Atseden eguna, gogoeta egiteko garaia

Gaur txirrindulariek Giroko itzulian lehen atseden eguna dute, hurrengoa eta azkena datorren astelehenean. Post hau idazterako orduan duda asko izan ditut hasiera nola idazteko, galderak eginez edo astea izan dena laburtuz. Bigarren bidea aukeratu dut lehena aukeratuko banu agian ez nukeelako gaur bukatuko Giro honi buruz idazten.
Continue reading “Atseden eguna, gogoeta egiteko garaia”

Petacchi nagusi lehen esprintean

Atzo aurreratzen nizuen bezala gogoz nintzen gaurko esprinta ikusteko. Cavendish-Farrar-Petacchi hirukotetik ondoen zein zegoen zalantzak, ordea, argitu dira. Gaurkoan Petacchi gailendu da polemika pixka bat sortu den arren.

Continue reading “Petacchi nagusi lehen esprintean”

2010ari errepasoa (XVI): Espainiako Vuelta gorria

2010eko Vueltako podiuma2010ean Vueltako arduradunek maillot berria prestatu zuten: gorria. Aski ezaguna da Espainiaren kolorea Eurokopaz geroztik gorria dela. “La Roja” delakori jarraipena emanez Vueltak identitate propioa izatea nahi zuen; urre koloreko maillotarekin lortu ez zuena gorriarekin lortu nahi du.

Gora behera askoko lasterketa izan zela esan daiteke. Maillot berri hau soinean janzten lehena Cavendish izan zen Sevillan gauez jokatu zen erlojuaren kontrako saioan bikain aritu ondoren. Maila eman ez zuena Sky taldea izan zen eta egunak aurrera joan ahala ezagutzera eman zen talde osoa gaixotu zela jatekoa tarteko. Guztion sorpresarako kutsadura espero baino larriagoa izan zen eta Txema Gonzalez masailari arabarraren heriotza eragin zuen. Ondorioz Sky taldeak lasterketa uztea erabaki zuen. Ez ohiko gertakaria izan zen zalantzarik gabe. Continue reading “2010ari errepasoa (XVI): Espainiako Vuelta gorria”

2010ari errepasoa (XI): Michael Rogersek pauso bat aurrera Kalifornian

printzipalaGero eta indar eta ospe gehiago lortzen ari den lasterketa da Kaliforniako Tourra. Txirrindularitza amerikar herrialde honetan lortzen ari den indarrari jarraiki, gertu gertutik jarraitu beharreko proba bihurtu da. Italiako Giroan parte hartzen ez duten tropeleko txirrindulari garrantzitsuenak hara joaten dira, Frantziako Tourrerako prestaketa gisa.

Azken bi urtetako gizonik azkarrenak irabazi zuen lehen partziala. Eroriko baten ondorioz Boonenek ezin izan zuen azken metrotan lehiatzerik izan eta Cavendishek probestu zuen hutsunea bi eskuak igotzeko Sacramentoko zirkuitoan. Lehen liderra zen. Bigarren partzialean aldiz ezustekoa, 25 bat laguneko taldetxoa iritsi zen aurretik lasterketa gorabeheratsuan. Cervelo taldeko Lancaster izan zen azkarrena, etorkizunean zeresan handia emango duten bi gizonen aurretik: Sagan eta Boom.

hirurakHirugarren etapan lasterketako hiru gizonik indartsuenak iritsi ziren guztien aurretik: Rogers, Leipheimer eta azkenean esprintean garaipena lortuko zuen Zabriskie estatubatuarra. Garmin etxekoaren mesedetan lidergoa aldaketa Santa Cruzeko kaleetan. Lasterketako etapa erabakigarria izan zen. Laugarrengo etapak aldiz istorio gutxi, eta esprinta bukaeran. Aurten hain fin ibili ez den Cavendish garaitua izan zen, Liquigas taldeko Chicchi italiarra gailendu zelarik. Gizon azkar hau ere kontuan hartu beharrekoa izango delakoan nago hemendik aurrerakoan. Benatti bukaerara iristen doan heinean laguntza handiagoa izango delakoan naiz talde berdean.

sagan

Bostgarren eta seigarren etapetan izan zen lasterketako bigarren une garrantzitsuena. Sagan eslovakiarrak bi garaipen poltsikoratu zituen elkarren atzetik, Paris-Nizako erakustaldia ez zela kointzidentzia izan erakutsi nahian. Italiar taldearen hirugarren garaipena sei egunetan. Rogers australiarrak lidergoa kendu zion Zabriskieri, egunero lehen postuetan sailkatuaz eta erregulartasun handia erakutsiz.

Itzulia bukatu aurreko egunean lasterketako erlojupeko bakarra Martin espezialistarentzat. Momentu honetan Cancellara ahaltsuari itzal pixka bat egiteko bakarra bera dela dirudi, eta hau lasterketan ez zenez, garaipen bikaina. Rogers taldekideak bigarren postuarekin lidergoa indartu zuen, nahiz eta denbora tarteak oso txikiak izan.

hesjedalAzken egunera hiru txirrindulari 25 segundoren barruan iritsi ziren: Leipheimer, Zabriskie eta Rogers bera. Lasterketa gorabeheratsua, erasoak asko elkarren jarraian baina australiarrak ongi eutsi zien denei. Hesjedal kanadarrak irabazi zuen azkena, Ardenetako klasiketan hasi eta Frantziako Tourrean ondoren borobilduko zuen denboraldian beste garaipen eder bat lortuz.

