Joaquim Rodriguez Contador erretzen ari da

Joaquim Rodriguezek irabazi du Ancareseko mendiko etapa. Contador bigarren sailkatu da bost segundora, Valverdek hamahiru segundo galdu ditu eta Froomek ia 40 segundo.  Hauek guztiak zenbakiak baino ez dira. Zenbaki hotzak. Baina behin helmugara iritsita telebistak erakutsitako irudiek informazio asko eman dute. Contadorrek, etsipen puntuarekin, kazetari baten mikroa aldendu du. Igotzaile espainiarrak helmugatik bi kilometrora erasorik gogorrena jo du eta baita tartea ireki ere. Ez zaio, ordea, nahikoa izan eta Ezaron bezala, Rodriguezek Contador atzeman eta azken metroetan atzean utzi du. Katushako taldeburuak hiru etapa irabazi ditu dagoeneko. Bikain.

Igor Anton onenengandik gertu ibili da; zazpigarren helmugaratu da. Baina Euskaltelen estrategia Vueltara begira ez zait egokia iruditzen, lider bakarra eraman baitu Vueltara. Mikel Nieverekin eta Samuel Sanchezekin –bigarren erorikoaren aurretik erabakita zuten asturiarra Vueltara ez joatea- etapa garaipen lehiarako sikiera boleto gehiago izango lituzke talde laranjak. Eta ohorezko aipamena merezi duena, Talansky estatubatuarra. Gaur seigarren helmugaratu da eta 23 urte besterik ez ditu.

Sailkapen nagusiari dagokionez, ezusteko handirik ezean, Rodriguezek edo Contadorrek irabaziko dute Vuelta. Kataluniarrak 22 segundoko aldea du Contadorrekiko. Valverdek hirugarren postua eskura du, Froomekin denbora berean baitago –minutu eta 40 segundora-. Froome, tamalez, egunetik egunera behera egiten ari da –Skyk kale egin zuen bi kolonbiarrak Froomen mesedetan hipotekatuta-. Era bitxian ari da Skyko liderra, benetan; gaur atzean geratu da, baina bat-batean Valverde eta Rodriguzekin bat egin eta eraso egin die;  berehala, baina, atzean geratu da berriro ere. Bat batekotasuna –Froomek berak aitortu du ez zituela etapa bukaerak ezagutzen- emaitza onik ez dakarrela diote adituek. Igor Anton hamargarren da sailkapen nagusian, zazpi minutu pasatxora.

Argazkia: Fotoreporter Sirotti / cyclingnews