2010ari errepasoa (XVII): Hushovd, Cancellara eta gazteen dizdira

2010eko Munduko Txapelketa Australian izan genuen, Geelong-en. Lehen aldia izan da, eta gaur egunean txirrindularitzak jasaten duen globalizazioaren adibide garbia izan dugu. Contadorren ustezko positiboak eta Irungo azpizuna notiziak izan genituen Munduko Txapelketa erdian, eta nola hala, lasterketak berak baino garrantzi handiagoa lortu zuen zenbait komunikabidetan.

Hala ere, gu lasterketaren analisian buru-belarri sartuko gara. 2009ko urtean Mendrision bezala, Cancellara suitzarra zen Geelong herrian jokatu ziren Munduko Txapelketan bi  lasterketak irabazteko faborito bakarra. Izan ere, urtero bezala, bera zen hautagai nagusi eta bakarra erlojupeko txapelketa irabazteko. Eta ez zuen hutsik egin. Ez zen sorpresarik izan. Errez irabazi zuen, inongo zalantzarik utzi gabe, eta bere laugarren txapelketa lortu zuen lasterketa honetan. Millar britainiarra eta Martin alemaniarrak lagundu zioten podiumean, biak minututik gorako aldearekin. 2010a urte borobila izan da suitzarrarentzat, apirilean iparraldeko bi monumentuak irabazi ostean (eta nola irabazi gainera) urtea ezin hobeto bukatu zuen. Velo d’Or saria jaso du ordainetan, urteko txirrindulari onenaren errekonozimendua alegia. Hor geratuko ziren hala ere honen garaipen bikoitzeko ahaleginak, izan ere, eliteko lasterketa nagusian garaipenetik oso urruti geratu zen.

Hasieran uste zena baino gogorragoa omen zen errepideko lasterketa. Portzentaje handiko bi malda gogorrek tropeleko klasikomano ugariren esperantzak aseak zituen. Bettini handiak gidatutako italiarrek hautsi zuten lasterketa. Izan ere, beren lider ziren Pozzato, Nibali eta Visconti jende ugariz betetako ihesaldi batean sartu zituzten. Hauekin batera, oso adi izan ziren australiarrak Gerransekin eta belgikarrak, lasterketa irabazteko hautagai nagusi zirudien Gilbert tarteko. Freire gidari zuen espainiar taldea aldiz erdi lo harrapatu zituen italiarren erasoak eta ez bera eta ez Sánchezdarrak (Samu eta Luisle) ez ziren aurreko taldean sartu. Honek lasterketa osoa lana egitera behartu zituen. Eta egia esan, nahiz eta gizonik indartsuenak aurrean izan beren gerra propioan, azkenean atzeko tropeltxoak jan zituen eta azken itzulira guztiak batera iritsi ziren. Espainiar taldea, hainbeste lan eginda, bi gizonekin bakarrik iritsi zen bukaerara. Azken itzuli gogoangarria, Gilbert lasterketako gizonik indartsuena zela errebindikatuz (7:30 minutuko imajina ikaragarria da), baina talde baten aurrean gizon bakan baten esperantzak denbora gutxi irauten duela ikusiz.

Esprinta beraz gizonik azkarrenen artean, eta nik behintzat, honelako kasutan gertatu ohi den legez, Freirerengan nituen begiak, bere laugarren ortzadarra lortuko ote zuen edo, historiako bakarra litzateke. Baina denen gainetik Hushovd norvegiarra gailendu zen. Nahiz eta punta puntako abiadura ez izan, honelako lasterketa luzeetarako indar handia erakutsi izan ohi du eta oraingoan ere poltsikora saria. Meritu handikoa, izan ere, hiru txirrindulariz osatutako taldea eraman baitzuen Norvegiak Australiara (Boasson-Hagen, Arvesen eta Thor bera). Podiumean Breschel eta Davis izan zituen lagun. Eta belgikarrak, espainiarrak eta italiarrak esku hutsik. A ze bueltak ematen dituen honelako lasterketa batek!

Aipamen berezia egin nahi nioke 23 urtez azpiko lasterketetan garaile izandako bi txirrindulariri. Erlojupekoan, Phinney estatubatuarrak pronostikoak goitik behera bete zituen. 20 urte eskasekin, jada bi 23 urtez azpiko Paris-Roubaix eta munduko txapelketa bat dauzka poltsikoan, eta BMC taldearekin salto egitea erabaki du elite mailara. Kontuz harbideetako klasiketan…

Errepideko lasterketan berriz, Matthews australiarrak Phinney berari irabazi zion esprintean, eta honek ere 20 urte eskasekin Rabobank taldean izango da. Iadanik 2011an garaipen bat lortu du, Jayco Bay lasterketan. Ikusiko dugu noraino iristen diren.