Ez, ez da berri berria. Eta ez, argazkikoa ez da Iker, Beloki baizik.
Larunbatean jazo zen. Lehenago idazterik banuen, baina nola banekien oiartzunik izango ez zuela, gaur arte luzatu nahi nuen berria gure webgunean jarri aurretik.
Txirrindularitzako Caja Roja Elkartearen Garaikurra jokatzen ari zirela gertatu zen. Zorteak ez zion gehiegi lagundu Aranako taldeko txirrindulari gazteari eta gurpila lehertu ostean, erorketa beldurgarria jasan zuen. Muturrez lurra jo eta bertan geratu zen. Pentsatu nahi dut kaskoak bere lana egingo zuela, baina hala ere sudurra eta lepauztaia hausi zituen, kolpeak sahietsetan, trauma kraneontzefalitiko eta toraxizikoa. Laster batean Logroñoko San Pedro erietxera eraman zuten eta gauen Bilboko Gurutzeta erietxera. Bertan koman jarri zuten hurrengo egunetan bere egoera hobetzeko esperantzan.
Egun ez dugu bere garapenaren berri. Ez izateagatik ez dugu bere argazkirik ere aurkitu inongo medioetan. “Iker Tejada, 17 urteko txirrindularia, koman” irakurtzen jarraitu

Informazio bila aritu naizenean
Igande honetan emango zaio hasiera zortzi egun iraungo duen Paris-Niza lasterketa ezagunari. Dirudienez azkenean bai, izan ere 20 taldek ASO-ren proban parte hartuko zutela adostu zuten, nahiz eta kontratuko klausularen batekin desadostasunak plazaratu ziren.
Urtero bezala Omloop Het Volk zirkuituak eman zion hasiera Belgikako benetako denboraldiari. Ezin hobeto gainera. Hobeki esanda, Philippe Gilbert (Française des Jeux) izan zen errudun nagusia. Txirrindulari valoiak sekulako erakustaldia eman eta 2006an bezala (baina minutu bat gutxiago) bakar bakarrik iritsi zen helmugara. Mallorkako itzulian bi etapa eta sailkapen nagusia eta Ganteko klasikoa irabazi ondoren, bistakoa da Gilbert sasoi onean dagoela. 25 urterekin badirudi valoiaren urtea iritsi dela, nahiz eta orain arte dezente nabarmendu. Het Volk lasterketarako Tom Boonen handikotearekin batera bera zen hautagai nagusia. Quick Stepeko izarrak kale egin zuen; Gilbertek ez. Française des Jeux taldeko txirrindulariaren erakustaldia Eikenberg aldapan hasi zen. Erasoa jo eta Nick Nuyens (Cofidis), 2005eko irabazlea, atzean utzita ihes egin zuen. Bidean ihes eginda zeuden sei txirrindulariak gainditu eta Het Volk zirkuitua bigarren aldiz berea izan zen. Hona hemen, lasterketa amaieran kazetari bati erantzundakoa: “Eddy Merckx bezala? Ez dakit, baina garaipen hau bai dela orain arteko hoberena”.