“Ingurukoek” Contador errugabe izango dela agindu dute

Ez lehen txostenak ez eta bigarrenak (nire aburuz azken hau) ez dute errugabe jo Contador, inguruko medio edo pertsonai boteretsuek baizik. Hala da jaun andreok sinistu ala ez.

Isil isilik zen Pintoko txirrindularia Mallorcako Palma Arenan bere entrenamendu saioak egiten aurtengo urtean errepidean lehiatzen aritzeko asmoari jarraituz. Orduan jakin genuen Espainiako Txirrindulari Federazioak urtebeteko zigor proposamena egiten ziola. Denok ondo dakizue ohiko kasuetan 2 urteko zigorra dela debekatutako sustantzia bat organismoan aurkitu ezkero, baina Contodorri zigorra jaistea erabaki zuten txirrindularitza arduradunek Alessandro Colò ren kasua aintzat hartuta. Ez dakizuenontzat, txirrindulari italiar honek Mexikoko Tourrean positibo eman zuen, baina bere errugabetasuna defendatzeko Mexikon izan diren klenbuterol kutsadura kasuetan oinarritu ziren. Mexikoko intoxikatutako haragia janda kutsatu zela argudiatuta, sustantzia kontsumitzeko intentziorik gabe jokatu zuela ebatzi eta zigorra 2 urtetik urtebetera jaitsi zioten. ““Ingurukoek” Contador errugabe izango dela agindu dute” irakurtzen jarraitu

Teknologia berriek ere zalaparta sortzen dute txirrindularitzan

Beste behin ere zalaparta dugu txirrindularitza munduan. Oraingoan, “pinganillo” edo irrati emisoreen inguruko eztabaida da txirrindulari, talde, antolatzaile eta UCI bera berriro ere borrokan jarri dituena.

Eztabaida ongi uler dadin, motzean azaltzen saiatuko naiz nola erabiltzen diren irrati emisoreak txirrindulari lasterketetan. Alde batetik, lasterketa guztietan “Radio Tour” (edo “Radio Vuelta” etab.) deitu ohi zaiona izaten da. Epaileek emititzen dute eta lasterketan doazen auto guztiek (taldeek, kazetariek, antolakuntza, babesleak etab.) dituzte entzungailuak. Bertatik, lasterketaren gorabeherak eman ohi dituzte epaileek: lasterketa nola doan, buruan doazen dortsalak, azken orduko abisuak, denbora erreferentziak, txirrindulariren bat laguntza eske dagoela etab. Informazio hori ez dute zuzenean jasotzen txirrindulariek. “Teknologia berriek ere zalaparta sortzen dute txirrindularitzan” irakurtzen jarraitu

Oslotik L’Alpe d’Huezera, Donostiatik igarota

Lance Armstrong erretiratu egin da. Edo hobeto esanda, AEBetako lasterketa batzuetan baino ez du parte hartuko aurrerantzean. Tourra, klasiko handiak eta abar bukatu dira. Kitto. Nahiko oharkabe joan da Armstrong, baina txirrindularitza zale gehienontzat joan den urteko Tourra eta gero erretiratu zen, orduan iragarri zuelako Europan ez zela berriz ere lehiatuko. Haren jaioterritik milaka kilometrora gaude, baina ematen du hemendik aurrerakoa ez dela oso gozoa izango, hasieran behintzat, dopinaren zurrunbiloaren erdian baitabil. Salaketa han, salaketa hemen. Hala eta guztiz ere, esan bezala urrun dago Armstrong eta legez kanpo edo lege barruan jardun zuela epaitzeko urrutiegi, nik behintzat eskuartean dudan informazio apurra kontuan hartuta. Jaungoikoa ala deabrua den ez dut nik esango. “Oslotik L’Alpe d’Huezera, Donostiatik igarota” irakurtzen jarraitu

Espainiako Itzulia Euskal Herrian

Vuelta 1978Askok jada jakingo duzuenez 2011ko Vuelta-ko nobedade bat Euskal Herrian etapa batzuk jokatuko direla izango da. Orain dela 33 urte ez zela Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen Espainiako itzulia. Azken aldiz igaro zenean etapa bertan behera geratu behar izan zen jende talde batek ez ziolako tropelari aurrera egiten utzi Durango ingurutik. Amaiera eman goizeko sektore horri eta autobusetan hoteletara itzuli behar izan ziren txirrindulariak. Arratsaldeko erlojuz kontrako saioari hasiera eman zitzaion baina arazoak egon zirelako jendearekin baita ere bigarren sektorea bertan behera gelditu zen. “Espainiako Itzulia Euskal Herrian” irakurtzen jarraitu

St. Wendel 2011: munduko ziklokros txapelketak

Egunotan ospatzen ari dira Alemanian, St Wendel herrian, 2011ko Munduko Ziklo kros txapelketak. Beste behin ere, txirrindulari euskaldun talde polit bat dugu han. Gazteenek jada amaitu dute euren lana. Juniorretan, Jonathan Lastra bilbotarra 17. postuan helmugaratu zen. Gazte mailako Munduko txapeldun berria Clément Venturini frantziarra dugu. Frantziarrek izugarrizko erakustaldia eman dute, 3 dominak irabaziaz.

23 urtez azpikoetan, aldiz, Lars Van der Haar holandarra izan zen garailea. 2. postuan bere taldekide Mike Teunissen iritsi zen eta brontzezko domina txekiar batentzat izan da: Karel Hnik. Gure txirrindulari onena Jon Ander Insausti mutiloarra izan da, 22. postuan amaitu duelarik. Bere atzetik, 38. postuan iritsi zen Dani Ruiz gernikarra. Zerbait aipatzekotan, Insaustik datozen urteetan izan dezakeen bilakaera arretaz jarraitu beharko dugula esango nuke. Kontutan hartu behar da lehen urtea duela maila honetan eta iaz juniorra izanik meritu gehiago dauka lortu duen emaitzak. “St. Wendel 2011: munduko ziklokros txapelketak” irakurtzen jarraitu