Lehena, ezta?

Egia esateko, orain arteko lasterketak ez ditudala batere jarraitu esan beharra daukat. Badakit oraindik denboraldi hasieran gaudela eta Tropela neguko lozorrotik irteten duela gutxi hasi dela baina Koldoren garaipen honek ezustean harrapatu nau. Ezustean bakarrik ez, sofan etzanda eta begi bat itxita ere bai! Txirrindularitza munduan azken urteetan daukagun zirkoak ere eragina izango zuen nire interes faltan, auskalo!

Kontua da, udaberria gerturatu ala txirrindularitza berriz ere komunikabideetan azaltzen hasi dela eta horrekin batera tropela.eus webgunean ere jendea leihaketez galdezka hasi dela… Badirudi, pixkanaka ari garela girotzen guztiok!

Eta girotze horretan laguntzeko ezin hobeto etorriko zaigu Koldo Fdez. de Larrea arabarrak (Euskaltel-Euskadi) Murtziako Itzulian lortu duen garaipena. Bosgarren eta azken etapa hau esprintean amaitu da eta bere taldekideek egindako bideratze lan onaren ondoren ondo errematatu du talde laranjako gizonik azkarrenak. Oker ez banago euskaldunok lortzen dugun lehen garaipena. Zorionak Koldori eta bere talde osoari!

Koldo garaile eta Samuel ospatzenInformazio bila aritu naizenean Continue reading “Lehena, ezta?”

(A)SO Contador-i

Contador AstananASO enpresak, Tourraren antolatzaileak, hankak moztu dizkio Contador-i, edo hobeki esanda, pedalak. Ez zuzenean, baina ondorio hori atera genezake bere taldeari ez baitiote 2008ko Tourrean parte hartzen utziko.

Aurrekoan otsailean gehiago izango genuela aurreratzen nizuen. Hemen adibide horietako bat eta hurrengoa Mayorena izango da. Hau otsailean aurreikusten bazen ere, badirudi berriak martxoa hasieran izango ditugula. Baina hori aurreragorako utziko dugu.

Astanak ezingo du ez Giroa ez eta Tourra korritu. Tourraren prentsa oharraren arabera, iazko gertakariek lasterketaren irudiari egindako kaltean oinarritzen da. Horretaz gain ez omen dute Astana taldean aldaketarik somatu eta neurri hau hartzea erabaki dute. Hori bai, 2008an Tourrean izan dadin “ahaleginak egingo” omen dituzte. Baina erabaki hauetan non dago UCIren iritzia?

Aspaldidanik somatu zen hiru handien eta UCIren arteko desadostasunak. Berez Astana UCI Protourreko taldea izanik, UCIko lasterketa guztietan parte hartu beharra du, baina egungo txirrindularitzaren mundu nahastu honetan, handiek beraien nahia UCIren gainetik jartzea erabaki dute. Badirudi UCIren azken egunetara iristen egon gaitezkeela.

Txirrindulariren bat edo beste irratian entzuteko parada izan dut, eta hauen esanetan txirrindularien etorkizuna kolokan jartzen du egoera honek gisa honetako babesleak txirrindularitzatik urruntzea baitakar. Noski, egun gero eta enpresa gutxiago dago interesatuta kirol honetan dagoen anabasa dela eta. Bestalde, eta jarraitzaile ikuspuntutik, seguru zenbaitek Contador Tourretik kenduta faborito nagusienetako bat alboratzeko helburuaz egin dutela pentsatzen duela, beste txirrindulariei (frantziarrei beharbada?) aurtengo Tourra irabazteko aukera eman asmotan.

Ez dakigu Astana enpresak zein jarrera hartuko duen berri honen aurrean. Beharbada taldeak babesten jarraitzea erabakiko du, baina zail xamar ikusten dut duen aurrekontua kontutan izanda. Nola eman errentagarritasuna inbertsioari urteko bi lasterketa garrantzitsuenetakoetan parte hartzeko aukerarik izan gabe? Bruyneel-ek zer pentsatua izango du hurrengo egunetan.

Frantziako Tourreko izen batzuk

podium.jpgAmaitu da aurtengo Tourra ere! azken egunetan kirol arlotik kanpoko berriek indar handiagoa izan badute ere, Tour ikusgarri eta erakargarria ikusi dugunaren sentsazioa geratu zait. Urte osoa proba honi begira egoten den txirrindulari asko da tropelean eta horietako oso gutxik aurkitzen dute saria bertan. Beste askok suspentso handi batekin bueltatu behar izaten dute etxera, iraileko azterketetan (Espainiako Itzulia, Mundialak, Lombardia…) aprobatzeko asmoarekin. Hona hemen onerako edo txarrerako protagonista izen direnen laburpentxo bat.

Alberto Contador : 24 urteko gazte honek, Tourreko bere bigarren partehartzean irabazteko gai izan da. Aspaldidanik esaten zen Tourreko irabazle izan zitekeela, neuk behintzat hain azkar lortuko ez zuela pentsatzen banuen ere. Errepidean bera baino hobeago bat izan arren, Rasmussen, maillot horia Pinto aldera ekartzeko moduan izan da. Aurten gainera denboraldi hasiera bikaina egin ondoren hemendik aurrera deskantsatzeko ordua iritsi zaiola uste dut.

