Irabazteko baimena

Geraint ThomasJames Bonden azken pelikula zinema aretoetan dagoela aprobetxatuta, zuen baimenarekin, Sky taldea eta MI6 zerbitzu sekretu britainiarra parekatuko ditut ondorengo lerrootan. Bond jaunaren pelikuletan, maiz, zerbitzu sekretuari men egin nahi ez diona izaten da gaiztoa, zitala. Bada, Sky taldean ere diziplina arazotxo bat edo beste izan dute Brailsfordek eta gainerako zuzendariek. Esate baterako, Sir Wigginsek irabazitako Tourrean, 2012an, Froomek taldeburua atzean utzi zuen mendiko etapa batean, nahita edo nahi gabe. Auskalo. Ordutik Froome izan da taldeko nagusia, baina ezin uka punta-puntako beste txirrindulari batzuk ere izan dituela Skyk, eta haietako batzuentzat bigarren mailan egotea ez da beti gozoa. “Irabazteko baimena” irakurtzen jarraitu

Marea berdea helburu

euskadi basque country murias teamMunduko txapelketa, Lonbardia eta Abu Dhabiko lasterketak ospatu ostean txirrindulari zaleek itxitzat ematen genion 2015 denboraldiari. Urte bat denetik utzi diguna beste behin. Kasik astirik utzi gabe dastatzeko kilometro mordoxkek utzi gaituzten fruituak hasi gara dagoeneko 2016ra begira.

Txirrindulari garrantzitsuenek hasiak dira argitaratzen urte berriko helburuak – adibidez egun hauetan jakin dugu Valverdek 36 urterekin lehen aldiz izango duela Giroko sailkapen nagusia jomugan, ondoren Nairo Quintanari lagunduko dio Tourrean eta abuztuan Rioko jokoetako hautagaien artean sartu beharko dugu ziurrenik. Eta taldeak ere hasi dira azken hilabeteetan egin dituzten fitxaketekin lan-taldeak ixten. “Marea berdea helburu” irakurtzen jarraitu

Larunbat honetan, denok Gabiriara

Heldu da Gabiria Koparen egun handia.

Txirrindularitzaren jaia izango da larunbatean (azaroak 14) Gabirian biziko duguna. Denboraldi-amaierako festa handia, hainbat ekintza izango dituena.

kartela 2

2015ean Euskal Herrian korritu diren lasterketa profesional guztiak kontuan hartuta (mutilenak eta neskenak), badakigu nortzuk izan diren gure irabazleak, eta orain txirrindulariei sariak banatzeko unea heldu da. Mutiletan, Purito Rodríguez, Ion Izagirre eta Michal Kwiatkowski; nesketan, Kasia Niewiadoma eta Eider Merino.

Baina ez hori bakarrik: urtero egingo dugun ekitaldi honetan, Euskal Herriko txirrindularirik handienak ere omendu nahi ditugu, eta aurten Txomin Perurenaren txanda izango da.

Zenbat garaipen ez ote dauden “Peru”-ren hanketan! 12 etapa Vueltan, 2 etapa Giroan, 9 etapa Euskal Herriko Itzulian, 5. postua Munduko Txapelketan… Baina ez soilik etapak eta egun bakarreko lasterketak: Espainiako Vueltan bigarren geratu zen 1975ean, Tourreko mendiko sailkapena irabazi zuen 1974an… galantak egin ditu oiartzuarrak. Talde-zuzendari gisa ere, ez da makala izan; eta orain, Euskadi Irratian, esatari-lanetan goza dezakegu bere jakinduriaz eta graziaz.

Imajina dezakezue zer izan daitekeen Perurenaren ondoan bazkaltzea eta haren kontuak entzutea? Ba adi, txirrindulari gehiago ere etorriko dira eta. Esate baterako, Euskal Herriak eman duen txirrindularirik handienetakoa: Joane Somarriba, nor bestela! Eta, gainera, Jose Nazabal, Jose Luis Mayoz, Ramontxu González Arrieta, Gorka Izagirre, Jon Ander Insausti, Pello Olaberria… gutxi batzuk baino ez aipatzearren.

