain hasi delako edo jada Jainkotzat dugulako izango da, baina uste nuen hamar-hamabost segundo gutxiago beharko zituela Alemaniako gizasemeak. Egia esanda, beldurtu naiz une batean: uste nuen Contadorrek etapa ateratzeko aukerak izan zitzakeela.

Etxera begira, sailkapen nagusiari so egin aurretik, uste dut gaurko zerrendari erreparatzea merezi duela. Ion Izagirrek (MOV) erdietsi du lehen postua euskaldunen artean, zazpigarrena etapan, eta bere taldekide Valverde baino 21 segundo azkarrago amaitu du erlojupekoa. Badakizue 21 segundotan, bataz beste, Twitterren 93.000 txio idazten direla? Valverde baino 93.000 txio lehenago iritsi da Izagirre, beraz. Haren lana ere, jakina, aipatzekoa eta zoriontzekoa.

Sailkapen nagusiari begira, Mikel Landa (AST) da lehen euskal txirrindularia, 14. postuan. Txukun ibili da arabarra iztulian, erregular, baina zerbait falta izan zaigu euskaldunoi: bizitasuna, urduritasuna, gerra… ez dakit ziur. Omar Frailek (CJR) tartekako helmugak irabazi ditu, eta Romain Sicard (EUC) lapurtarra, berriz, bigarren postuan gelditu da mendiko sailkapenean. Hor ere, berriro, kale egin dugu askok, Amets Txurruka (CJR)ikusten baikenuen puntaren puntan.

Mila kontu eta zalaparta utzi dizkigu aurtengo Euskal Herriko Itzuliak, eta Txetxu Urbieta kirol-kazetariak ere bere ekarpena egin nahi izan dio auziari. Sekulako erakustaldia eman duela aitzakiatzat hartuta, Contador euskal herritartu nahi du hark, azpeitiartu, Gipuzkoako udalerri horretan bizi izan baitzen afizionatu garaian Madrileko txirrindularia. Herri galdeketa proposatu du Euskadi Irratiko esatariak. Zer esango diogu Contadorri?