Xavi Tondo hil egin da

Badirudi txirrindularitzari laino beltz batek jarraitzen diola. Wouter Weylandten heriotz tragikoa denok hain presente dugun aldi honetan, gaurkoan patuak Xavi Tondo txirrindulari kataluniarraren bizia eramatea erabaki du. Belgiarrak ez bezala, Tondok ez du bizia errepidean galdu, istripu inozo batean baizik.

Xavi Tondo Granadan zegoen Tourra prestatzen, Beñat Intxaustirekin batera. Dirudienez, gaurkoan Valverderekin batera Sierra Nevadan entrenamendu bat egiteko asmoa zuten. Baina entrenamendu hori ez da gauzatu, izan ere zorigaiztoko istripu hau gertatu baita. Oraindik ez dago guztiz garbi, baina hipotesiek apuntatzen dutenaren arabera, Xavik garajetik autoa ateratzera zioala, atea ixten zegoela ikusita, autotik irten du. Esan dutenez, autoak aurrera egin du (eskuko frenua jarri gabe zegoelako, martxan zegoelako… oraindik ez dago garbi) eta Tondo garajeko atearen eta autoaren artean atrapatuta gelditu da.

Xavi Tondok Paterninarekin egin zuen debuta 2003an. Espainia eta Portugaleko talde apal askotatik pasatu ostean (Barbot-Gaia, Catalunya Ángel Mir, Relax GAM, LA Aluminios-MSS eta Andalucia Caja Sur), eta Portugalgo Itzulia bezalako garaipen politak lortu ostean, iaz Cervelora iritsi zen, eta denboraldi bikaina burutu zuen (Paris-Nizan etapa bat, Catalunyako Itzulian etapa bat eta Espainiako Vueltan 6º). Aurten, beste pausotxo bat emanda, Intxaustirekin batera Tourrean Movistar taldeko liderra izatekotan zen. Besteak beste, San Luisko Itzulian etapa bat eta Gaztela-Leongo Itzulia irabazita zen kataluniarra 2011 hontan. Baina patuak Xaviren aurrerapausu guztiak kolpe gogor batez geldiarazi ditu, oraindik hain minduta dagoen txirrindularitza mundua berriro gogor astinduz.

Tropelatik besarkada handi bat helarazten diegu familia, lagun eta taldekideei une gogor hauetan.

Goian bego.

Agur, Wouter

Italiako Giroko hirugarren etapak albiste tragiko bat utzi digu. Wouter Weylandt (Leopard Trek) 26 urteko belgiarrak, Passo del Boccoko jaitsieran eroriko larri bat izan ostean, bizia galdu du. Tentsio handiko uneak bizi izan dira errepidean, Weylandtek buruan kolpe gogor bat jasanda konortea galdu baitu eta helikopteroa iritsi bitartean lasterketako medikuek masai kardiakoa hainbat aldiz egin behar izan diote. Helikopteroak lurra hartzeko oso ingurune eskasa izaki, minutuak aurrera joan dira eta erorikotik ordubete pasata, Weylandten gorputza itzali egin da.

Wouter Weylandt 1984ko irailaren 27an jaio zen Ganten, eta Quick Stepen debutatu zuen profesional mailan, 2006an. Lehen urte zail bat izan zuen mononukleosi bat medio eta gero, Tom Boonenen itzalean arituta ere, garaipen ederrak lortua zen, esate baterako iazko Giroan etapa bat edota 2008ko Vueltan beste etapa bat. Aurten Leopard Trek-era salto eginda bere onenak ematekotan zen, baina zoritxarrak Wouterren ibilbidea Rapallon bukatzea erabaki du. Albiste txar hau tragikoagoa egiteko, Wouter Weylandt aita izatekotan zen irailean, eta halaxe zioen bere twitterrean, poztasun handiz.

Tropelan Wouter Weylandt ez dugu ahaztuko eta bere familia, lagun eta taldekideei besarkada handi bat helarazten diegu.

Goian bego.

Gazteak gogor datoz

Inor gutxik espero zuen Jonathan Castroviejo gaztea, 24 urte bete aurreko egunean, Romandiako Tourreko aitzin etapan nagusituko zenik. Garaipen ederra getxoztarrarentzat, eta baita euskal zaleentzat ere. Eta ederraz gain, esanguratsua. Izan ere, denboraldiaren lehenengo herena pasatu dugunean, gazteak oso indartsu datozela nabarmen ikus daiteke. 25 urtetik beherako txirrindulari sorta handia ari da besoak altxatzen. Batzuk dagoeneko urteak daramatzate goren-gorenean, Kreuziger, Gesink, Boasson Hagen eta Ciolek kasu. Beste batzuk, iaz erakutsi zuten beraien burua: Peter Sagan, Rui Costa, Gorka Izagirre, Van Garderen, Kiserlovski, Daniel Martin, Guarnieri… Denak ala denak gehienez 24 urteko txirrindulariak gaur egun.