Michael Rasmussen: errepideko gizonik indartsuena izan arren, bere taldeak kanporatu zuen Tourra prestatzeko egunetan bere egoerari buruzko gezurrak esateagatik. Golpe handia izango zen berarentzat, ikusiko dugu burua altxatu, talde berri bat aurkitu eta bere mailara itzultzeko gai den.

Euskaldunak: Euskaltel Euskadikoak orokorrean oso ondo, Zubeldia eta Astarloza 10 aurrenekoetan eta ihesaldietan protagonista Ruben Perez, Txurruka, Verdugo eta Landaluzerekin. Mayo Alpeetan oso ondo baina Tour amaierako berriak dena hankaz gora botatzen du. Vilak eskutuan pasa ditu 3 asteak baina eraman duen denboraldiarekin ni behintzat ez nago gehiago eskatzeko. Garaterengandik gehiago espero nuen, puntu bat edo bi falta izan zaizkio onenekin ibiltzeko.

Fabian Cancellara: Aurreneko asteko protagonista nagusia. Prologoan eta Compiegnen lortutako garaipenak ikusgarriak. Txirrindularitzan ikusten diren erakustaldien parte handi bat suitzar honek ematen ditu.

Yaroslav Popovych: oso gutxi irakurri dut ukrainiarrari buruz baina Tourreko protagonista handi eta garrantzitsua izan dugu. Bere taldeburuentzako sekulako lana egin ondoren (tropela txiki-txiki eginda uzten zuen tiraka hasten zenean) sailkapen nagusian 8. amaitzeko gai izan da. Talde lanerako munduan dagoen txirrindulari onena dela esatearekin ez dut uste errurik egingo nukeenik.

Sprinterrak: ez da dominatzaile garbirik izan. Horren lekuko McEwen, Boonen, Hushovd, Bennati eta Hunterren garaipenak.

Ibilbidea: beti bezala Tourra gogorra izan da eta horretan ibilbideak lagundu du, nahiz eta txirrindulariek ez dituzten aprobetxatu hain ondo kokatuta zeuden Cormet de Roseland, Bales edo Aubisqueko etapa osoa. Ibilbide zoragarria zuten baina txirrindulariek nahi ezean antolakuntzak ezin du ezer gehiago egin.

Aprobatu ez dutenak: nik uste nuenera gerturatu ez direnen zerrenda honako hau da. Pereiro, Karpets, Valverde, Eisel, Cavendish, Zabriskie, Moreau, Anton, Schumacher, Kohl, Ventoso. Noski, batzuk gehiago agertu dira baina ez dut uste euren helburuak lortuta bueltatu direnik etxera.

Vinokourov, Moreni, Sinkewitz eta Mayo: Tour honetako berririk txarrenak (edo onenak, nondik begiratzen den arabera). Sekula ez nituen konpartitu Tourreko antolakuntzak bere probarekiko izaten zuen “garbi ” hotsa. Kasu hauek hori erakusten dute. Zer egin behar denaren eztabaida denen artekoa izan behar da baina zerbait egin beharra garbi ikusten da.

Asko izango dira jadanik datorren urtera begira hasiko direnak baina aurrez lan asko egitea tokatuko zaie. Hurrengo zita Espainiako Itzulia. Joan prestatzen zuen kinielak, ezustekoak eta abarrak, Tropelako lehiaketa berriro martxan izango baita.

Contador, Evans eta Leipheimer 31 segundoren tartean

protestaContadorrek eutsi egin dio erlojupekoan eta aurtengo Tour zalapartatsua irabaziko du. Erlojupekoa emozioz betea izan da eta azkenean podiuma 31 segundotan erabaki da. Bazirudien Evans irabazteko gai izan zitekeela, baita Leipheimer bera ere egiten ari zen erlojupeko bikaina ikusita. Ez ote du positibo emango?

Zubeldiak espero zena egin du, 5. postuari eutsi. Nik bederen Sastre gaindituko zuen itxaropenik ez nuen baina ez du hain erlojupeko txarra egin eta 20. amaitu du gaurko etapan. Astarlozak ere egin du tokatzen zitzaiona eta Soler gaindituta 9. amaituko du Tourra. Erlojupekoan 10. izan da.

Euskaltel-Euskadik egin duen Tourra aspaldian bizi izan dugun hoberena dela esan behar. Pena ez dutela etapa garaipenik lortu baina ezin zaie meriturik kendu Txurruka, Ruben Perez eta Verdugok egindako ahaleginei. Benetan talde lan bikaina!

Tourrekoak erabakita dauden honetan, biharko etapako garailea salbu, dopingaren itzalak eraginda azken etapan txirrindulariak protestaren bat egitekoak omen dira. Ikusiko dugu zein eratakoa izango den eta egingo duten. Saltsa handia dago honen guztiaren inguruan eta jakingo nahiko nuke zeinen alde eta zeinen kontra izango den. Baina bihar arte itxarongo dugu beharbada ez baita ezer izango eta zurrumurru hutsean gera liteke.