Belgika: denboraldiko erakustaldi klasikoen hasiera

Espero bezain ikusgarria izan da Belgikako egun bakarreko klasikoen denboraldi hasiera. Asteburuan lehiatu ziren Omloop Het Volk eta Kuurne-Bruselas-Kuurne lasterketa ezagunak espektakulu hutsa izan ziren. Baliteke bi klasiko hauek ez izatea Flandesko Itzuliaren edo Gante-Wevelgem gisakoen mailakoak, baina duten garrantzia eta jarraipena ezin alde batera utzi. Biak ala biak eredugarriak izan ziren. Eredugarriak txirrindularitzak egun duen irudi kaskarra makilatzeko. Izan ere, kirol honen funtsa estrategia eta erakustaldietan datza. Ez laborategi kontuetan.

Gilbert eskuan goian dituelaUrtero bezala Omloop Het Volk zirkuituak eman zion hasiera Belgikako benetako denboraldiari. Ezin hobeto gainera. Hobeki esanda, Philippe Gilbert (Française des Jeux) izan zen errudun nagusia. Txirrindulari valoiak sekulako erakustaldia eman eta 2006an bezala (baina minutu bat gutxiago) bakar bakarrik iritsi zen helmugara. Mallorkako itzulian bi etapa eta sailkapen nagusia eta Ganteko klasikoa irabazi ondoren, bistakoa da Gilbert sasoi onean dagoela. 25 urterekin badirudi valoiaren urtea iritsi dela, nahiz eta orain arte dezente nabarmendu. Het Volk lasterketarako Tom Boonen handikotearekin batera bera zen hautagai nagusia. Quick Stepeko izarrak kale egin zuen; Gilbertek ez. Française des Jeux taldeko txirrindulariaren erakustaldia Eikenberg aldapan hasi zen. Erasoa jo eta Nick Nuyens (Cofidis), 2005eko irabazlea, atzean utzita ihes egin zuen. Bidean ihes eginda zeuden sei txirrindulariak gainditu eta Het Volk zirkuitua bigarren aldiz berea izan zen. Hona hemen, lasterketa amaieran kazetari bati erantzundakoa: “Eddy Merckx bezala? Ez dakit, baina garaipen hau bai dela orain arteko hoberena”.

Gilbert irribarretsuAtzo, ordea, Kuurne-Bruselas-Kuurne klasikoaren txanda izan zen. Normalean, aurreko egunean Het Volk lasterketan parte hartzen duten txirrindulariek asteburua Belgikan ematen dute. Dena dela, Philippe Gilbertek ez zuen parte hartu. Ondorioz, Quick Step taldeak bere makina martxan jarri eta merezitako garaipena erdietsi zuen Steven De Jongh herbeheretako txirrindulari beteranoaren eskutik. Bere bigarrena ere, 2005ean Rabobank taldean zegoela irabazi baitzuen. Lasterketa abiatu zenetik, sortu ziren ihesaldi guztietan Quick Step taldeak kide bat sartzea lortu zuen. Nolabait klasikoa bere osotasunean kontrolatu eta hirugarren urtez jarraian garaipena beraientzat (2006 Nick Nuyens; 2007 Tom Boonen). Hori bai, Paolo Bettini txapeldunetan txapeldunenak ezin izan zuen lasterketa amaitu eroriko baten erruz. Gainera, ospitalera eraman behar izan zuten. Bestalde, ezin ahaztu hirugarren klasiko arruntago bat lehiatu zela atzo Belgikan: Berverbeek Klasikoa. Bertan, Johan Coenen (Topsport Vlaanderen) belgikarra izan zen azkarrena.

Martxoa hasi baino ez da egin eta hilabete honetan Belgikako klasiko gehiago izango ditugu. Besteak beste, Nokere-Koerse (martxoak 19), E3 Prijs Vlaanderen (martxoak 29) eta De Brabantse Pijl (martxoak 30). Aurrekari ezin hobeak arestian aipatutako udaberriko “infernuko” egun bakarreko lasterketak iritsi bitarte.

Inaxio Esnaola

Argazkiak: Roberto Bettini