2010ari errepasoa (XVII): Hushovd, Cancellara eta gazteen dizdira

2010eko Munduko Txapelketa Australian izan genuen, Geelong-en. Lehen aldia izan da, eta gaur egunean txirrindularitzak jasaten duen globalizazioaren adibide garbia izan dugu. Contadorren ustezko positiboak eta Irungo azpizuna notiziak izan genituen Munduko Txapelketa erdian, eta nola hala, lasterketak berak baino garrantzi handiagoa lortu zuen zenbait komunikabidetan.

Hala ere, gu lasterketaren analisian buru-belarri sartuko gara. 2009ko urtean Mendrision bezala, Cancellara suitzarra zen Geelong herrian jokatu ziren Munduko Txapelketan bi  lasterketak irabazteko faborito bakarra. Izan ere, urtero bezala, bera zen hautagai nagusi eta bakarra erlojupeko txapelketa irabazteko. Eta ez zuen hutsik egin. Ez zen sorpresarik izan. Errez irabazi zuen, inongo zalantzarik utzi gabe, eta bere laugarren txapelketa lortu zuen lasterketa honetan. Millar britainiarra eta Martin alemaniarrak lagundu zioten podiumean, biak minututik gorako aldearekin. 2010a urte borobila izan da suitzarrarentzat, apirilean iparraldeko bi monumentuak irabazi ostean (eta nola irabazi gainera) urtea ezin hobeto bukatu zuen. Velo d’Or saria jaso du ordainetan, urteko txirrindulari onenaren errekonozimendua alegia. Hor geratuko ziren hala ere honen garaipen bikoitzeko ahaleginak, izan ere, eliteko lasterketa nagusian garaipenetik oso urruti geratu zen. Continue reading “2010ari errepasoa (XVII): Hushovd, Cancellara eta gazteen dizdira”

Estatu Batuetako hurrengo harribitxia

Badirudi yankeen lurraldean Lance Armstrong baino ez dela existitzen. Levi Leipheimer, Christian Vandevelde, David Zabriskie eta beste hainbat txirrindularik gauza on asko egin dituzte, baina estatubatuarren unibertsoan Lance da Eguzkia, Ilargia, planetak eta asteroide guztiak. Dena eklipsatzen du Texasko txirrindulariak, baina, jakiek bezala, iraungipen data bat dauka. Idazten ari naizen bitartean konturatu naiz aipatu ditudan beste hirurek ere badituztela urte batzuk.

Ez dezagun ahaztu txirrindularitza Estatu Batuetan gorakada handia jasaten ari dela, bai txirrinduzale edo telebisten jarraipenari dagokionean, hala sponsorren inplikazioari dagokionean ere. Labur esanda, eta denboran atzera asko egin gabe  utopia bat zirudienean, Estatu Batuak txirrindularitzaren makuluetako bat bilakatu dira. California edo Georgiako itzuliek maila polita hartu dute, eta Gila bezalako beste batzuk gero eta talde eta txirrindulari hobeagoak dakartzate kontinente zaharretik.

Gauzak honela, nor izango ote da Estatu Batuetan txirrindularitzaren jarraipena bermatzeko merituak egingo dituen txirrindularia? Hornerrek ere ez du luzaro iraungo tropelean. Tom Danielson, antzera. Zer esanik ez George Hincapieren inguruan… Estatubatuar gehienak “kirol zahartzaroan” sartuta daude, eta errelebu generazional bat beharrezkoa izango da laister. Eta errelebu horrek izena eta abizena dauzka. Izena, Taylor, eta abizena, Phinney. Ez da izango Tourreko garaile, baina eskuak asko altxatuko dituela begiak itxita jokatuko nuke.

Taylor Phinney: Dudarik gabe berea da etorkizuna. Oraindik 20 urte bete ez dituenean, pistatik datorren txirrindulari hau zeresan handia ematen ari da Europako errepideetan. Pistan daudenak eta ez daudenak irabazi ditu jada (tartean jarraipen proba absolutua 2009 eta 2010ean), eta errepidean pilatu ditu makina bat garaipen. Azkenengoak, Olympia’s Tour izeneko lasterketa holandar batean. Atera kontuak: 7 etapatik 4 irabazi zituen (2 erlojupekoak eta 2 sprint), beste bi aldiz bigarren postuan amaitu zuen (beste 2 sprint), eta Itzuliko etaparik gogorrena 7. postuan bukatu zuen. Eta itzuli hau Stef Clement, Thomas Dekker edo Joost Posthuma bezalako jendeak irabazi izan du gaztaroan. Hori gutxi balitz, “nagusiekin” ere estreinatu da, aurrez aipatu dugun Gilako Itzulian etapa bat irabazita. Baina hor ez da dena amaitzen. 23 urtez azpiko Paris-Roubaix ere irabazi du aurten. Beraz, Taylor Phinney sprinter-erlojupeko espezialista-klasikomano nahaste interesagarri bat dela esan daiteke.

Gertutik jarraitu beharko dugu bere eboluzioa. “Eta huts egingo balu?” – galdetuko du norbaitek. Hori horrela izanda, Tejay van Garderen eta Peter Stetina aipatuko nituzke. Stetinarengan ez daukat aparteko ilusio edo esperantzarik, baina van Garderen ere urruti iristeko moduan dagoelakoan nago.