Oslotik L’Alpe d’Huezera, Donostiatik igarota

Lance Armstrong erretiratu egin da. Edo hobeto esanda, AEBetako lasterketa batzuetan baino ez du parte hartuko aurrerantzean. Tourra, klasiko handiak eta abar bukatu dira. Kitto. Nahiko oharkabe joan da Armstrong, baina txirrindularitza zale gehienontzat joan den urteko Tourra eta gero erretiratu zen, orduan iragarri zuelako Europan ez zela berriz ere lehiatuko. Haren jaioterritik milaka kilometrora gaude, baina ematen du hemendik aurrerakoa ez dela oso gozoa izango, hasieran behintzat, dopinaren zurrunbiloaren erdian baitabil. Salaketa han, salaketa hemen. Hala eta guztiz ere, esan bezala urrun dago Armstrong eta legez kanpo edo lege barruan jardun zuela epaitzeko urrutiegi, nik behintzat eskuartean dudan informazio apurra kontuan hartuta. Jaungoikoa ala deabrua den ez dut nik esango.

Hori horrela, tropelazale, testutxo hau Armstrongen ibilbidearen errepasoa baino ez da, hamar une gogoangarri gogora ekartzeko saiakera.

Oslon, euripean
21 urte baino ez zituela handia egin zuen. Berezkoa izandako jokabide ausartak bultzatuta, garaiko ziklista handiak, tartean Indurain bera, atzean utzi eta bakarrik helmugaratu zen Norvegian jokatutako Munduko Txapelketan. Ustekabe handia izan zen, bai, baina ez erabatekoa, pare bat hilabete lehenago Tourreko etapa bat eskuratu baitzuen.

Donostian, infernutik zerura
1992ko Donostia-Donostia klasikoan, Alcalak ekaitzari erronka bota zionekoan, Armstrong azken postuan iritsi zen, artean Bulebar zaharra berritu gabea zenean. Lasterketa hura baina, begiz jota zuen. 1994an podiumera igo zen, eta 1995ean gailendu zen. Egun bateko lasterketetan oso iaioa izango zen ziklista baten aurrean geundela ematen zuen.

Ardenetan, bakarra
Eta egun bateko lasterketekin jarraituz, 1996an Fleche-Walone klasikoa irabazi zuen, Ardenetako Hirukotearen lehena. Karrera horretan irabazten lehen estatubatuarra izan zen. Lieje-Bastonge-Lieje irabaztekotan izan zen urte batzuk geroago, baina eskuak soilik 1996ko udaberrian altxatu zituen Ardenetako zerurantz.

Sestriere mitikoan eztanda egin zuen
Oslon 1993an bezala, 1999ko Tourrean balentria euripean egin zuen US Postal taldeko txirrindulariak. Barrabiletako minbizia gaindituta eta Tourreko liderra zela, Galibierreko etapan eutsi egin zuen aurreneko maldetan, harik eta Sestrierera bidean erasoa jo zuen arte. Zulle, Escartin, Virenque eta gainerakoak atzean utzi zituen. Etapa irabazteaz gain, Tourra ia-ia erabakita utzi zuen. Haren sasoiaren hasiera izan zen nolabait.

Euria, Javier Otxoa…Hautacam
Giro bustiarekin jarraitzen dugu. Euria goian behean. Eta Pirinioetan. 2000ko Tourrean Hautacamen gora jo zuen kolpea. Handia, erabatekoa, erabakigarria. Aurretik Javier Otxoa zihoala, Armstrongek bere aurkari nagusiak, Ullrich eta Pantani seko utzi zituen aldapan gora eta oso-oso indartsu zegoela erakutsi zuen. Denbora ez ezik, itxaropena ere kendu zien aurkariei. Guztiz gainera. Aurrean Otxoa, ahituta, egindako ahaleginaren ondorioz eta atzetik Armstrong, gose. Zorionez, Javier Otxoak lasterketaren buruari eutsi zion egun hartan. Oraindik ere txirrindularitza zaleok buruan dugu egun hartako azken kilometroetako ezinegona.

L’Alpe d’Huezeko “antzerkia”
2001eko Tourrean ematen zuen Armstrong eta Ullrichen arteko borroka ezin itxiagoa izango zela, baina usteak erdi ustez. L’Alpe d`Huezeko etaparen hasieran aktore gisa aritu zen Armstrong, tropelaren buruan joateko zailtasunak zituela irudikatu zuen, baina L’ Alpe d’Huezen mozorroa kendu eta etapa irabazteaz gain, bi minutu jan zizkion alemaniarrari. Beste behin, hirugarrenez, golpe bakarrean Tourra zakuan.

