Astakeria bat dirudi idatziko dudanak, baina sorpresa bat izan da gaur Wout van Aert belgikarrak irabaztea Munduko ziklo-kros txapelketa. Sorpresa erlatiboa noski, aurreko bi urteetan ere bera izan baizen garailea, baina faborito nagusia Mathieu van der Poel genuen. Ostiralean idazten genuen 26 lasterketa irabazita eta Munduko Kopa eta Europa Txapelketak irabazita aurkezten zela irteerako lerroan 23 urteko gazte nederlandarra.

Baina norbaitek itzal egitekotan, Wout van Aertek behar zuen. Aurten, 9 garaipenekin zetorren belgikarra, baina egia esan, buruz buru aritu direnetan apenas lortu du van der Poelen aurretik iristea. Dena den, ezaguna da zirkuitu lokaztu eta maldatsuetan hobeto moldatzen dela eta horrela erakutsi zigun Namur herrian ospaturiko Munduko Kopan. Abisu bat zen holandarrarentzat.

Gauzak horrela, nonbait errazago irabaztekotan aurtengo Valkenburg-eko zirkuitu batean bezalakoan behar zuen, eguraldi hotz eta hezearekin eta lokatz ugarirekin. Eta erakustaldia eman du. Ez du van der Poelen akats edo hutsegite baten ondoren irabazi, nagusitasun osoz baina. Aldeak gainera ikusgarriak izan dira. Bigarrena ez da van der Poel izan, Vanthourenhout baino, 2:13ra iritsi delarik eta nederlandarra, guztiz jota eta burumakur, 2:30ra. Baina atzerago joanda, 5. sailkatu den van der Haar 4:29ra iritsi da eta 22 ziklistek bakarrik lortu dute itzulirik galdu gabe amaitzea. Alde ikaragarriak, van Aertek egin duen lasterketa bikainaren erakusgarri. Gaur bera izan dugu alde handiarekin indartsuena. Euskal 2 ordezkariek ezin izan dute lasterketa amaitu. Javier Ruiz de Larrinaga 2 itzuliren faltan eta Aitor Hernandez 3ren faltan geratu dituzte, sailkapenean 35 eta 45. postuetan geratuz.

Honenbestez, beraz, Wout van Aert-ek txapelketa gizona dela erakutsi digu. Hona hemen bere emaitzak azken 7 urteetan Munduko Txapelketan. Ikusgarria 23 urte besterik ez dituela kontutan hartuta:

2012 2. Munduko Txapelketan juniorretan

2013 3. Munduko Txapelketan 23 urtez azpikoetan

2014 Munduko Txapeldun 23 urtez azpikoetan

2015 2. Munduko Txapelketan Elite mailan

2016 Munduko Txapeldun Elite mailan

2017 Munduko Txapeldun Elite mailan

2018 Munduko Txapeldun Elite mailan

Txanponaren bestaldean Mathieu van der Poel dugu. Dominatzailea urtean zehar, lasterketa gehien irabazten dituena, baina lasterketa nagusienean huts berriro ere. Sven Nys handia gogorarazi digu. Baal-eko kanibala. Mito bat dugu dagoeneko Nys ziklo-krosean baina ez dugu ahaztu behar Munduko 2 txapelketa besterik ez zituela irabazi bere ibilbide osoan. Urte askotan lasterketa gehien irabazten zituen txirrindularia izaten zen, 9 aldiz izan genuen Belgikako txapeldun eta urte osoan zehar ez zuen barkatzen. Baina Munduko Txapelketara nekatuta, motibazio estra horren faltan ala presio gehiegiz iritsi eta behin eta berriz huts egiten zuen. Van der Poeli gertatzen ari zaion gauza bera. Onena izaten da ia urte osoan, Munduko Txapelketa egunean izan ezik. Fisikoa ala psikologikoa izan arazoa, argi dago lastre honek hurrengo urtean oraindik gehiago pisatuko diola. Prestakuntza aldatu eta lan berezi bat egin ezean, kostako zaio Van Aert ehiztaria menderatzea Munduko Txapelketetan.