
Sentsazio gazia daukat, Ametsengatik pena sentsazioa, alegia. Txirrindularitza ez da batere justua izaten ari Etxebarriako mutil ausart honekin, izan ere, gutxi izango baitira Ametsek bezainbeste garaipen bat merezi dutenak. Urteak dira lanean zintzo ari dela, behin eta berriro zutoina joaz, ausardia erakustaldi handiekin, taldegizon lan ilun baina garrantzitsuarekin, eta parte hartzen duen lasterketa gehienetako animatzaile nagusia izaten.
Aurtengo Euskal Herriko edizioa bere lasterketa izaten ari zen. Itzuli hau ikusi dudan Ametsik onena nabarmentzen ari zen, Tourreko konbatibitatea irabazi zuena baino hobea oraindik. Ihesaldietan ematen zuen indar sentsazioak, Arrateko maldetan emandako kasta erakustaldiak, nahiz eta jakin faboritoek irentsi egingo zutela, eta antzerako ñabardurak ez dira zale eta lagunentzat alperrikakoak balira bezala ondotik pasatzen.
Gogoratzen dut bere afizionatu garaian era zortea ez zuela oso lagun. Olarran ari zenean auto batek aurretik eramanda femurra hautsi zion eta haustura hartatik errekuperatzea asko kostatu zitzaion. Entrenatu eta entrenatu, baina ibili ez. Txirrindularitza utzi eta ikasketetan buru-belarri sartzea ere pasatu zitzaion burutik (garai hartan biak zeramatzan paraleloan). Baina ez zuen amore eman, eta Debabarrena taldeak emandako aukera esker eta Italian pasatako garai hari esker profesionaltasunerako atea irekitzea lortu zuen. Urtebete behar izan zuen Madariagak konturatzeko Ametsek zerbait zeukala. Beste urtebete Ametsek, Tourrera joan eta lasterketa bikain batekin Euskaltel lehen aldiz Pariseko podiumean sartzeko.
Esan bezala, makina bat jaurtiketa bota ditu zutoinera, eta hainbat eroriko mingarri, bai planu fisikoan hala psikologikoan. Gogoratzen dut Euskaltelen debutatu zuen urtean Romandiako Tourrean lurrera joan zela ihes eginda zihoala, etapa euritsu batean. Euskal Bizikletan ere mokorra mindu zuen eroriko latz batekin, gorputzaldi apartean zegoenean. Iazko Tourrean ere Parisera iristeko egun bi falta zirela lurra dastatu zuen berriro. Baina hor darrai, gutxi bezala gerra ematen.
Uste dut afizionatu guztiek baloratzen dutela txirrindulari honek lasterketan duen jarrera. Beti dena ematen du, hanketatik bururarteko profesionala dela erakutsiz. Baina horrez gain esker oneko mutila da, atsegina, irrifartsua eta gertua. Atzo ez zen atera, lepauztaia hautsita Aiako aldapan behera. Berriro ere zorteak bizkarra eman dio.
Guzti hau dela eta, txirrindularitzak Ametsi garaipen handi bat zor diola uste dut. Espero dezagun aurten errepide frantziarretan etortzea.
Talde batek denboraldi batean 86 garaipen lortu dituela esanda, ez dago asko gehiagorik kontatzeko.
Helburu nagusia da. Andy Schleckek Alberto Contador Parisen goitik behera begiratzea, podiumeko lehenengo postutik beste batera begiratzea, alegia. Eta hori buruan sartuta antolatu du denboraldia talde danimarkarrak. Dena den, bajak asko igarri ditzake
Gertatu zena sinistu ezinik, Sergio Levi medikua amildegian behera zihoan, Pedro Horrillo erreskatatzeko asmoz. Pedro Horrillo, edo bere gorpua, Levik ez baitzeukan ermuarra bizirik aurkitzeko inolako esperantzarik. Baina han aurkitu zuen, 80 metro beherago, lurrean etzanda, goitik behera odolez beteta, izan ere, erorikoan denetarik jo zuen Pedrok: adarrak, harriak… azken finean, bere gorputz sendoak zulorako bidean aurkitu zuen guztia. Lurrean etzanda zegoen, begiak zabalik, baina konortea galduta. Baina medikua bi metrotara inguratu zenean, txikitutako gorpu hura jaso egin zuen. “Nola deitzen zara?”-galdetu zion medikuak. “Me chiamo Pedro”, erantzun zuen ermuarrak, bere ezker oin zaurituaren gainean oreka nolabait mantenduz. Levik lasaitasuna eskatu zuen, eta lurrean etzan zuen, berriz.
Prentsaurrekoa eman zuen mahaira arteko ibilbidea luzea eta geldoa izan zen, eta han zeuzkan tratatu duten medikuak zain. Ibilbide geldoa, baina zoragarria. “Azken asteotan lan muskulu-eskeletikoa egin dugu, eta gaur bere kabuz gela honetan sartu izanak argi eta garbi uzten du bere eboluzioa nolakoa izan den” – esan zuen Felipe Lucenak, Barne-Medikuntza Saileko medikua denak. Bide batez, ermuarraren trinkotasun fisikoa goraipatu zuen: “Oso gizon sendoa da. Sendotasun horri eta aurrera ateratzeko gogoei esker errekuperazio zoragarria izan du, denok espero genuena baino askoz hobea”. “Denok egon gaitezke oso-oso pozik Pedro gaur hemen gurekin egoteagatik” – zioen Juan Ramón ValentÃk, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako zuzendariak. “80 metroko amildegi batetik erortzea… Oso erreskate konplikatua gainditu du, eta kirurgia serie gako bat, kolpeen ondorioz birrindutako gorputzaren zatiak birkokatzeko. Horregatik egon gaitezke denok pozik gaur Pedrok bere kabuz dena azaldu duelako. Baina esfortzu nagusia berea izan da. Gorputza ez bada behar besteko indartsua, kirolariaren egoera orokor eta borrokarako animo gabe, ezin izango genuke ezertxo ere egin”. Bi medikuekin bat zetorren Pablo DÃaz de Rada, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako espezialista. Honek ere Pedroren eboluzio harrigarria azpimarratu zuen, txirrindulariaren jarrera eta diziplina goraipatuz, baina optimismo neurrigabea baretzen saiatu zen. “Bizimodu normal batera itzultzea? Laster izango da bizikleta bat berriz hartzeko gai, pasiotxo bat egiteko, baina zoritxarrez, errotulako zauriak direla eta (errotulak asko sufritzen du txirrindularitzan), itxaron egin beharko dugu bere eboluzioa ikusteko. Orduan jakingo dugu zein maila har dezakeen bizikleta baten gainean. Pedroren organismoa oso gogorra da, bai, baina horri ezin zaio eperik jarri”.
Przemyslaw Niemiec kirolaria dela esanda, txirrinduzale askok ez luke jakingo gizaseme poloniar baten inguruan hitz egiten ari garenik, ezta txirrindularia denik ere. Baina Przemyslawek badaramatza urte batzuk pedalei eragiten, gero eta indar gehiagoz. Futbolarekin paralelotasun bat eginda, txirrindularitzako Xerez bat dela esan genezake. Urteak joan eta urteak etorri, bigarren mailako lasterketetan maila aparta eman izan du, baina beti beste bat da gorengo mailara jauzia egiten duena. Kontua da Xerezek aurten Lehen Mailarako txartela lortu duela, eta poloniarrak oraindik ez, nahiz eta garaipen onak pilatzen ari den.