‘Le train bleu’
Joseba Beloki izan zen 2001ean aurkaririk tematiena. Lazkaotarrak aurpegia eman zuen, ausart. Armstrongek baina oso talde indartsua zuen eta horren lekuko mendiko lehen etapan gertatutakoa. Azken kilometroetara Armstrong bera, Beloki eta Heras iritsi ziren. Herasek lan aparta egin zuen amerikarraren mesedetan haren taldekidea baitzen, eta Herasek amore eman zuenean nekearen ondorioz, taldeburuak aurrera jo eta etapa irabazi zuen. Ordurako Joseba Beloki lehertua zuten. Us Postal, Le Train Bleu goitizenez ezaguna talde puska zen.

Luz Ardidenen extasia
Ziurrenik Armstrongen balentriarik handiena izan zen. Jan Ullrichek, Alexandre Vinokourovek eta Iban Mayo eta Haimar Zubeldia euskal herritarrek oso estu hartu zuten estatubatuarra, eta ia-ia maillot horia kendu zioten. Mendiko azken etapak ikusmin izugarria piztu zuen, are gehiago Luz Ardideneko igoera hasi eta gutxira Armstrong eta Mayo estropezu egin eta lurrera jausi zirenean. Biak berehala altxatu ziren. Ez hori bakarrik. Armstrongek erasoa jo eta gorantz joan zen. Etapa irabazi zuen eta Ullrichekiko aldea zabaldu zuen. Igoera ikaragarria egin zuen Armstrongek, beste behin, edozein txundituta uzteko modukoa.

Erakustaldia nola Pirinioetan hala Alpeetan
Azkenaurreko Tourrean, aurkari gehienak oso eskas aritu ziren mendiko etapetan. Aldapan gora bukatu zen lehen etapan, La Mongien, Ivan Basso italiarra eta biak iritsi ziren elkarrekin helmugara eta italiarrak irabazi zuen etapa. Hurrengo egunean, Plateau de Beillen Armstrongek berak irabazi zuen. Baita L’Alpe d’Huezeko kronoigoera jendetsuan ere. Batek baino gehiagok uste zuen aurreko urteko estuasunak kontuan hartuta pott egingo zuela, baina pott gainerakoek egin zuten, ez berak.

Deabruaren erritmoan Courchevelera bidean
Alpeetako eski estaziora ez da askotan iritsi Tourra. Baina iritsi denean etapa bukaera politak ikusi ditugu. 1997an Richard Virenquek irabazi zuen, Ullrichen aurretik eta 2000an Marco Pantano Jose Maria Jimenezi gailendu zitzaion. 2005ean, aldapa hasi bezain laster erritmo itogarria jarri zuten Armstrongen taldekideek, bereziki Popovichek, eta berak aurrera jo zuenean, bakarrik Valverdek, Mancebok eta Rasmusenek eutsi zioten. Valverdek irabazi zuen esprintean, baina Armstrongek argi utzi zuen, baietz, zazpigarren Tourra irabaziko zuela. Haren bi aurkari nagusiak, Basso eta Ullrich itota iritsi ziren egun hartan. Dena kontrolpean, enegarrenez.

38 urterekin Mont Ventouxen bisitan
2005eko denboraldia bukatuta, Armstrongek txirrindularitza utzi zuen, baina 2009an itzuli zen. Azken bi denboraldietan ez du lasterketarik irabazi –taldeka zenbait garaipen lortu ditu- baina gogoangarria izan zen 2009ko Tourreko mendiko azken etapa. Mont Ventoux tentean gora, Schleck anaiak jo eta jo aritu ziren Armstrong podiumetik bota nahian, baina 38 urte eduki arren bikain eutsi zion hirugarren postuari. Ez zuen maillot horia berriz ere soinean jantzi, baina ia 39 urterekin Parisko podiumera igo zen, erretiroa hartu eta lau urtera. Harrapazak!

Hasieran aipatu bezala, batek daki erretiro lasaia izango duen edo hemendik aurrera mendateak igo ez, baina epaitegiz epaitegi ibiliko den. Oraingoan baina, asmoa atzera begiratzea izan da besterik gabe. Batzuentzat harroputz galanta. Beste batzuentzat inoizko txirrindularirik onena. Zakua bete garaipen joan dela ezin ukatu. Bye, bye.