Haize berriak azken metroetan

Kontuak kontu eta gertatutakoak pasa ondoren (itzuli handietako antolatzaileen erabaki polemikoez, nolabait esatearren, ari naiz), denboraldia abian da. Aurreneko bi hilabeteotan zenbait lasterketa lehiatu dira, eta horietakoren batzuek zeresana eman dute dagoeneko. Batez ere flandestar lurretan Philippe Gilbert walloniarrak eman zuen erakustaldiak, baina ez da honakoa eztabaidagai bakarra izan.

Greipel nagusiIzan ere, UCI Pro Tour zirkuitu ahulduari hasiera eman zion proban, Australiako Down Ander Tourrean alegia, gizon batek nagusitasun handia erakutsi zuen. 26 urtetako André Greipel alemaniarra izan da. Sprinterrez jositako High Road taldean bere burua erakusteko arazoak izango zituela uste bazen ere, bere zirrikitua ongi baino hobeto probestu zuen bertan, lau etapa garaipen eta sailkapen nagusia poltsikoratzean (lasterketako atarian gailentzeaz gain). Egia da nazioarteko esprinterrik onenak falta zirela, baina egia da bestalde inork gutxik espero zezakeela urte hasieran halako nagusitasunik, are gutxiago autraliarra ez den txirrindulari batengan.

Greipelen kontuak ekarri nau hain zuzen mota honetako txirrindularien artean datorren haize freskoa aztertzera. Gaztetasunak ematen duen harrokeria lagun dutenek geroz eta mehatxu handiagoa suposatzen dute azken urteotan alor honetan nagusi izan direnei. Beti gertatu da horrela, baina ez horren belaunaldi goiztiarrekin. Denbora ez da alferrik pasatzen. Garai bateko Vanderaerden, Hermans, Van Poppel, Abdoujaparov, Ludwig eta abarrek Nelissen, Moncassin Cipollini, Minali, Baldato, Svorada, Zabel, Blijlevens edota McEwen bezalako sprinterrei utzi zieten lekua. Batzuk urte asko iraun zuten (edo dute), beste batzuk ez. Azken urteotan Petacchi, Boonen, Freire eta McEwen bera izan dira aurreko metroetan burua gehien erakutsi dutenak. Egun ere eurek osatzen dute indartsuenen multzoa, Bennati italiarra ere euren pare jarri dela ahaztu gabe; Hushovd-ek ere aipatua izatea merezi du. Alabaina, eta esan bezala, gazte dohatsu asko da eurengandik geroz eta gertuago ageri direnak.

Greipel aipatu dut lehentsuago, baina belaunaldi berria aipatzean bera baino gazteago diren beste zenbaitsu ditut buruan. Eta multzo horren buru, alemaniarraren bi taldekide ageri dira: 1986. urtean jaiotako Mark Cavendish eta Gerald Ciolek.

Mark Cavendish, iazMark Cavendish Man Uharteko gizonak sprinter puruaren irudia isladatzen du: gizon indartsua, explosiboa eta mendateak onenekin igarotzeko arazoak dituena. Hori bai, azkeneko metroetan aurrenekoekin ailegatuz gero, gutxi dira bere parekoak, iazko Eneco Tourrean harrokeria handiz esan zuen bezala. Zentzu guztietan Robbie McEwen-en tankera hartzen diot nik.

Gerald Ciolek alemaniarrak Cavendish-en antitesia izateko itxura guztia du (beti ere sprinterrei buruz ari garela kontuan izanda): azkeneko metroetan erakusten duen indarra ere apartekoa bada ere, azken urteotan Zabel-ek, eta honen ondotik Freire, Boonen edo Bennati-k hartutako bideari ekin diola dirudi, esprinter baten ezaugarriei erresistentzia handia eta mendateak pasatzeko gaitasuna gehitu dizkiolarik. 23 urtez azpikoen artean munduko txapeldun izateak (ibilbide hura oso gogorra izan ez arren) erakusten du hori, iaz lortutako garaipen sorta mardulaz gain (Alemaniako Itzulian emandako erakustaldi apartak batik bat).

