…geroaren itxaropen (Giroaren biharamunean, II)

aru_grappa

Artikuluaren aurreneko zatian egindako kronikaren ostean, ez dirudi ondorio baikorregirik ateratzerik dagoenik aurtengo Italiako Giroaz. Hala izanda, zergatik bigarren zati honetarako halako izenburua? Bada, nire ustetan behintzat, baikor izateko arrazoiak egon badaudelako. Eta ez gutxi gainera.

Hasteko, Nairo Quintanaren nagusitasunak iazko maila berretsi egiten duelako. Eta kolonbiarrak datozen urtetarako edozertarako hautagaitza erakusten jarraitzen duelako. Lasterketaren zenbait puntutan orain 15-20 urteko bere herkideren baten jokaera gogora ekarri bazuen ere (galde diezaiotela bestela Danilo Di Lucari), momentu garrantzitsuenetan txapeldun handi baten aldetik espero den maila erakutsi zuen, oraindik 24 urte baino ez dituen arren, eta diotenez, lasterketan zehar osasun arazo batzuk tarteko izanda.

Eta bestetik, Giroak aurreko batean italiar tropelera mugatu genuen belaunaldi aldaketa bistaratu duelako. Txirrindularitzak beti eskertuko du haize freskoa, baina Italiak bereziki bizi du gabezia nabaria, eta hor, ikur handi bat aurkitu dute dagoeneko: Fabio Aru gaztea. Kronikaren sekuentzian ia aipatu gabe geratu zen Monte Grappako igoerak lekutxo bat izango du gorderik italiar zaletuen oroitzapenean: talentu handi bat izan daitekeenaren aurreneko egun seinalatua, Montecampioneko garaipenaren gainetik. Sardiniarrak, mendatea jendez lepo zela, oso estu hartu zuen Quintana, igoera zinez ikusgarrian. Giro osoan zehar etapa arruntek erakutsi ez zuten buruz-burukoa oparitu zigun Grappa erraldoiak, etorkizuna letra larriz idaztera deiturik dauden bi txirrindulari ikusgarri hauekin.

Ikusgarritasun hori baita, hain zuzen ere, etorkizunari itxaropentsu begiratzeko beste motibo bat. Azkeneko bi hamarkadak erlojupekoaren arloa menderatu duten txirrindulariak gorendu ditu (menpekotasun hori goitik behera ezarri duten Indurain eta Armstrong batez ere, Ullrich, Wiggins eta Froome ere multzo honetan sartu behar direlarik, baina baita erabateko espezialista izan gabe ere beste gehienen gainetik azaldu izan den Contador). Nagusitasun hori iraultzeko gai izan zen bakarra Marco Pantani izan zen, eta horregatik, italiarrak halabeharrak eraginda erakusten zuen erasokortasunagatik, izan zen hain maitatua txirrindularitzazaleon artean. Ba hori bera da hain zuzen aipatutako bi gazteek aurrerantzean erakutsi beharko luketena. Erlojupekoan beste batzuk baino gutxiago direlaz jakitun, beren izaera oldarkorra eta igotzeko dohain paregabeak uztartuz, arratsalde gogoangarriak eskaintzeko daudela uste dut.

rolland

Eta inork nortasun erasokorrari gaur egun etekinik ateratzerik ez dagoela pentsatzen bazuen, Giroak beste argi bat piztu digu, eta izen bat jarri beste askoren gainetik: aurreneko zatian aipatutako Pierre Rolland. Bera bezalako askok kirol hau oso ezberdina egingo lukete. Nork daki, agian bere herkideak italiar lasterketan murgil daitezen urrats garrantzitsua eman du Europcarrekoak. Jatorriak jatorri, bere jarrera erakutsiko duen edonor izango da ongi etorria.

Amaitzeko, kolonbiarren esentzia erasokorra %100ean bueltatu dela ikustea ere albiste bikain modura har daiteke soilik. Euren borrokarako grina, bizikleta gainean azaltzen duten bizipoza…eta jakina, horien artean, Julián David Arredondo guztien gainetik. Trek taldeko eskalatzaileak ekinaren saria jaso du Giroan, erabat merezita. Aurrerantzean jarraituko dugu bere berri izaten, zalantzarik ez izan.

Beste izen batzuk aipa litezke albiste positibo gisa (berrespenen multzoa osatzen duten Bouhanni, Matthews eta Ulissi, adibidez, edo Majka eta Keldermanen ikaskuntza bide honetik doala jakitea), baina ondorio positiboen artean, aurrez aipatutakoan jarriko nuke nik fokua, txirrindularitza hein handi batean mendiari eta mendiek idazten dituzten ibilaldi gogoangarriei esker bizi baita. Eta azkenaldian halako gutxi izan baditugu ere, etorkizunari begira badaukagu zeri heldu.

Argazkiak: thebikelane / AFP