2010ari errepasoa (XVII): Hushovd, Cancellara eta gazteen dizdira

2010eko Munduko Txapelketa Australian izan genuen, Geelong-en. Lehen aldia izan da, eta gaur egunean txirrindularitzak jasaten duen globalizazioaren adibide garbia izan dugu. Contadorren ustezko positiboak eta Irungo azpizuna notiziak izan genituen Munduko Txapelketa erdian, eta nola hala, lasterketak berak baino garrantzi handiagoa lortu zuen zenbait komunikabidetan.

Hala ere, gu lasterketaren analisian buru-belarri sartuko gara. 2009ko urtean Mendrision bezala, Cancellara suitzarra zen Geelong herrian jokatu ziren Munduko Txapelketan bi  lasterketak irabazteko faborito bakarra. Izan ere, urtero bezala, bera zen hautagai nagusi eta bakarra erlojupeko txapelketa irabazteko. Eta ez zuen hutsik egin. Ez zen sorpresarik izan. Errez irabazi zuen, inongo zalantzarik utzi gabe, eta bere laugarren txapelketa lortu zuen lasterketa honetan. Millar britainiarra eta Martin alemaniarrak lagundu zioten podiumean, biak minututik gorako aldearekin. 2010a urte borobila izan da suitzarrarentzat, apirilean iparraldeko bi monumentuak irabazi ostean (eta nola irabazi gainera) urtea ezin hobeto bukatu zuen. Velo d’Or saria jaso du ordainetan, urteko txirrindulari onenaren errekonozimendua alegia. Hor geratuko ziren hala ere honen garaipen bikoitzeko ahaleginak, izan ere, eliteko lasterketa nagusian garaipenetik oso urruti geratu zen. “2010ari errepasoa (XVII): Hushovd, Cancellara eta gazteen dizdira” irakurtzen jarraitu

2011ko Itzuli Handien ibilbideak (III). Espainiako Vuelta

Aurkeztu berri da aurtengo hirugarren Itzuli Handiaren ibilbidea, kasu honetan, abuztuaren 20an – aurreko urtetan baino astebete lehenago – Benidormen taldekako erlojupeko batekin hasiko den Espainiako Vuelta.
Hemen inguruan aspaldiko urtetan baino zarata gehiago atera du aurkezpen honek, urte mordo baten ondoren, Euskal Herritik pasatuko delako lasterketa. Dena den, puntu honek luze jo dezakeelako, utz dezagun hurrengo baterako gai honi buruzko eztabaida. “2011ko Itzuli Handien ibilbideak (III). Espainiako Vuelta” irakurtzen jarraitu

2010ari errepasoa (XVI): Espainiako Vuelta gorria

2010eko Vueltako podiuma2010ean Vueltako arduradunek maillot berria prestatu zuten: gorria. Aski ezaguna da Espainiaren kolorea Eurokopaz geroztik gorria dela. “La Roja” delakori jarraipena emanez Vueltak identitate propioa izatea nahi zuen; urre koloreko maillotarekin lortu ez zuena gorriarekin lortu nahi du.

Gora behera askoko lasterketa izan zela esan daiteke. Maillot berri hau soinean janzten lehena Cavendish izan zen Sevillan gauez jokatu zen erlojuaren kontrako saioan bikain aritu ondoren. Maila eman ez zuena Sky taldea izan zen eta egunak aurrera joan ahala ezagutzera eman zen talde osoa gaixotu zela jatekoa tarteko. Guztion sorpresarako kutsadura espero baino larriagoa izan zen eta Txema Gonzalez masailari arabarraren heriotza eragin zuen. Ondorioz Sky taldeak lasterketa uztea erabaki zuen. Ez ohiko gertakaria izan zen zalantzarik gabe. “2010ari errepasoa (XVI): Espainiako Vuelta gorria” irakurtzen jarraitu

2010ari errepasoa (XV): Donostiako Klasikoa LuisLerentzat

podium1Urte sasoi bikainean izaten da ingurutako egun bakarreko txirrindularitza proba garrantzitsuena. Donostia-Donostia Klasikoa. Gipuzkoako errepideak goitik behera zeharkatzen ditu tropel koloretsuak, eta Uztaila bukaera-Abuztu hasierako eguraldiak gutxitan oztopatzen du egun eder hau. Frantziako Tourra bukatzetik hain gertu izateak gainera asko laguntzen dio lasterketari eta gure lurretara etortzen diren txirrindularien maila handia izaten da.

