Txirrindularitzako Xerez

niemiecPrzemyslaw Niemiec kirolaria dela esanda, txirrinduzale askok ez luke jakingo gizaseme poloniar baten inguruan hitz egiten ari garenik, ezta txirrindularia denik ere. Baina Przemyslawek badaramatza urte batzuk pedalei eragiten, gero eta indar gehiagoz. Futbolarekin paralelotasun bat eginda, txirrindularitzako Xerez bat dela esan genezake. Urteak joan eta urteak etorri, bigarren mailako lasterketetan maila aparta eman izan du, baina beti beste bat da gorengo mailara jauzia egiten duena. Kontua da Xerezek aurten Lehen Mailarako txartela lortu duela, eta poloniarrak oraindik ez, nahiz eta garaipen onak pilatzen ari den.

Przemislaw Niemiecek argi zeukan txirrindularia izan nahi zuela. Baina Oswiecimgo lurralde hotzetan etorkizuna ez da oso oparoa. Polonia lurralde hotza da, entrenatzeko batere gozoa ez dena, eta txirrindularitza ez dago gizartean oso barneratuta. Egia da azken urteotan Poloniako Itzulia Uci Pro Tourrean sartzea nolabaiteko bultzada izan dela kirol honentzat ingurune horretan, baina oraindik Europa mendebaldeko lasterketen oparotasun eta kalitatetik urrun dabiltza.

Gauzak honela, Amore & Vita – Beretta taldeak sinatu zuen. Talde berezia da Amore & Vita, Aita Santuaren taldea, Vaticano Hirikoa, alegia. 1990etik dago tropelean, eta hasiera batean italiarra eta gero britainiarra izan ostean, 2001. urtetik taldea poloniarra da. Talde berezia, esan bezala, ez baitu ezeren propaganda egiten, bere helburua bakearen eta maitasunaren mezua hedatzea baita.

Przemyslaw Niemiecentzat sekulako tranpolina izan zen. Zortea izan zuen talde hau poloniarra izateaz, garai hartan Aita Santua ere poloniarra baitzen, eta herrialde hartako txirrindularientzat aukera aparta, dudarik gabe. Baina betidanik izan da UNESCO antzerako zerbait, herrialde askotako txirrindulariei egiten baitie lekua, batzuk ezagunak (Manzano, Ljunblad, Gasparre), eta gehienak aukera baten bila dabiltzan gazteak, batez ere poloniarrak eta italiarrak, izan ere, talde poloniarrak bere egutegia Italian oinarritzen baitu. Continue reading “Txirrindularitzako Xerez”