High Road etxeko bi izarrak baino koxka bat beheraxeago beste txirrindulari batzuk ageri zaizkigu. Nazioarte mailan ezagunena Heinrich Haussler (84, Gerolsteiner,) dugu, hein handi batean iaz Dauphiné Liberén eta bere debut urtean Espainiako Itzulian lortu zituen garaipen garrantzitsuengatik. Pro Tourrean garaipenen bat erdietsi duen bestea Wouter Weylandt flandestarra da (84, Quick Step), tropelean izango den esprinterrik arriskutsuenetarikoa (segurtasunari dagokionez). Bere herkide den Greg Van Avermaet (85, Silence-Lotto) bide hori jarraitzen ahaleginduko da; iaz lortutako emaitzak ikusirik itxaropentsu izateko badu arrazoirik. José Joaquín Rojas espainiarrak (85, Caisse d’Epargne) ere antzeko xedea izango du, nahiz eta bere helburu nagusiak Flandesen jokatuko diren klasiko handietan kokatzen diren (aurten behintzat). Frantziarrek Romain Feillu-rengan (84, Agritubel) dituzte jarririk euren esperantzak, iaz Tourrean bere burua aurrera xamar erakutsi ostean. Pixkanaka goranzka datorren Argentinako txirrindularitzak Maximiliano Richeze (83, Navigare) du buru, besteak beste Giroan azkeneko bi edizioetan onenen alboan ibili ostean. Matti Breschel daniarrak (84, CSC) iaz erakutsi zuen 2006an berarengandik espero baina frogatzerik izan ez zuena, sprintetan emaitza onak lortzeko gai dela alegia. Taldetxo honekin amaitzeko bi australiar aipatu behar dira: oraindik iragarpenak bete ez dituen Aaron Kemps (83, Astana), eta goruntza datorren pistard bat, Matthew Goss (86, CSC), zeina Kuurne-Bruxell-Kuurne klasikoan hirugarren sailkatu zen iragan igandean.

Eurez gain, oraindik gehiago erakusteke duten baina era berean bidearen zati txiki bat egina duten beste esprinter gazte asko dira. Pro Tour taldeekin hasita, Ag2r-ren estoniar harrobiak René Mandri (84) dakarkigu erreferente gisa. Bouygues Telecom-en Alexandre Pichot (83) frantziarra da aipagarria; Française des Jeux taldean Yauheni Hutarovich (83) bielorrusiarrak itxura oso ona du. Italian itxaropena izango dute amateur mailan emaitza onak lortu zituen Gerolsteiner taldeko Oscar Gatto-rekin (85). Lamprek 84. urtean jaiotako hiru txirrindulari interesgarri aurkezten ditu: Francesco Gavazzi, Mauro Santambrogio eta, batez ere, Marco Bandiera. Bere sprinter nagusiez gain, Quick Step-ek Davide Vigano (84) italiarraren aukera dauka. Silence-Lotto-ren gizon azkarren zerrenda luzean beste flandestar bat aipatu behar da, Jurgen Roelandts (85). Alabaina, eta adituek diotenari so eginda, aposturik seguruena antza marka guztiak hausteko gai izan daitekeen norvegiar bat dugu, High Road-ek amua bota dion Edvald Boasson Hagen (87).

Amaitzeko, txirrindularitzaren bigarren maila irudikatzen duen “Continental Pro” zirkuitoan ere bada gazte probesgarririk (arestian aipatutako Feillu eta Richeze-z gain). Slipstream estatubatuarrean bi dira jarraitu beharreko gazteak, 84. urtean jaiotako Tyler Farrar (etxeko txirrindularia eta etorkizun handikoa) eta Christopher Sutton australiarra. Rabobank-en harrobiak eman duen gazterik interesgarrienetariko bat Skil-Shimano-n da orain, zeresana emango duen Tom Veelers (84) herbeherearra. Tinkoff-ek Nikolai Trusov (85) erabiliko du zeregin hauetarako, Topsport-Vlaanderen taldeak Kenny de Haes (84) flandestarraren progresioak hoberantz jarraitzea esperoko duen bitartean. Pretti-Mangimi xumean ariko den Mattia Gavazzi (83) iaz Italiako afizionatu mailan esprinterrik onenetakoa izan zen. Bere herkide Tiziano Dall’Antonia (83) Navigare-n izango da, aurreko urteetako Panarian.

Zerrenda luzea; batzuk gailurretik gertu izango dira, beste batzuk ez horrenbeste. Aurpegi berriak ikusteak sortzen duen poztasunaren aldean, pena da euskal txirrindularirik ez izatea hauen artean. Zer egingo zaio ba.