Rodriguez, bikain: 10

Joaquim Rodriguezek irabazi du denboraldiko azken klasiko handia, Lonbardiako Giroa. Ikuskizuna emanda irabazi ere. Azken mendatetxora indartsuenak bil-bil eginda iritsi dira eta bertan egin du aurrera Katusha taldeko liderrak, gainerako guztiak atzean utzita. Rodríguez bakarrik helmugaratu da, pozarren. Denboraldi bikainari ginga jarri dio, benetan: Euskal Herriko Itzuliko bi etapa, Giroan beste bi eta maglia arrosa hainbat egunetan, hiru etapa Espainiako Vueltan eta maillot gorria egun askotan… Samuel Sanchez bigarren sailkatu da. Continue reading “Rodriguez, bikain: 10”

Gilbertek eta Vosek beren maisulanak amaitu dituzte

Joan den urtea bikaina izan zen Gilbertentzat. Garaipen ugari lortu zituen. Garaipenak bakarrik ez; erakustaldi mordoa eman zuen han eta hemen. Eta horietako bat, oso urrun joan gabe, gurean, Donostiako Klasikoan eman zuen – Iosu Garate adiskideak twitter bidez esan bezala, iazko Klasikoan jada erakutsi zuen ortzadar maillota atsegin zuela…-Urteari ginga jartzeko ortzadar maillota nahi zuen, baina ibilbideak ez zion batere mesederik egin eta Cavendishek eraman du soinean urte osoan. Aurten denboraldia ez da horren ona izan BMC taldeko txirrindulariarentzat, baina Espainiako Vueltan Monjuiteko etapa irabazi zuen, abisu moduan. Azkenean, Limburgen jantzi du iaz ihes egindako elastikoak. La Redouten, Lieja-Bastonge-Lieja lasterketako mendate ezagunearen magalean, koskortu zen haurra beste klasiko handi baten bukaeran, Amstel Gold Raceren amaieran, bihurtu da Munduko Txapeldun. Nolabait esateko, maisulana bukatu du Gilbertek. Eta beste horrenbeste egin du Vosek emakumezkoetan.

Continue reading “Gilbertek eta Vosek beren maisulanak amaitu dituzte”

Contador, noraino?

La Bola del Mundoko etapa ikusgarria izan da –bukaera behintzat-. Menchovek irabazi du etapa Porteri aurrea hartuta azken metroetan –ihesaldian sartu dira biak ala biak- eta Romain Sicard bosgarren bukatu du. Hazparneko ziklistak ekarriko digunaren aurrerapena? Hala izan bedi! Sailkapen nagusiari dagokionez, etapak ez du irauli. Rodriguezek erasoa jo du, Morenok erritmoa berotu eta gero, eta Contador eta Valverde atzean utzi ditu, baina azkenean, Madrilgo podiumeko hiru koskak okerrik ez dela Contadorrek, Valverdek eta Rodriguezek zapalduko dute igande arratsaldean, hurrenez hurren. Fuente De-ra bidean Katusha horren indartsu egon izan balitz… Continue reading “Contador, noraino?”

Joaquim Rodriguez Contador erretzen ari da

Joaquim Rodriguezek irabazi du Ancareseko mendiko etapa. Contador bigarren sailkatu da bost segundora, Valverdek hamahiru segundo galdu ditu eta Froomek ia 40 segundo.  Hauek guztiak zenbakiak baino ez dira. Zenbaki hotzak. Baina behin helmugara iritsita telebistak erakutsitako irudiek informazio asko eman dute. Contadorrek, etsipen puntuarekin, kazetari baten mikroa aldendu du. Igotzaile espainiarrak helmugatik bi kilometrora erasorik gogorrena jo du eta baita tartea ireki ere. Ez zaio, ordea, nahikoa izan eta Ezaron bezala, Rodriguezek Contador atzeman eta azken metroetan atzean utzi du. Katushako taldeburuak hiru etapa irabazi ditu dagoeneko. Bikain. Continue reading “Joaquim Rodriguez Contador erretzen ari da”

Contadorrek enbido, Valverdek hordago

Valverdek irabazi du, ustekabean, Collada de La Gallinako gainean, Andorran. Contadorrek jo du azken kilometroan eta bakarrik abiatu da helmugarantz, baina Saxo Bank-Tinkoff Bank taldeko igotzailea bete egin da eta Valverdek eta Rodriguezek aurrea hartu diote ia-ia helmuga marraren gainean. Beñat Intxausti eta Igor Anton bikain aritu dira eta minutu erdira iritsi dira biak ala biak.

Courchevel etorri zait gogora gaur, 2005eko Frantziako Tourreko igoera zehazki. Orduko hartan ere Valverde nagusitu zen. Oso txirrindulari gaztea zen artean espainiarra, eta nori eta Armstrongi azken metroetan nagusitu zitzaion. Orduko hartan, gaur bezala, laukote batek lehiatu zuen etapa. Mancebo eta Rasmusen iritsi ziren Valverde eta Armstrongekin batera. Zazpi urte ez dira alferrik pasatu. Valverdek eskarmentu handiagoa du, jakina, garaipen zakua bete-beteta du, baina guruzbidea ere igaro du zigorra tarteko. Armstrong erretiratu zen, itzuli zen, behin betiko erretiratu eta orain AEBetako dopinaren aurkako agentziak infernura bidali du.

Espainiako Vueltako gaurko etapara etorrita, Skyk oso erritmo gogorra jarri du Collada de la Gallinako lehen maldetan eta hiru kilometroren faltan, Valverdek jo du. Haren atzetik Froome, Contador, Purito Rodríguez eta Moreno atera dira. Morenok azkenean amore eman du eta laukotea geratu da lasterketaren buruan. Igor Anton eta Beñat Intxausti laukotearekin bat egiteko zorian izan dira, baina azkenean ez dute lortu. Azken kilometroan Contadorrek jo du, eta bazirudien espainiarrak irabazi behar zuela. Usteak erdi ustel, ordea. Igotzaile espainiarra bete da. Guztiz bete ere, eta atzetik etorrita, Valverdek eta Rodriguezek harrapatu eta atzean utzi dute ia helmuga marraren gainean. Froome 14 segundo utzi ditu –gehi gainsaria- eta Intxausti eta Anton minutu erdia. Pena da lehen astean Antonek ia hiru minutu galdu izana; podiumerako borroka oso garesti dago galdakaotarrarentzat, benetan.

Ezin aipatu gabe utzi Uranek atzo eta gaur artean agur esan diola sailkapen nagusiari, denbora asko galduta. Beharbadak Skyk hobeto zaindu behar zuen kolonbiarra Froomekin zer gerta ere.  Mollemak ere denbora asko galdu du –ia bi minutu- eta ez dirudi iazko laugarren postua errepikatzeko moduan egongo denik. Beste kolonbiar batek, nahiko ezezagunak, Lampreko Anaconak maila bikaina eman du; zortzigarren iritsi da 39 segundora.

Argazkia: Bettini / cyclingnews