…geroaren itxaropen (Giroaren biharamunean, II)

aru_grappa

Artikuluaren aurreneko zatian egindako kronikaren ostean, ez dirudi ondorio baikorregirik ateratzerik dagoenik aurtengo Italiako Giroaz. Hala izanda, zergatik bigarren zati honetarako halako izenburua? Bada, nire ustetan behintzat, baikor izateko arrazoiak egon badaudelako. Eta ez gutxi gainera.

Continue reading “…geroaren itxaropen (Giroaren biharamunean, II)”

Alpeetako erraldoiari gorazarre

Aurtengo Tourrean ere mendate mitikoak igoko dituzte ziklistek: Tourmalet, Luz Ardiden eta Alpe d’Huez, kasu. Hala ere, aurten horiek guztiak Alpeetako erraldoiaren itzalpean geratuko dira, Galibierren itzalpean alegia. 100 urte beteko dira uztailaren 10ean Galibier aurrenekoz igo zutenetik. Txirrindularitzak emandako txapeldun handienetako bik, Coppik eta Pantanik, balentria handiak egin zituzten aldapatzar horretan.

Continue reading “Alpeetako erraldoiari gorazarre”

Oslotik L’Alpe d’Huezera, Donostiatik igarota

Lance Armstrong erretiratu egin da. Edo hobeto esanda, AEBetako lasterketa batzuetan baino ez du parte hartuko aurrerantzean. Tourra, klasiko handiak eta abar bukatu dira. Kitto. Nahiko oharkabe joan da Armstrong, baina txirrindularitza zale gehienontzat joan den urteko Tourra eta gero erretiratu zen, orduan iragarri zuelako Europan ez zela berriz ere lehiatuko. Haren jaioterritik milaka kilometrora gaude, baina ematen du hemendik aurrerakoa ez dela oso gozoa izango, hasieran behintzat, dopinaren zurrunbiloaren erdian baitabil. Salaketa han, salaketa hemen. Hala eta guztiz ere, esan bezala urrun dago Armstrong eta legez kanpo edo lege barruan jardun zuela epaitzeko urrutiegi, nik behintzat eskuartean dudan informazio apurra kontuan hartuta. Jaungoikoa ala deabrua den ez dut nik esango. Continue reading “Oslotik L’Alpe d’Huezera, Donostiatik igarota”

Simoniren azken atzaparkadaren zain

giro08pre-pampeago1Giroko ziklistarik zaharrenetakoa izango da ‘Gibo’ handia, zaharrena ez bada, 39 urteko beteko baititu abuztuan. Antza, proba eta gero hartuko du erretiroa. Italiako lasterketa nagusian balentria handiak egin ditu igotzaile gartsuak. 1999an zapaldu zuen lehen aldiz podiuma; hirugarren bukatu zuen, Gotti eta Savoldelliren atzetik. Pantani Girotik kanporatu zuten urtea izan zen hura. ‘Il Pirata’ ordurako errepidean ez bazen ere, etapa gogoangarria egin zuten Gottik, Herasek eta Simonik Apricara bidean, Gavia eta Mortirolo igota lasterketa bukatu bezperan. 2000. urtean ere hirugarren, Garzelli eta Casagranderen ondoan podiumean. Eta 2001ean, jaun eta jabe izan zen; maglia arrosa etxeratu zuen, erakustaldia emanda gainera. Urtebete geroago Girotik kanpo utzi zuten, positibo emateagatik.

2003an Girora itzuli eta berriro ere garaile. Ondorengo urteetan behin baino gehiagotan gertu izan du podiumeko koskarik gorena, baina…2004an bera zen Lampreko taldeburua, baina hara non Damiango Cunego taldekide gazteak aurrea hartu zion. Mokoka bukatu zuten bi txirrindulariek, baina gauzak zer diren! Lampren bertan ariko dira biak hastear den Giroan. Ondo bidean, Simonik Cunegoren mesedetan egingo du lan.

Giroan bikain, baina Italiatik kanpora halamoduz. Tourrean eta Espainiako Vueltan etapa bana irabazi ditu, baina tifosiek gehiago espero zuten. 2003an, bigarren Giroa irabazi ostean, Armstrong estu hartzeko hautagaietako bat zen Tourra hasi aurretik, baina Frantzian batean bale eta bestean kale. Ezin erregulartasunari eutsi.
Simonik, orain arte, azken atzaparkada 2007ko Giroan eman zuen, Monte Zoncolan tentean. Ziur bere zalei aldapa gora borrokatzen esan nahiko diela agur. Hori egiten baitu ondoen, borrokatu alegia.

Eta gero zer? Hori berak jakingo du. Bizikleta mekanikari hasteko eskarmentua badu. Izan ere, 1998an, txirrindularitzak gogaituta edo, urtebetez pedalei eragiteari utzi eta bizikletak konpontzen jardun zuen. Eskerrak ez zuen horretan jarraitu!

Argazkia:  http://www.cyclingnews.com