Murias Taldea aurrera pausuaren bila

Odriozolaren mutilek erronka handia dute aurtengo egutegian

Dakizutenez, Euskadi – Basque Country izango da Murias Taldearen izena 2016-ean. Euskaltelen agurraren ondoren eta Euskadi Fundazioak Kontinental maila utzi zuenetik Euskal Herriko talde profesional bakarra.

Aurtengo denboraldirako taldea handiagotu da Pello Olaberria, Alex Aranburu, Gotzon Udondo, Mikel Iturria, Aitor Gonzalez gazteen fitxaketekin nahiz eta Cofidisetik iritsi zen Egoitz Garcia eta gaixo ibili zen Haritz Orbe besteak beste galdu dituen arren. “Murias Taldea aurrera pausuaren bila” irakurtzen jarraitu

Tropelako portzentajeak kontutan har ditzake UCIren ranking berriak [inozentada]

Espezialisten txostenaDakizuen moduan UCIk sailkapen unibertsal berri bat proposatu du azken asteetan. Orain arte WorldTour lasterketetako puntuak bakarrik hartzen ziren kontuan sailkapena osatzeko, baina Cooksonek egindako lehen proposamenean kategoria baxuagoko lasterketak ere puntuagarri izatea nahi da.

Zenbait aditu eta matematikari, ordea, arduratuta agertu dira berria jakin dutenean. Beraien esanetan puntu gehiago banatzeak kontrakora pentsatzera bagaramatza ere, txirrindulari gehiagok lortuko lituzkete puntuak eta ondorioz berdinketak izateko aukera nabarmenagoa izango dela adierazi dute 156 orrialdetako txostenean. Hori dela eta, faktore zuzentzaile baten beharra dagoela azpimarratzen dute aipatutako txostenean berdinketa posible horiek ekiditeko. Dioten moduan, aukera desberdinak aztertu ondoren, egokiena Tropelan txirrindulariek lehiaketatan izaten dituzten portzentajeak kontutan hartzea dela ondorioztatzen dute sakon landutako txostenean.

Faktore berri hori #ucifaktorea bezala izendatzen dute txostenean, orain arte ezaguna den #tropelafaktorea-rekin ez nahasteko. Dakizuen moduan #tropelafaktorea-k dagoeneko badu bere esanahia eta hori bere horretan uztea ezinbestekotzat ikusten dute adituek.

Oraindik Cooksonek ez du adierazpenik egin gaiaren inguruan. Aitortu du eskuetan duela txostena eta eskertzen duela horrelako aditu talde batek egin duen lana, kontutan hartuko dutela alegia azken erabakia hartzerako. Gainera Tropelaren 10 urteko ibilbideak faktore zuzentzaileari bermea ematen diola baieztatu du UCIko presidenteak.

Hurrengo egunetan espero da UCIren ranking berriaren behin betiko araudia argitaratzea eta orduan jakingo dugu #ucifaktorea zertan geratzen den.


Eguneraketa: inozentada

Atzoko inozentaden eguna izanik, guk gurean hauxe argitaratzea pentsatu genuen. Egia da UCIk sailkapen berri bat jarriko duela martxan baina ez dago ez adituen txostenik ezta #ucifaktorea edo antzekorik, ondo uste zenuten moduan. Espero dugu barretxo batzuk behintzat eragin izana ;-)

Gorriz azpimarratu dute

riojaneiroBatzuek gorriz markatzen dute, beste batzuek borobiltzen dute. Nork bere erara nabarmentzen ditu egun garrantzitsuak poltsiko edo hormako egutegian. Bada hiru asteko itzulietan iaioak diren txirrindulari askok hori bera egin dute 2016ko abuztuaren 6arekin -biharamunean emakumezkoen txanda izango da-. Egun horretan jokatuko baita Brasilgo Olinpiar Jokoetako gizonezkoen errepideko lasterketa, Rio de Janeiron, cariocarren lurraldean. Ez da harritzekoa, izan ere, ibilbide gogorra prestatu dute. Duela lau urte, Vinokourovek Londresen urrezko domina kolkoratu zuenekoan ez bezala, Brasilen ibilbide aldapatsuari aurre egin beharko diote parte hartzaileek. Aurreneko zatian, aldapa motzak, eta bigarrenean luzeak eta gogorrak. Guztira, gainera, 253 kilometroko bide luzea, kasik amaigabea.  Tourreko mendiko etapa bateko profila dirudi, alajaina. “Gorriz azpimarratu dute” irakurtzen jarraitu

Garaiz dabil

Igor AntonBaieztapen ofiziala falta zen eta hura ere iritsi da azkenean. Igor Anton, Omar Fraile bezala, Hego Afrikako Dimension Data (lehengo MTN-Qhubeka) World Tourreko taldean ariko da 2016an. Hein batean behintzat, ustekabean harrapatu gaitu albisteak. Azken urteetan Movistarren aritu eta gero, Galdakaoko txirrindulariaren etorkizuna airean zegoen, guztiz, eta erretiro hitza ere entzun da azken aste eta hilabeteetan. Zorionez, pedalei eragiten jarraituko du Igor Antonek. Urteak joan dira Antonek Espainiako Itzulian eta Giroan besoak altxatu zituenetik. Mina ematen du gogoratzeak 2010eko Espainiako Vueltan gertatutakoa. Anton lider zela erori eta etxera joan zen eta Nibali izeneko gazteak irabazi zuen itzulia. Handik aurrera, dir-dir egin du italiarrak han eta hemen. Igor Antonek, aldiz, eutsi zion 2011n: Zoncolanen Giroko etapa irabazi zuen eta etxean, Bilbon Espainiako Vueltakoa poltsikoratu zuen. “Garaiz dabil” irakurtzen jarraitu

Pintokoa pistolarik gabe

Contador helmugan tiroaren keinua egiten Oraindik kosta egiten da Parisen jazotakoa irenstea. Bai, orain astebete eskas izandako atentatu sortaz ari naiz. Bazirudien 11-S famatuaren ondoren hartutako segurtasun neurri aunitz eta eskandalagarri haien ondoren gauzak kontrolpean izatetik urruti daudela, alferrikakoak direla alegia. Akaso pentsatu beharko da, frantziarrei kasu honetan, horrelako gorrotoa eragiteraino zerk eraman dituen ekintzaile horiek. Baina hori “dakitenei utziko diegu”, asko baitira gaiaren inguruan dakitenak, telebista nahiz prentsan hala dirudi behintzat. “Pintokoa pistolarik gabe” irakurtzen jarraitu