Aurten, Jaizkibel bi aldiz igotzeko apustua egin zuen antolakuntzak. Bigarrengo igoeran hasi zen borroka ederra, bukaera arte etenik izango ez zuena, 40 bat kilometro faltan. Roche, Vinokourov, Sastre, Rodríguez, Porte, Gesink, Hesjedal, Luis León Sánchez ziren gizonik indartsuenak. Haimar Zubeldia eta Samuel Sánchezen ihesaldi saiakerek hautsi zuten tropela goitik behera, baina Luis León Sánchezen erasoaldi gogor bat izan zen guztietan erabakigarriena. Plater handian egin zuen salto (8:40 minutua) eta Vinokourov eta Sastre izan ziren bakarrik jarraitzeko gai. “2010ari errepasoa (XV): Donostiako Klasikoa LuisLerentzat” irakurtzen jarraitu

Urte berri on! 2011ean Tropela gehiago!

Tropela.netUrte berri on guztioi!! 2010a urte oparoa izan da ba Tropelarentzat eta zuei eskerrak eman nahi dizkizuegu horretan lagundu izanagatik.

2010ean 9 lehiaketa antolatu genituen. 2010eko martxoaren 7an ekin genion lehen aldiz Paris-Niza lasterketarekin. Ondoren Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea (hau ere berria), Italiako Giroa, Dauphine Libere (hau ere berria), Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa izan ziren. Munduko txapelketan ere aldaketan izan genituen eta 2010ean erlojuaren kontrako saioa ere puntuagarria izan zen. Lehiaketa guzti hauekin Urteko Sailkapena osatu genuen.

Lehiaketa guztietan gutxienez 5.000 kiniela izan genituen 2010ean eta errekorra, orain arte izan den bezala, Frantziako Tourrean izan genuen 11.541 kinielarekin. Bataz beste lehiaketa bakoitzean izandako parte hartzaile kopurua 7.000 kinielatakoa izan zen. Urte guztian izandako kiniela kopurua, berriz, 63.102 kiniela izan dira.

Guztion artean sari ugari banatu genituen 2010ean ere: bizikletak, otorduak, maillotak, ekipamenduak,… eta guztia doako parte hartzea izan arren.

Blogari dagokionez, 143 berri idatzi ditugu 2010ean gure blogari taldeari esker eta hainbat iruzkin jaso ditugu. 2010eko berrikuntza Tourrean grabatutako podcast-ak izan ziren; ia 2011ean ere podcast-ekin jarraitzeko aukera izaten dugun.

Sare sozialetan ere aritu gara 2010ean. Facebook-en 1.307 lagun ditugu eta 1.425 lagunek gustuko dute Tropela. Twitterren, berriz, 234 jarraitzaile ditugu.

Google-etik ere datu batzuk atera nahi izan ditugu. 2010ean 982.000 bisitatik gora izan ditugu. Bisitari bakarrak 162.000tik gora izan dira eta 5.000.000tik gora izan dira deskargatutako orrialdeak. Datu bikainak direla iruditzen zaigu euskara hutseko webgunea izanda eta hau guztia zuen fideltasunagatik izan da. Eskerrik asko guztioi!

Dagoeneko 2011erako prestatzen

Sartu berri garen 2011ean berrikuntzak izango direla aurreratu nahi dizuegu. Webgunean bertan aldaketatxo batzuk egingo dira eta laster izango dituzue ikusgai. Sorpresaren bat edo beste ere izango da, beraz, adi izatea gomendatzen dizuegu.

Ia 2011a iazkoa bezain oparoa izaten den! Txirrindularitzaz elkarrekin gozatzeko prest izango gara 2011ean ere! Urte berri on!