Alpeetako erraldoiari gorazarre

Aurtengo Tourrean ere mendate mitikoak igoko dituzte ziklistek: Tourmalet, Luz Ardiden eta Alpe d’Huez, kasu. Hala ere, aurten horiek guztiak Alpeetako erraldoiaren itzalpean geratuko dira, Galibierren itzalpean alegia. 100 urte beteko dira uztailaren 10ean Galibier aurrenekoz igo zutenetik. Txirrindularitzak emandako txapeldun handienetako bik, Coppik eta Pantanik, balentria handiak egin zituzten aldapatzar horretan.

Emile Georget iritsi zen lehen postuan 1911n Galibierreko gainera. Bi ordu eta 38 minutu behar izan zituen, Saint Michel de Maurienetik gorako 34 kilometroak egiteko. 41 urte geroago, 1952an, handia, oso handia egin zuen Coppik. Bakar bakarrik egin zuen Sestriererainoko bidea, Italiako zaleen zoramenerako. Egun hartan Galibierren gertatutakoa hilezkor bihurtu zen: Coppik eta Bartalik, orpoz orpo zihoazela, ur potoa partekatu zutenekoa. Kirol honen historiaren irudietako bat, dudarik gabe.

Beste italiar batek, Pantanik, 1998an egindakoa ere oso handia izan zen. Euria ari zuen goian behean. Hotz egiten zuen Alpeetan -bi gradu zero azpitik uztailean izanagatik-, eta urte hartako Tourra Festina aferak belztu bazuen ere, Alpeetako etapa handiak ikuskizun paregabea utzi zuen. Pantanik Telegraphe igarota –Galibierren lehen zatia da nolabait- erasoa jo eta ordura arteko liderra, Ullrich alemaniarra, jota utzi zuen. Gailurrean ia hiru minutuko aldea atera zion eta alde hori are handiagoa izan zen Les Deux Alpeseko helmugan, sei minutu ingurukoa. Etapa eta Tourra irabazi zituen egun hartan Mercatone Uno taldeko igotzaile apartak. Egun hark beste hainbat irudi gogoangarri utzi zituen; esate baterako, Pantanik ihesean zebilen Jimenezekin bat egin zuen igoeran, baina espainiarra desagertu egin zen jaitsieran, lainopean, hotzak jota. Minutu asko galduta iritsi zen Banestoko txirrindularia. Egun berean, euskal ziklista batek, Jose Luis Arrietak lasterketa utzi behar izan zuen; harentzat ere hotza aurkari zitala izan zen. Cumbres de Leyenda liburuan ziklistak berak kontatzen duenez, txokolate beroa hartzen lagundu behar izan zioten, edalontzia eusteko gauza ez baitzen.

Gauzak zer diren; handik urtebetera, Arrieta bera lehen postuan igaro zen Galibier handitik. Mendeku hartu zuen, nolabait esateko. Etapa hura, Coppik 1952an irabazitakoa lez, Sestrieren amaitu zen, eta Armstrong nagusitu zen.

2003ko etapa ere letra larriz dago gordeta euskal txirrindularitzaren historian. Garzelli igaro zen lehen postuan Galibierren gainetik, baina faboritoak elkarren ondoan zihoazen. Mendate hura jaitsi eta aurten bezala, Alpe d’Huez zuten zain. Iban Mayok irabazi zuen etapa.

2.645 metroko garaiera duen mendate puskak –garaiena da, Restefondsen eta Iseranen atzetik- Merckx belgiarraren, Gaul luxenburgotarraren, Bahamontes eta Ocaña espainiarraren, Herrera kolonbiarraren erakustaldien lekuko isila ere izan zen, baita oroitzapen garratz batzuetakoa ere; 1935ean, Francisco Cepeda espainiarra Galibier jaisten ari zela erori eta egun batzuk geroago hil egin zen.

Ziur Tropela zaleen artean badagoela Galibier igo duenik. Kontaiguzue nolakoa den igoera, eta zer oroitzapen utzi zizuen. Zuen iruzkinen zain gaude!