Contadorrek enbido, Valverdek hordago

Valverdek irabazi du, ustekabean, Collada de La Gallinako gainean, Andorran. Contadorrek jo du azken kilometroan eta bakarrik abiatu da helmugarantz, baina Saxo Bank-Tinkoff Bank taldeko igotzailea bete egin da eta Valverdek eta Rodriguezek aurrea hartu diote ia-ia helmuga marraren gainean. Beñat Intxausti eta Igor Anton bikain aritu dira eta minutu erdira iritsi dira biak ala biak.

Courchevel etorri zait gogora gaur, 2005eko Frantziako Tourreko igoera zehazki. Orduko hartan ere Valverde nagusitu zen. Oso txirrindulari gaztea zen artean espainiarra, eta nori eta Armstrongi azken metroetan nagusitu zitzaion. Orduko hartan, gaur bezala, laukote batek lehiatu zuen etapa. Mancebo eta Rasmusen iritsi ziren Valverde eta Armstrongekin batera. Zazpi urte ez dira alferrik pasatu. Valverdek eskarmentu handiagoa du, jakina, garaipen zakua bete-beteta du, baina guruzbidea ere igaro du zigorra tarteko. Armstrong erretiratu zen, itzuli zen, behin betiko erretiratu eta orain AEBetako dopinaren aurkako agentziak infernura bidali du.

Espainiako Vueltako gaurko etapara etorrita, Skyk oso erritmo gogorra jarri du Collada de la Gallinako lehen maldetan eta hiru kilometroren faltan, Valverdek jo du. Haren atzetik Froome, Contador, Purito Rodríguez eta Moreno atera dira. Morenok azkenean amore eman du eta laukotea geratu da lasterketaren buruan. Igor Anton eta Beñat Intxausti laukotearekin bat egiteko zorian izan dira, baina azkenean ez dute lortu. Azken kilometroan Contadorrek jo du, eta bazirudien espainiarrak irabazi behar zuela. Usteak erdi ustel, ordea. Igotzaile espainiarra bete da. Guztiz bete ere, eta atzetik etorrita, Valverdek eta Rodriguezek harrapatu eta atzean utzi dute ia helmuga marraren gainean. Froome 14 segundo utzi ditu –gehi gainsaria- eta Intxausti eta Anton minutu erdia. Pena da lehen astean Antonek ia hiru minutu galdu izana; podiumerako borroka oso garesti dago galdakaotarrarentzat, benetan.

Ezin aipatu gabe utzi Uranek atzo eta gaur artean agur esan diola sailkapen nagusiari, denbora asko galduta. Beharbadak Skyk hobeto zaindu behar zuen kolonbiarra Froomekin zer gerta ere.  Mollemak ere denbora asko galdu du –ia bi minutu- eta ez dirudi iazko laugarren postua errepikatzeko moduan egongo denik. Beste kolonbiar batek, nahiko ezezagunak, Lampreko Anaconak maila bikaina eman du; zortzigarren iritsi da 39 segundora.

Argazkia: Bettini / cyclingnews