2011ko Itzuli Handien ibilbideak (III). Espainiako Vuelta

Aurkeztu berri da aurtengo hirugarren Itzuli Handiaren ibilbidea, kasu honetan, abuztuaren 20an – aurreko urtetan baino astebete lehenago – Benidormen taldekako erlojupeko batekin hasiko den Espainiako Vuelta.
Hemen inguruan aspaldiko urtetan baino zarata gehiago atera du aurkezpen honek, urte mordo baten ondoren, Euskal Herritik pasatuko delako lasterketa. Dena den, puntu honek luze jo dezakeelako, utz dezagun hurrengo baterako gai honi buruzko eztabaida.

Hiru Itzuli Handien ibilbideak ikusi ondoren, aurten ere Giroarenarekin geratzen naiz. Bere gehiegikeria eta guzti, beste bien gainetik ikusten dut aurten ere, alde nabarmenarekin gainera. Eta aurtengoan, Vueltak Tourrak baino ibilbide “politagoa” aurkeztu duela uste dut.

4 eta 5. etapetan, Sierra Nevada eta iaz Antonek irabazi zuen Valdepeñas de Jaen-en izango dituzte amaierak. Aurreneko denbora tarteak goiz ikusteko moduan izango gara. Aurreneko aste horretan bertan, pareta gogor baten ondoren San Lorenzo del Escorialen amaituko dena eta Covatillan amaituko diren etapak gehitu behar zaizkie. Vuelta hasiera polita izango da, taldekako erlojupekoaz gain, hautagaien artean denbora tarteak izateko 4 etapa gehiago izango baititugu.

Horren ondoren 40km-ko erlojupekoa izango dute Salamancan. Hauexek izango dira banakako erlojupeko km bakarrik. Oso gutxi nire gusturako, nahiz eta azken aldian Itzuli Handi guztietan zabaltzen ari den ohitura den. Neuk ez dut oso ondo ulertzen km hauek gutxitzeko joera hau…

Manzanedako eski estazioan amaituko da hurrengo etapa interesgarria, nahiz eta zailtasun handikoa ez izan eta bi egunetara, Ponferradan amaituko da etapa, Ancares-tik pasa ondoren. Egia da paraje horietan askoz ere ibilbide gogorragoa prestatu zitekeela, dena dela, balekotzat ematen dut etapa hau, hurrengo urteetarako leku hauek ezagutzera emateko balio baldin badute.

Hurrengo egunean, larunbata irailak 3an, niretzako aurtengo etapa erregina izango dena dugu. San Lorenzo gogorra Farraponarekin ondo lotuta dago eta etapa gogorra izateaz gain, urrutitik lasterketa mugitzeko etaparik aproposena dela deritzot. Txarrena, hurrengo egunean hainbeste izen duen Angliru izango dutela eta oraingo txirrindulariak ezagututa, normalena denak etapa honen zain egotea izango da. Pena bat da baina…

Etapa hauen ondoren, oraindik ere Peña Cabargan amaituko dena geratuko zaie eta azken egunetan, Euskal Herritik zehar prestatu dituzten 2 etapak. Hemen prestatu daitezkeen etapa zoragarriekin alderatuz, oso arinak ikusten ditut baina Vuelta orokorrean ikusi ondoren, gutxien faltan botatzen dudana, mendiko beste etapa bat zen.

Orokorrean gustatu zait ibilbidea – Vueltak aurkezten dituenak erreferentziatzat hartuta, noski –  baina kasu honetan ere, beste 40km inguruko erlojupeko bat faltan botatzen dut. Urrutitik mugitzeko aukera ematen duten beste mendiko etaparen bat ere bai, baina egia esateko, oraingo txirrindulariek hori gero eta gutxiago baliatzen dutela ikusirik – Vueltan oraindik eta gutxiago -, ibilbide honekin konforme geratzen naiz.