Rogers australiarrak lortu dituen garaipenetan garrantzitsuenetako bat izan zen Californian lortutakoa, bere erlojupeko hiru munduko txapelketak alde batera utzita noski. Andaluziako itzulia ere poltsikoratu du aurtengoan, beharbada bere urterik onena borobilduz. Hala ere, esan liteke esperantza handiak zituela Frantziako Tourrean baina hiru asteko itzuliak beharbada luzetxo geratzen zaizkio. Huts egin zuen. Sky taldean izango da 2011n eta aste bateko itzulietan taldeko erreferentzia izango delakoan nago. Ikusiko dugu.

Aipamen bat egin nahi nioke itzuliari berari. Aste beteko lasterketa garrantzitsuenetakoa izatera iritsi Kaliforniako itzulia. Gero eta gehiago dira txirrindularitzaren etorkizuna EEBBtan dagoela esaten duenik. Hiru asteko itzuli bat han izango denaren esamesak ere badira, izan ere zenbait adituren esanetan, txirrindularitzaren etorkizuna atlantiko itsasoaren bestaldean baitago hein handi batean. Denborak erakutsiko digu hau hala den edo ez.

2010ari errepasoa (IX): Spilak, edo Romandiako Tourrean maillot horirik jantzi ez zuen garailea.

Spilak, Romandian etapa irabazi zuen egunean2010eko Romandiako Tourra lehen postuan bukatu zuena palmaresean ez agertzeagatik pasatu da historiara. Izan ere, etapa guztiak burutzen denbora gutxien Alejandro Valverdek eman zuen, itzuliko garaile bilakatuz, baina denok dakigun moduan gero zigortua izan zen, lortutako garaipenak modu hartan galduta. Gauzak honela, Simon Spilak pasatu zen Itzuliko garailea izatera.

Itzulia aitzin etapa batekin hasi zen. Bertan, Marco Pinotti izan zen azkarrena, Peter Sagan harrigarriak (denboraldi ikaragarria zeraman ordurako eslobakiarrak) baino segundu bakar bat gutxiago eginda. Dena den, hurrengo egunean Saganek garaipena eta lidergoa lortu zituen, mendate gogorrak (lehen mailako bi eta bigarren mailako bat) zituen etapa talde ertain baten esprintean irabazi baitzuen, Gavazzi eta Rocheren aurretik.

Hurrengo etapa ere esprintean erabaki zen, baina aurreko egunean ez bezala, tropela bete-beteta iritsi zen, gizonik azkarrenak bertan zirela. Logika izan zen etapako irabazleetako bat. Bestea, Mark Cavendish, erraz. Danilo Hondo eta Robert Hunterrek ez zuten aukera txikienik ere izan Man Irlako mutilaren kontra. Esan beharra dago helmugan keinu itsusi bat egin zuela Cavendishek, bere denboraldi kaxkarra kritikatzen zutenei dedikatua. Liderra, oraindik ere Sagan, noski. Aipatu beharra dago High Road taldeak Cavendish lasterketatik bota egin zuela, eta lasterketako zuzendaritzak 4.000 eurotik gorako isuna jarri ziola.

Hirugarren etapa bitxia izan zen. 23,4 km-ko erlojupeko bat izan zen, eta Richie Porte nagusitu zen, Valverderen aurretik. Etapa bitxia diot, izan ere, lan erditan Porte minutu bat galduta zen, eta helmugan erraz xamar nagusitu zen, 26 segunduko aldearekin. Haize aldaketa handiren bat edo egongo zen, nonbait. Egia esan, inork ez zuen lortu azalpen logiko bat ematea kontu honi. Dena den, etapa Porterentzat eta lider berria Michael Rogers, bere aspaldiko denboraldi onenari jarraipena emanez. Laugarren etapa gorabeheratsua izan zen, Suitzatik irten eta Frantzian kilometro mordoxka eginda. Etapa Spilakek irabazi zuen azken kilometroetan ihes eginda, eta Rogersek maillot horia segundu bakar batengatik eustea lortu zuen. Valverderen mehatxua gero eta handiagoa zen…

Bosgarren eta azken etapa laburra izan zen oso, 121,8 km besterik ez. Hori bai, tartean lehen mailako hiru mendate. Azken mendatean lasterketako lau gizon indartsuenek aldegin zuten: Valverde, Igor Anton, Spilak eta Menchov. Etapa lau hauen arteko esprintean erabaki zen eta han, nola ez, Valverde izan zen azkarrena, nahiz eta Antonen eraso batek gauzak uste baino zailago jarri zizkion. Esanda bezala, Valverde zigortua izan zen geroago emandako positibo bat tarteko eta etapako garaipena galdakoztarrarentzat izan zen. Palmareserako polita, eta Romandian lortutako bigarrena, bere profesional palmaresa han estreinatu baitzuen, Thomas Dekker eta Chris Horner esprintean gaindituta mendate batean.

Beraz, Simon Spilakek bere kirol biziko garaipenik handiena lortu zuen lasterketa bukatu eta hilabete batzuk geroago, eta podiuma berarekin osatuz, Denis Menchov eta Michael Rogers agertuko dira hemendik aurrera. Igor Anton azkenean 9º izan zen, erlojupeko kaxkarra egin izana garesti ordainduz