Simoniren azken atzaparkadaren zain

giro08pre-pampeago1Giroko ziklistarik zaharrenetakoa izango da ‘Gibo’ handia, zaharrena ez bada, 39 urteko beteko baititu abuztuan. Antza, proba eta gero hartuko du erretiroa. Italiako lasterketa nagusian balentria handiak egin ditu igotzaile gartsuak. 1999an zapaldu zuen lehen aldiz podiuma; hirugarren bukatu zuen, Gotti eta Savoldelliren atzetik. Pantani Girotik kanporatu zuten urtea izan zen hura. ‘Il Pirata’ ordurako errepidean ez bazen ere, etapa gogoangarria egin zuten Gottik, Herasek eta Simonik Apricara bidean, Gavia eta Mortirolo igota lasterketa bukatu bezperan. 2000. urtean ere hirugarren, Garzelli eta Casagranderen ondoan podiumean. Eta 2001ean, jaun eta jabe izan zen; maglia arrosa etxeratu zuen, erakustaldia emanda gainera. Urtebete geroago Girotik kanpo utzi zuten, positibo emateagatik.

2003an Girora itzuli eta berriro ere garaile. Ondorengo urteetan behin baino gehiagotan gertu izan du podiumeko koskarik gorena, baina…2004an bera zen Lampreko taldeburua, baina hara non Damiango Cunego taldekide gazteak aurrea hartu zion. Mokoka bukatu zuten bi txirrindulariek, baina gauzak zer diren! Lampren bertan ariko dira biak hastear den Giroan. Ondo bidean, Simonik Cunegoren mesedetan egingo du lan.

Giroan bikain, baina Italiatik kanpora halamoduz. Tourrean eta Espainiako Vueltan etapa bana irabazi ditu, baina tifosiek gehiago espero zuten. 2003an, bigarren Giroa irabazi ostean, Armstrong estu hartzeko hautagaietako bat zen Tourra hasi aurretik, baina Frantzian batean bale eta bestean kale. Ezin erregulartasunari eutsi.
Simonik, orain arte, azken atzaparkada 2007ko Giroan eman zuen, Monte Zoncolan tentean. Ziur bere zalei aldapa gora borrokatzen esan nahiko diela agur. Hori egiten baitu ondoen, borrokatu alegia.

Eta gero zer? Hori berak jakingo du. Bizikleta mekanikari hasteko eskarmentua badu. Izan ere, 1998an, txirrindularitzak gogaituta edo, urtebetez pedalei eragiteari utzi eta bizikletak konpontzen jardun zuen. Eskerrak ez zuen horretan jarraitu!

Argazkia:  http://www.cyclingnews.com