Zorionak, Poulidor!

Poulidor, 1961ko Milan-San Remo irabazi zuen uneanApirilaren 15ean 80 kandelari putz egingo die bizirik dagoen ziklistarik mitikoenetako batek: Poulidorrek. Ez zuen inoiz Tourra irabazi, baina batez ere bere kemenagatik eta Anquetil eta Merckx bezalako txapeldun handiekin izandako borroka estuengatik milaka zale frantziarren bihotza bereganatu zuen. 1964ko Tourra esku-eskura izan zuen. Txirrindularitzaren historiako liburu gehienetan tartea du Puy de Domeko igoera gogoangarriak. Ametsen Antzokian, sumendi itogarrian. Anquetil eta Poulidor, Poulidor eta Anquetil pega-pega eginda, bata eta bestearen sorbaldak ikutzeraino. Poulidorrek aurkaria atzean utzi zuen eta haren aurretik iritsi zen helmugara.

Anquetilek, baina, 13 segundoko abantaila zuen oraindik sailkapen nagusian. Poulidor, baina, ez zegoen amore emateko prest, eta non eta Anquetil ondoen moldatzen zen diziplinean, azken eguneko erlojuz kontrako etapan, emozioak goia jo zuen. Anquetil hobeto atera zen, baina Versalles eta Paris arteko bidean, apurka-apurka behera egin zuen. Poulidor helmugara iritsi zenean, jendez inguratuta ikusi zuen bere burua eta batek baino gehiagok esan zion Poulidorri Anquetili aurrea hartuko ziola sailkapen nagusian. Poulidorren ilusioa zapuztu zuen, ordea, maillot horiak. Nahiak errealitateari aurrea hartu zion… 2014an, Puy de Domen, non bestela, omendu zuten Poulidor, igoera ahaztezinaren 50. urteurrenaren harira.

Poulidor eta Anquetil

Porrota horrekin eta beste batzuekin lotzen dugu maiz Poulidor, baina goi mailako txirrindularia izan zen, garaipen zerrenda luzea lortu zuena. Esate baterako, Tourrean bertan zazpi etapa irabazi zituen. Aurrena 26 urterekin eta azkena 38rekin. Horrez gainera, 1961ean Milan-San Remo eta Fleche-Wallone klasiko handiak irabazi zituen, baina Paris-Niza ere. Eta baita Espainiako Vuelta ere, Luis Otaño oreretarraren zoritxarrerako, bigarren sailkatu baitzen sailkapen nagusian… Arrateko igoeran ere bitan nagusitu zen. Bada zerbait, ezta?

Gurean, Euskal Herrian, gure Poulidor ere badugula esan daiteke. Henao. Kolonbiarrari hirutan ihes egin dio Itzuliak azken arnasean, baina hain justu horregatik ziurrenik hainbat zaleren ziklista kutuna izango da gurera etortzen den hurrengo aldian, tartean lerroon egilearena.