Contador, noraino?

La Bola del Mundoko etapa ikusgarria izan da –bukaera behintzat-. Menchovek irabazi du etapa Porteri aurrea hartuta azken metroetan –ihesaldian sartu dira biak ala biak- eta Romain Sicard bosgarren bukatu du. Hazparneko ziklistak ekarriko digunaren aurrerapena? Hala izan bedi! Sailkapen nagusiari dagokionez, etapak ez du irauli. Rodriguezek erasoa jo du, Morenok erritmoa berotu eta gero, eta Contador eta Valverde atzean utzi ditu, baina azkenean, Madrilgo podiumeko hiru koskak okerrik ez dela Contadorrek, Valverdek eta Rodriguezek zapalduko dute igande arratsaldean, hurrenez hurren. Fuente De-ra bidean Katusha horren indartsu egon izan balitz…

Contadorrek, 29 urterekin, bosgarren itzuli handia du. Bina Tour eta Vuelta irabazi ditu eta Giroa, behin –Tour eta Giro bana bidean geratu dira jasotako zigorragatik-. Nire uste apalean, Vueltan egindakoak are merito handiagoa ematen dio Evansi 2011ko Tourrean espainiarra menderatu izanagatik. Txirrindularitzak emandako beste txapeldun handien garaipen zerrendari erreparatu diot, jakiteko ea noraino iritsi ziren 30 urte betetzeko atarian, eta hona emaitza:

Fausto Coppi. 4: hiru Giro eta Tour bat (orotara bost Giro eta bi Tour irabazi zituen)

Jacques Anquetil. 6:Lau Tour, eta Giro eta Vuelta bana (orotara bost Tour, bi Giro eta Vuelta bat)

Eddy Merckx. 11: Bosna Tour eta Giro eta Vuelta bat (hiru asteko itzuli guztiak irabazi zituen 30 urte bete aurretik)

Bernard Hinault. 8: Lau Tour, bi Giro eta bi Vuelta (bost Tour irabazi zituen denera)

Miguel Indurain. 5: Hiru Tour eta bi Giro (beste bi Tour irabazi zituen nafarrak)

Lance Armstrong: Hiru Tour (beste lau irabaziko zituen ondorengo urteetan)

Noraino iritsiko da Contador? Munstru horietako zenbait irentsiko ditu? Batek daki. Egun batetik bestera bizitza alda dakiguke edonori eta berari ere bai, noski, baina ez da erokeria esatea oraindik hiruzpalau urte badituela aurretik hiru asteko itzuliak irabazteko.

Argazkia: Cyclingnews / Sirotti