Continue reading “Gazteak gogor datoz”

2010ari errepasoa (IX): Spilak, edo Romandiako Tourrean maillot horirik jantzi ez zuen garailea.

Spilak, Romandian etapa irabazi zuen egunean2010eko Romandiako Tourra lehen postuan bukatu zuena palmaresean ez agertzeagatik pasatu da historiara. Izan ere, etapa guztiak burutzen denbora gutxien Alejandro Valverdek eman zuen, itzuliko garaile bilakatuz, baina denok dakigun moduan gero zigortua izan zen, lortutako garaipenak modu hartan galduta. Gauzak honela, Simon Spilak pasatu zen Itzuliko garailea izatera.

Itzulia aitzin etapa batekin hasi zen. Bertan, Marco Pinotti izan zen azkarrena, Peter Sagan harrigarriak (denboraldi ikaragarria zeraman ordurako eslobakiarrak) baino segundu bakar bat gutxiago eginda. Dena den, hurrengo egunean Saganek garaipena eta lidergoa lortu zituen, mendate gogorrak (lehen mailako bi eta bigarren mailako bat) zituen etapa talde ertain baten esprintean irabazi baitzuen, Gavazzi eta Rocheren aurretik.

Hurrengo etapa ere esprintean erabaki zen, baina aurreko egunean ez bezala, tropela bete-beteta iritsi zen, gizonik azkarrenak bertan zirela. Logika izan zen etapako irabazleetako bat. Bestea, Mark Cavendish, erraz. Danilo Hondo eta Robert Hunterrek ez zuten aukera txikienik ere izan Man Irlako mutilaren kontra. Esan beharra dago helmugan keinu itsusi bat egin zuela Cavendishek, bere denboraldi kaxkarra kritikatzen zutenei dedikatua. Liderra, oraindik ere Sagan, noski. Aipatu beharra dago High Road taldeak Cavendish lasterketatik bota egin zuela, eta lasterketako zuzendaritzak 4.000 eurotik gorako isuna jarri ziola.

Hirugarren etapa bitxia izan zen. 23,4 km-ko erlojupeko bat izan zen, eta Richie Porte nagusitu zen, Valverderen aurretik. Etapa bitxia diot, izan ere, lan erditan Porte minutu bat galduta zen, eta helmugan erraz xamar nagusitu zen, 26 segunduko aldearekin. Haize aldaketa handiren bat edo egongo zen, nonbait. Egia esan, inork ez zuen lortu azalpen logiko bat ematea kontu honi. Dena den, etapa Porterentzat eta lider berria Michael Rogers, bere aspaldiko denboraldi onenari jarraipena emanez. Laugarren etapa gorabeheratsua izan zen, Suitzatik irten eta Frantzian kilometro mordoxka eginda. Etapa Spilakek irabazi zuen azken kilometroetan ihes eginda, eta Rogersek maillot horia segundu bakar batengatik eustea lortu zuen. Valverderen mehatxua gero eta handiagoa zen…

Bosgarren eta azken etapa laburra izan zen oso, 121,8 km besterik ez. Hori bai, tartean lehen mailako hiru mendate. Azken mendatean lasterketako lau gizon indartsuenek aldegin zuten: Valverde, Igor Anton, Spilak eta Menchov. Etapa lau hauen arteko esprintean erabaki zen eta han, nola ez, Valverde izan zen azkarrena, nahiz eta Antonen eraso batek gauzak uste baino zailago jarri zizkion. Esanda bezala, Valverde zigortua izan zen geroago emandako positibo bat tarteko eta etapako garaipena galdakoztarrarentzat izan zen. Palmareserako polita, eta Romandian lortutako bigarrena, bere profesional palmaresa han estreinatu baitzuen, Thomas Dekker eta Chris Horner esprintean gaindituta mendate batean.

Beraz, Simon Spilakek bere kirol biziko garaipenik handiena lortu zuen lasterketa bukatu eta hilabete batzuk geroago, eta podiuma berarekin osatuz, Denis Menchov eta Michael Rogers agertuko dira hemendik aurrera. Igor Anton azkenean 9º izan zen, erlojupeko kaxkarra egin izana garesti ordainduz

Euskaltel-Euskadik 2011ko Giroan parte hartuko du

Hiru urte eta gero, Euskaltel-Euskadi Italiako Giroan izango da. UCI Pro Tourrean onartua izanarekin batera, hauxe da talde laranjaren inguruan azken asteetako albiste nagusia. Igor González de Galdeanoren esanetan, gaur egungo taldeak ez dauka zerikusirik 2007an azken Giro hartan parte hartu zuenarekin. Taldea askoz helduago ikusten du, bere aukeretaz konfiantza gehiagorekin, Giroan zeresana emateko moduan, azken finean.

