Fernando Alonso Euskaltelen salbatzaile?

Gaur suak bolbora erretzen duen moduan zabaldu da Fernando Alonsok Euskaltelen, hobe esanda, Basque Pro Cycling Team SLU enpresaren World Tour lizentzia erosteko aurre akordioa gauzatu duela. Asteburuan Sabadell aipatu bazen ere, azkenean Alonso Formula 1eko gidari asturiarra izan da dirua jarri duena. Harrituta? Beno, ni ez horrenbeste.

Gogoan baduzue Contador Armstrongekin batera Astana taldean 2009eko Frantziako Tour hura lehiatzen aritu zirenean sortutako barne liskarrak tarteko, Alonsok txirrindulari talde bat sortzeko zurrumurrua zabaldu zen eta beraren ardatz Contador izango zela zioten zurrumurru horiek. Azkenean ezerezean geratu zen kontua. Ordutik denborak aurrera egin du baina Alonsoren txirrindularitzarekiko zaletasunak hor jarraitu du eta Euskaltelen egoera tamalgarri hau pare parean egokitu zaio. Continue reading “Fernando Alonso Euskaltelen salbatzaile?”

2010ari errepasoa (IX): Spilak, edo Romandiako Tourrean maillot horirik jantzi ez zuen garailea.

Spilak, Romandian etapa irabazi zuen egunean2010eko Romandiako Tourra lehen postuan bukatu zuena palmaresean ez agertzeagatik pasatu da historiara. Izan ere, etapa guztiak burutzen denbora gutxien Alejandro Valverdek eman zuen, itzuliko garaile bilakatuz, baina denok dakigun moduan gero zigortua izan zen, lortutako garaipenak modu hartan galduta. Gauzak honela, Simon Spilak pasatu zen Itzuliko garailea izatera.

Itzulia aitzin etapa batekin hasi zen. Bertan, Marco Pinotti izan zen azkarrena, Peter Sagan harrigarriak (denboraldi ikaragarria zeraman ordurako eslobakiarrak) baino segundu bakar bat gutxiago eginda. Dena den, hurrengo egunean Saganek garaipena eta lidergoa lortu zituen, mendate gogorrak (lehen mailako bi eta bigarren mailako bat) zituen etapa talde ertain baten esprintean irabazi baitzuen, Gavazzi eta Rocheren aurretik.

Hurrengo etapa ere esprintean erabaki zen, baina aurreko egunean ez bezala, tropela bete-beteta iritsi zen, gizonik azkarrenak bertan zirela. Logika izan zen etapako irabazleetako bat. Bestea, Mark Cavendish, erraz. Danilo Hondo eta Robert Hunterrek ez zuten aukera txikienik ere izan Man Irlako mutilaren kontra. Esan beharra dago helmugan keinu itsusi bat egin zuela Cavendishek, bere denboraldi kaxkarra kritikatzen zutenei dedikatua. Liderra, oraindik ere Sagan, noski. Aipatu beharra dago High Road taldeak Cavendish lasterketatik bota egin zuela, eta lasterketako zuzendaritzak 4.000 eurotik gorako isuna jarri ziola.

Hirugarren etapa bitxia izan zen. 23,4 km-ko erlojupeko bat izan zen, eta Richie Porte nagusitu zen, Valverderen aurretik. Etapa bitxia diot, izan ere, lan erditan Porte minutu bat galduta zen, eta helmugan erraz xamar nagusitu zen, 26 segunduko aldearekin. Haize aldaketa handiren bat edo egongo zen, nonbait. Egia esan, inork ez zuen lortu azalpen logiko bat ematea kontu honi. Dena den, etapa Porterentzat eta lider berria Michael Rogers, bere aspaldiko denboraldi onenari jarraipena emanez. Laugarren etapa gorabeheratsua izan zen, Suitzatik irten eta Frantzian kilometro mordoxka eginda. Etapa Spilakek irabazi zuen azken kilometroetan ihes eginda, eta Rogersek maillot horia segundu bakar batengatik eustea lortu zuen. Valverderen mehatxua gero eta handiagoa zen…

Bosgarren eta azken etapa laburra izan zen oso, 121,8 km besterik ez. Hori bai, tartean lehen mailako hiru mendate. Azken mendatean lasterketako lau gizon indartsuenek aldegin zuten: Valverde, Igor Anton, Spilak eta Menchov. Etapa lau hauen arteko esprintean erabaki zen eta han, nola ez, Valverde izan zen azkarrena, nahiz eta Antonen eraso batek gauzak uste baino zailago jarri zizkion. Esanda bezala, Valverde zigortua izan zen geroago emandako positibo bat tarteko eta etapako garaipena galdakoztarrarentzat izan zen. Palmareserako polita, eta Romandian lortutako bigarrena, bere profesional palmaresa han estreinatu baitzuen, Thomas Dekker eta Chris Horner esprintean gaindituta mendate batean.

Beraz, Simon Spilakek bere kirol biziko garaipenik handiena lortu zuen lasterketa bukatu eta hilabete batzuk geroago, eta podiuma berarekin osatuz, Denis Menchov eta Michael Rogers agertuko dira hemendik aurrera. Igor Anton azkenean 9º izan zen, erlojupeko kaxkarra egin izana garesti ordainduz