15 €-ren truke, ziklismo-giroko tertulia ederrean hitz eta pitz aritzeko aukera izango duzue. Eta seme-alabak ere ekarri nahi badituzue, arazorik ez!

Hori bai: osteguna baino lehen eman behar da izena, 688.635.532 telefonora deituta edo gabiriakopa@gmail.com helbidera idatzita.

Gainera, bazkariaz gain, txirrindularitzari buruzko liburuak eta ekipazioak erosteko aukera ere egongo da, Tropelak, Libros de Ruta argitaletxeak eta Urtekariak stand bana jarriko baitute euren produktuekin.

Animatu zaitezte! Luzaroan gogoratzeko moduko eguna izango da!

(Jarraitu gaitzazu Twitterren: @gabiriakopa)

Argia da Nibali. Argiena?

Denboraldi gorabeheratsua izan da zalantzarik gabe Nibalirena. Frantziako Tourra hasi aurretik iazkoaren antzeko ibilbidea zeraman, soilik bere herrialdeko txapelketa poltsikoan zuelarik. 2014ko prestaketa berbera, beraz. Noski, iazko Tourrean egindakoa eginez gero (4 etapa eta sailkapen nagusia) gainontzeko denak barkatuta daude.

Baina aurtengoan gauzak ez dira berak uste bezain ongi irten. Nahi baina exkaxago frantziar maldetan, lasterketa osoa ezinean ibili ondoren etapa batekin makilatu du bere partaidetza. Noski, hau ez da halako presupuestoa duen txirrindulari batentzako nahiko emaitza, eta taldeko ugazabak Espainiara bidali zuen #laVuelta (ez #LV2015) lehiatzera. Eta hara, bigarren etapan etxera,  nola eta kamerek taldeko autoari eskegita harrapatu ostean.

“Argia da Nibali. Argiena?” irakurtzen jarraitu

2015eko denboraldiari errepasoa (I)

Tropela estatistikakIaz lehiaketa kopurua igo egin genuen galdeketa bat egin eta gero, beraz, ezin 2014a 2013arekin alderatu, ez zuzenean behintzat. Aurten, iazko egutegi bera izanda, azterketa zuzenagoa egiteko moduan gara.

Datu politak lortu ditugu aurtengoan zuei guztioi esker. 210.000 kiniela baino gehiago egin dira aurtengo denboraldian, iaz baino 13.000 inguru gehiago. 21 lehiaketa izan direla kontutan hartuta, bataz beste 600 kiniela gehiago lehiaketa bakoitzeko. Guztietan ez da gorakada bera izan, eta guztietan ez da gorakada izan. Itzulian eta Emakumezkoen Munduko txapelketan beherakada izan da, %3 eta %5ekoa hurrenez urren.

Gorakadarik nabarmenena jasan dutena Suitzako Tourra eta Donostiako Klasikoa izan dira. Azken hau lehiaketarik jendetsuena izan da hiru handien ondoren, 11.000 kiniela baino gehiagorekin. Aipagarria iruditzen zaigu Emakumeen Biraren igoera, izan ere %14koa izan baitu, ia 8.900 kiniela izan dituelarik.

Erabiltzaile kopuruaren igoera nabarmen geratzen da Urteko Sailkapenean ere. Aurtengo denboraldian ia 21.400 erabiltzailek osatzen dute Urteko Sailkapena; iaz, aldiz, 20.400 inguru izan ziren.

Asko pozten gaitu erabiltzaile kopuruak gora egiten jarraitzen duela ikusteak. Horrek hurrengo urteari begira ere indarrak ematen dizkigu zerbitzua hobetzen jarraitzeko. Beraz, eskerrik asko, beste behin, erabiltzaile guztioi aurten ere hor izan zaretelako!!