Mikel Landa Giroko hautagai nagusia

Sekula ez du Tropelak euskal txirrindulari bat Giroko hautagai nagusien multzoan izan, eta esango nuke Tourrean eta Vueltan ere ez. A ze esperantzak piztu dituen Murgiako txirrindularia zaleon artean!!

2016_Mikel_LandaIzan ere ez da soilik hautagai nagusien multzoan sartzeko besteko meritu izatea: momentu honetan Tropelan hautatuena dugu SKYko liderra. Eta ez da harritzekoa ikusita iaz erakutsi zuen maila eta aurtengo denboraldi hasiera bikaina.

Osasun arazoak edo behar beste errendimendua aurkitu ezinda zebilela jakin genuen denboraldi hasieran. Martxoa amaiera arte ez da lehian hasi baina Garrastatxun gora zalantzak uxatu zituen arabarrak. Etapa eta lidergoa eskuratu zituen, baina lasterketa erritmo faltak eraginda seguruenik, ez zen eusteko gai izan. Taldeak berak ere ez zuen espero sailkapen nagusiaren lehian izatea, baina ez zuen harritu etapa garaipenak.

Trentinon, ordea, Giroa hasteko bi asteren faltan, Nibali berari ere gailendu zaio Mikel. Egia da siziliarra lasai aritu dela, baina Kangert eta Fuglsang taldekideek ere ezin izan dute Mikel mendean hartu eta podiumeko alde banatatik begiratu behar izan diote txapeldunari.

Esperantza piztu digu, bai, Mikelek aurtengo Girorako. Horrenbesterako da non ETB-k ere lasterketa italiarra zuzenean emango duen ostiraletik aurrera.

Uste dut ez zaiola erraz egingo Mikeli lasterketa irabaztea izan ere hiru erlojupeko izango baititu lasterketak. Guztietan berarentzat desegokiena 9. etapan jokatuko dutena izango da, 40km-ko ibilbidea duena. Aitzin etapa 10km-takoa izanik ez dut uste denbora asko galduko duenik eta 15. etapakoa krono igoera izaki, bere alde izango du.

Irabazteko gai ez bada ere onenen artean lehian ikuste bera zirraragarria izango da, ahaztua baitugu euskaldunok hori zer den Igor Anton 2010eko Vuelta irabazteko lehian izan genuenetik.

Animo eta arrosaren bila!!!!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.