#545 Tropela.eus podcastak: 2022ko Romandiako Tourra

Ohiko ibilbidea izango du aurtengo Romandiako Tourrak ere

Hurrengo astebeteko itzulia Romandiako Tourra izango dugu. Asteartean hasi eta langileen nazioarteko egunera arte luzatuko da, maiatzaren 1 arte.

Podcast honetan Iban Perez (@piban) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira kinielari errepaso bat emateko. Ea ba gustuko duzuen!

Podcastera harpidetu

#472 Tropela.eus podcastak: 15ero 6. saioa. Ander Okamika

Ander Okamika (BBH)

Bueltan da 15ero saioa ale berri batekin. Oraingo honetan Imanol Lluciak (@imanolllucia), azken lasterketei errepasoa emateaz gain, Ander Okamika Burgos-BH taldeko lekeitiarra elkarrizketatu du bertan. Saioa borobiltzeko, Italiako Giroaren lehen egunen inguruko iritziak biltzen ditu Inaxio Esnaola (@inaxioesnaola) kidearekin batera.

Podcastera harpidetu

Txirrindularitza esker onekoa ez denean…

Sentsazio gazia daukat, Ametsengatik pena sentsazioa, alegia. Txirrindularitza ez da batere justua izaten ari Etxebarriako mutil ausart honekin, izan ere, gutxi izango baitira Ametsek bezainbeste garaipen bat merezi dutenak. Urteak dira lanean zintzo ari dela, behin eta berriro zutoina joaz, ausardia erakustaldi handiekin, taldegizon lan ilun baina garrantzitsuarekin, eta parte hartzen duen lasterketa gehienetako animatzaile nagusia izaten.

Aurtengo Euskal Herriko edizioa bere lasterketa izaten ari zen. Itzuli hau ikusi dudan Ametsik onena nabarmentzen ari zen, Tourreko konbatibitatea irabazi zuena baino hobea oraindik. Ihesaldietan ematen zuen indar sentsazioak, Arrateko maldetan emandako kasta erakustaldiak, nahiz eta jakin faboritoek irentsi egingo zutela, eta antzerako ñabardurak ez dira zale eta lagunentzat alperrikakoak balira bezala ondotik pasatzen.

Gogoratzen dut bere afizionatu garaian era zortea ez zuela oso lagun. Olarran ari zenean auto batek aurretik eramanda femurra hautsi zion eta haustura hartatik errekuperatzea asko kostatu zitzaion. Entrenatu eta entrenatu, baina ibili ez. Txirrindularitza utzi eta ikasketetan buru-belarri sartzea ere pasatu zitzaion burutik (garai hartan biak zeramatzan paraleloan). Baina ez zuen amore eman, eta Debabarrena taldeak emandako aukera esker eta Italian pasatako garai hari esker profesionaltasunerako atea irekitzea lortu zuen. Urtebete behar izan zuen Madariagak konturatzeko Ametsek zerbait zeukala. Beste urtebete Ametsek, Tourrera joan eta lasterketa bikain batekin Euskaltel lehen aldiz Pariseko podiumean sartzeko.

Esan bezala, makina bat jaurtiketa bota ditu zutoinera, eta hainbat eroriko mingarri, bai planu fisikoan hala psikologikoan. Gogoratzen dut Euskaltelen debutatu zuen urtean Romandiako Tourrean lurrera joan zela ihes eginda zihoala, etapa euritsu batean. Euskal Bizikletan ere mokorra mindu zuen eroriko latz batekin, gorputzaldi apartean zegoenean. Iazko Tourrean ere Parisera iristeko egun bi falta zirela lurra dastatu zuen berriro. Baina hor darrai, gutxi bezala gerra ematen.

Uste dut afizionatu guztiek baloratzen dutela txirrindulari honek lasterketan duen jarrera. Beti dena ematen du, hanketatik bururarteko profesionala dela erakutsiz. Baina horrez gain esker oneko mutila da, atsegina, irrifartsua eta gertua. Atzo ez zen atera, lepauztaia hautsita Aiako aldapan behera. Berriro ere zorteak bizkarra eman dio.

Guzti hau dela eta, txirrindularitzak Ametsi garaipen handi bat zor diola uste dut. Espero dezagun aurten errepide frantziarretan etortzea.