Zerua oskarbi dago

Mendiko lehen etapa borobila izan da Sky taldearentzat. La Planche des Belles Filles mendatean -sei kilometroko oso igoera gogorra, gaur arte nahiko ezezaguna- nagusitu da Froome eta Wigginsek maillot horia jantzi du. Soilik Evansek, Nibalik eta Taaramaek eutsi diote Skyko bikoteari. Haimar Zubeldiak etapa bikaina egin du eta seigarren sailkatu da ; RadioShack talde xelebrearen liderra izan daiteke Tourrean aurrerantzean. Xelebrea diot Franck Schleck, Kloeden eta Horner, ustezko hiru liderrak, erdipurdi aritu direlako.

Continue reading “Zerua oskarbi dago”

Saganek gurpiletik atera ditu

Saganek bigarren etapa garaipena lortu du Boulogne-sur-Merren. Igandean bezala, helmuga koska batean jarri dute antolatzaileek eta inor ez da gai izan eslovakiarraren zartakoari erantzuteko. Herenegun bezala, Chavanel tropela ustekabean harrapatzen saiatu da azken maldan, baina alferrik. Samuel Sanchez zortzigarren helmugaratu da.
Sailkapen nagusiari dagokionez, ez da aldaketa handirik izan. Cancellarak lider jarraitzen du eta ezusteko handirik ezean, RadioShack Nissan Trek taldekoak lehen postuari eutsiko dio larunbatera arte. Wiggins moztuta sartu da helmugan, baina azken kilometroan izandako eroriko batek eragin duenez atzerapen hori, Skyko ingelesak ez du denborarik galdu.

Continue reading “Saganek gurpiletik atera ditu”

Saganek lehenengoa sartu du zakuan

Saganek irabazi du Tourreko lehen etapa, Seraingen. Liquigas-Cannondale taldeko txirrindularia, Cancellara liderra eta Boasson Hagen izan dira indartsuenak ziklistak helmugara eraman dituen aldapan, eta azken metroetan, Saganek ez du hutsik egin. Joan den urtean Espainiako Vueltan debuta egin eta besoak altxatu zituen eslovakiarrak eta lehen Tourrean ere ez da esku hutsik etxeratuko.

Azken aldapak tropela hamaika multzotan zatitu du –Cavendishek ezin izan dio erritmoari eutsi eta atzean geratu da-, baina faborito gehienak elkarrekin helmugaratu dira. Denbora berean sartu diren 48 ziklisten artean izan dira Haimar Zubeldia eta Samuel Sanchez; Leipheimerrek 17 segundo galdu ditu eta Frommek minutu eta erdi, @inaxioesnaola adiskideak gogora ekarri digunez. Nabarmendu behar da lehen hamarren artean sailkapen nagusia lehiatuko duten zenbait txirrindulari izan direla, Gesink, Hesjedal eta Valverde kasu. Gainerakoan, Cancellarak maillot horiari eutsi dio. Bestalde, lerrook idazteko orduan ezin jakin Tony Martinek Tourrean jarraitzerik izango duen; lepauztaia hautsita izan lezake alemaniarrak.

Continue reading “Saganek lehenengoa sartu du zakuan”

Rui Costa, Agostinhoren oinordekoa

Joaquim Agostinhoren izena ezezaguna izango da guztiz tropelzale gehienentzat, 70eko hamarkadako ziklista baten izen-abizenak dira eta. Portugalek emandako ziklistarik onena inondik ere. Tourrean bost etapa irabazi zituen, tartean L’Alpe d’Huezekoa. 42 urterekin hil zen, Portugalgo Itzulian izandako eroriko baten ondorioz. Rui Costak ez zuen ezagutu, Agostinho hil eta bi urtera jaio baitzen. Dena dela,  haren bidetik ari da Movistar taldekoa. Urtez urte, urratsez urrats. Iaz, Tourreko etapa eta aurten, etapa Romandiako sailkapen nagusian hirugarren eta Suitzan etapa eta sailkapen nagusia. Eta 25 urte besterik ez ditu… Continue reading “Rui Costa, Agostinhoren oinordekoa”

Inurriaren udaberri gozoa

Joan den urtean bezala, Wigginsek irabazi du Dauphine. Denboraldi honetan, Paris-Nizan eta Romandiako Tourrean ere nagusitu da ingelesa.
Dauphineko ‘patroia’ izan da Wiggins, ia-ia hasieratik eraman baitu maillot horia. Azken hiru etapetan mendate handiak igo behar izan ditu tropelak, tartean Joux Plane, eta maldan gora ere, onenen pare aritu da Wiggins. Astebeteko itzuliei neurria hartu die Sky taldeko txirrindulariak eta nola, gainera: aurrena Paris-Niza, ondoren Romandia eta orain Dauphine -Egoitz adiskideak twitterren aipatu bezala, hura izan da hori lortzen lehena-. Sasoi betean martxoan, apirilean eta ekainean. Tourra beharbada ez du irabaziko, baina irabaziko balu zaplasteko ederra emango lieke sasoi bete-betea denboraldian behin eduki daitekeela diotenei. Inurria bailitzan, ahalik eta probetxurik handiena ateratzen ahalegintzen da proba bakoitzari eta irabazteko aukera badago, ba onena eman irabazteko. Gero gerokoak. Continue reading “Inurriaren udaberri gozoa”