Eta albiste honen barrIgor Anton Vueltako podiumeanuan beste albistea, titular handiagoa akaso,  Igor Antonek Giroan parte hartuko duela da. 2005ean, bere debut urtean, joan zen Igor Girora lehenengoz, eta azkenekoz. Urte hartan Giroa ez zegoen bere planetan, baina Alberto López de Munainek lepauztaia hautsi zuen lasterketa baino egun batzuk lehenago, eta arabarraren lekua Antonek bete zuen. Eta nola bete gainera. Lehen astean etapa amaieran zegoen malda labur baina tente baten Paolo Bettini, Damiano Cunego eta Davide Rebellin bezalako txirrindularie gangortu egin zitzaien, eraso kolpe bikain bat jota. Gero atzetik atrapatu egin zuten, baina han gelditu zen txirrindulari txiki eta ezezagun baten agerraldi hura. Gero, normala den moduan, lasterketa luzea eta gogorra egin zitzaion, baina azken astean, etapa erregina ahaztezin hartan, Finestre beldurgarrian lehen 10 kilometroak taldeko buruan egin zituen, Savoldelli, Simoni, Di Luca, Rujano, etabarrekin. Azkenean sailkapena 83º postuan bukatu zuen, eta leher eginda. Taldetik bigarren astean lasterketa uztea proposatu zioten, hain gaztea izanik luzea egingo zitzaiola argudiatuz, baina galdakoztarrak burugogor amaiera arte jarraitu zuen.

Datorren urtean, ordea, beste helburu batekin joango da Girora Igor. Azken Vueltan erakutsi du zenbat hasi den, tropeleko igotzailerik onenetariko bat izatera iristeraino gaur egun. Eta Giroan faboritoa izango da, ezinbestean. Gainera datorren urteko Giroa, antolatzaileen estiloari jarraiki, oso gogorra izango da. Akaso aurtengoa baino gogorragoa. Bada zerbait. Guzti hori gutxi balitz, Mikel Nieve galdakoztarrarekin izango da Torinoko irteeran. Ikusteke dago zein txirrindularirekin osatuko duen taldea Galdeanok, baina bi izen horiekin nire ilusioa piztuta dago dagoeneko. Koldo Fernández eta Urtasun ziurrenik Giroan izango dira. Nire ustez Daniel Sesma edo Miguel Mínguez, Cazaux, Alan Pérez eta Aramendiak irteeran izateko aukera asko dituzte. Oroz nora joango den ikusteke dago, joko asko ematen baitio taldeari parte hartzen duen lasterketa guztietan. Izan ere, Samuel Tourrera joanda, honekin batera Amets, Egoi Martínez, Ruben Pérez eta Gorka Verdugo ziur joango dira Frantziar errepideetara. Romain Sicardi ere ordua iritsi zaiola deritzot. Girora itzulita, Igor Antonen aurkari nagusiei gainbegirada bat emanda, Ivan Basso aipatzea ezinbestekoa da. Azken Giroko irabazlea Liquigas talde indartsu bat atzetik duela joango da. Sylvester Szmyd, Robert Kiserlovski, Valerio Agnoli… talde gizon onak dira duda gabe. Dena den, Nibali ziurrenik ez da joango, aurtengo Vuelta irabazita ziurrenik Tourrean konzentratuko baita, bere txirrindulari karreran beste pausu bat emateko. Dena den, Scarponi, Evans, Vinokourov edo Cunego bezalako txirrindulariak ere irteeran izango dira, ondo bidean.

Euskaltel-Euskadiren datorren urteko denboraldiari gainbegiratu orokor bat emanda, ilusioa izateko arrazoiak badauzkagu. Laburpen azkar bat eginda: Giroan Igor Anton eta Mikel Nieve. Tourrean Samuel Sánchez, Romain Sicard eta Amets Txurruka. Vueltan Igor Antón, Mikel Nieve eta Amets Txurruka. Aurtengo denboraldi aparta hobetuko al du Euskaltel-Euskadik? Igor Antonek Giroan podiuma zapalduko al du? Hala bada, irabazteko moduan ikusten al duzue? Galdera guzti hauen erantzuna, datorren urteko Maiatzean.