Petacchi nagusi lehen esprintean

Atzo aurreratzen nizuen bezala gogoz nintzen gaurko esprinta ikusteko. Cavendish-Farrar-Petacchi hirukotetik ondoen zein zegoen zalantzak, ordea, argitu dira. Gaurkoan Petacchi gailendu da polemika pixka bat sortu den arren.

Tropela bukaerako zuzenera iristerako puskatu egin da. Hala ere hiru esprinter hauek aurrean ziren. Renshawk ederki bideratu dio esprinta Cavendishi, baina Petacchik lehenago ekin dio esprintari eta ederki eutsi dio, eta gutxigatik izan bada ere, garaipena eskuratu du. Helmugan Cavendish kexaka zen Petacchi alde batera eta bestera ibili delako s-ak eginez, baina epaileen aburuz, baita nire ustez ere, garbi gailendu zaio italiarra. Neurriz kanpoko kexak izan ditu nire ustez. Hala ere Cavendishek maglia arrosa janzteko helburua behintzat lortu du.

Nire ustez ingelesa ez dago sasoiko. Tourrean nabarmendu asmotan da eta ez da sasoiko aurtengo Giro honetan. Eta oraindik sasoiz pattalago Farrar aurkitzen dela esango nuke. 8. sailkatu da amerikarra eta ez ditu sentsazio onik transmititu.

Petacchi gustura izango da (ni ere bai kinielan baitut). Segur aski maglia arrosa janztearen burutazioak beteko du bere burua moral asko emango baitzion gaurko garaipenak. Horretarako 16 segundoko tartea jatea besterik ez du behar izango.

Argazkia: @giroditalia

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.