2010ari errepasoa (XVI): Espainiako Vuelta gorria

2010eko Vueltako podiuma2010ean Vueltako arduradunek maillot berria prestatu zuten: gorria. Aski ezaguna da Espainiaren kolorea Eurokopaz geroztik gorria dela. “La Roja” delakori jarraipena emanez Vueltak identitate propioa izatea nahi zuen; urre koloreko maillotarekin lortu ez zuena gorriarekin lortu nahi du.

Gora behera askoko lasterketa izan zela esan daiteke. Maillot berri hau soinean janzten lehena Cavendish izan zen Sevillan gauez jokatu zen erlojuaren kontrako saioan bikain aritu ondoren. Maila eman ez zuena Sky taldea izan zen eta egunak aurrera joan ahala ezagutzera eman zen talde osoa gaixotu zela jatekoa tarteko. Guztion sorpresarako kutsadura espero baino larriagoa izan zen eta Txema Gonzalez masailari arabarraren heriotza eragin zuen. Ondorioz Sky taldeak lasterketa uztea erabaki zuen. Ez ohiko gertakaria izan zen zalantzarik gabe.

Euskaltel-Euskadi taldeak Igor Antonengan konfiantza osoa jarri zuen eta Vuelta irabazteko moduan zirela erakutsi zuten. Igor sasoi bikainean ailegatu zen lasterketara: 4. eta 8. etapak irabazi zituen eta lasterketako lider jarri zen. Maillot gorria, ordea, zorigaiztoak kendu zion. Peña Cabarga bidean zirela Igorrek eroriko larria izan zuen eta lasterketa utzi beharrean aurkitu zen. Guztioi 2008ko Vuelta ekarri zigun gogora.

Talde laranjak, ordea, egoerari aurre egin eta etapa garaipen berri baten bila ekin zion. Juanjo Oroz, Amets Txurruka eta Mikel Nievek etapa bikaina burutu zuten Cotobellon amaitu zen hartan eta Nievek garaipen ikusgarria lortu zuen. Txalotzekoa bai etapa baita talde laranjaren jarrera Igorren erorikoa eta gero. Hala ere ez ziren euskal garaipen bakarrak izan: David Lopez eta Imanol Ervitiren etapa garaipenak ere ikusi ahal izan genituen.

Joaquim Rodriguezek ikaragarrizko denboraldia egin zuen iaz. Tourrean bikain aritu ostean Vuelta lehiatzen aritu zen baina azken erlojuaren kontrako saioan ikaragarri gaizki aritu zen eta eskuetatik alde egin zion Vueltak. Hala ere bere helburuetako bat lortu zuen: UCIko sailkapenean lehena izatea.

Mosquera zaharra izan zen Vueltaren lehian aritu zena. Berak azken erlojupekoa espero baino hobeto egin zuen eta Bola del Mundoko etapara Vuelta irabazteko aukerekin iritsi zen. 50 segundoko tartea zuen Nibalik bere alde. Mosquerak erasoa jo beharra zuen eta saiatu. Hala egin zuen galiziarrak, baina italiarrak igoerari neurri ondo hartu zion eta Vuelta Italiara eramatea lortu zuen.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.