Tourrerako azken parada: Suitza

Catalunyako Volta joan da, Dauphiné-Libèré abian da, eta larunbat honetan Frantziako Tour aurreko azken itzuli handia hasiko da, Suitzako Tourra alegia.

Antolatzaileek oso ibilbide polita diseinatu dute, etapa gorabeheratsuak, esprinterrentzako etaparen bat, eta goi mailako mendiko etapak nahastuz. Aipatzeko modukoa da azken aurreko etapa, 25 km-ko kronoigoera bat, 400 metrotik hasi eta ia 2000 metroetaraino iristen den Col du Klausen mendatearena, alegia.

Cadel Evans, Alejandro Valverde, Carlos Sastre, Michael Rogers edo Haimar Zubeldia bezalako Tour gizonak Frantziako errepideetan egon arren, Suitzako Tourrak punta-puntako txirrindulariak Continue reading “Tourrerako azken parada: Suitza”

Tropelak kide bat galdu du

Pasa den asteburuan gertakari triste bat gertatu zen. Txirrinduzale euskaldunok osatzen dugun tropeleko kide oñatiar bat joan zitzaigun. Aratzek 17 urte baino ez zituen, eta web orrialde honen zale aparta omen zen, bere lagun baten arabera.

Txirrinduan buelta bat ematera atera, eta bihotzeko batek emanda ez zen gehiago etxera itzuli. Gure artean azken pedalkadak, baina espero dezagun orain beste etapa batean egongo dela, gu bezala zirraratzen, hainbeste maite dugun kirol honekin.

Goian bego Aratz, eta animo asko bere familia zein lagunei.

Klasika handien bigarren astea

Badator klasika handien bigarren astea. Flandriako Tourra, Gante-Wevelgem eta Paris-Roubaixen tropeleko gizaseme indartsuenen erakustaldiekin gozatu ostean, beste txirrindulari talde batek hartuko du protagonismoa datozen egunotan.

Lehenengo plater moduan, igande honetan Amstel Gold Race klasikoa jokatuko da.  253 km-ko ibilbidea, kotaz josita (31 guztira). Helmuga Cauberg-en, baina aurretik Keutenberg (%8 batazbeste, gehienez %20), Vrakelberg edo Eyserbosweg bezalako muinoekin. Aurten ez da egongo Michael Boogerd bigarren postuan amaitzeko. Holandarra 4 aldiz helmugaratu izan da bigarren postuan. Garaipen bakarra, 1999an lortu zuen.

Bigarren platera Belgikan izango da, Flèche-Wallone klasikoarekin. Ibilbide sigisagatsua baina ez oso selektiboa (202 km izateak badu eragina, besteak baino laburragoa), eta helmuga Huy-ko paret beldurgarrian, %25era iristen diren maldekin. Beti bezala, kokapena lortzeko orduan taldeen artean borroka polita ikusiko da.

Postrea lurralde belgiarretik irten gabe izango dugu, Liège-Bastogne-Liège klasikoarekin. 254,5 km eta 12 munio, tartean La Redoute famatua (2,3 km %7,4ra), Stockeu (1,1 km %11,6ra)  Sprimont edo helmugara bideratzen duen Saint-Nicolas bera.

Faboritoak? Ia-ia betikoak. Davide Rebellin, Damiano Cunego, Alejandro Valverde, Franck Schleck, Stefan Schumacher, Ricardo Riccó eta Kim Kirchen nabarmenduko nituzke beste guztien gainetik. Danilo Di Luca botako dugu faltan aurten, LPR ez baita irteera lerroan egongo lasterketa hauetan. Paolo Bettinik, Euskal Herrian izan zuen erorikoa dela eta, Liègerarte atzeratuko du bere agerpena. Ikusiko dugu zer nolako maila emanten duen Kilkerrak.

“Sorpresa” eman dezaketenak: Joaquim Rodriguez, Valverdek kantxa apur bat ematen badio, Yaroslav Popovych, Fabian Wegmann, Rinaldo Nocentini edo Maxime Monfort bera.

Euskaldunek ez dute erraz izango nabarmentzea. Helburua ziurrenik ihesaldiren bat harrapatzea izango da. Gero bideak jarriko du bakoitza bere tokian.

Di Luca, errugabe

Hilabete asko pasa ondoren Danilo Di Lucaren auzia bukatu da, eta CONIko (Italiako Batzorde Olinpikoa) epaileak arrazoia txirrindulariari eman dio. Franceso Plotinoren hitzetan, hala deitzen baita epailea, “Zoncolango etaparen ostean Di Lucak� emandako balore arraroak produktu dopanteen erabileraren ondorio izatearen hipotesia ez da beharrezko probabilitate mailara iritsi”.

Orain galdera da, nork konponduko du txirrindulariari egindako kaltea? Ez bakarrik bere izena zikindu eta kolokan jarri izana, baizik eta Liquigas taldetik aldegin behar izana, egutegiko lasterketa garrantzitsu ugaritan parte hartzeko aukera galduaz. Orain LPR taldean ari da, eta Giroa korritzeko aukera izango du, bai, hala bere iazko garaipena defendatuz, baina kaltea egina dago.

Alessandro Petacchiri ere antzerako zeozer gertatu zitzaion orain dela ez asko. Hau ere kanoiaren begian jarri zuten, sekulakoak eta bi esan bere inguruan, eta azkenean epaileak arrazoia txirrindulariari eman zion beste behin.

Gaztelaniazko esaera batek dio: “piensa mal y acertar�s”. Argi dago txirrindularitza munduan oso erabilia dela esaldi hau. Badaezpadan, susmatu. Txirrindularia harrapatzen dutenean, denek autoadjudikatzen dute tantoa, baina hanka sartzen dutenean, denak adarretatik joaten dira. Lotsagarria da.

Jens Voigt: ecce hommo

Bapatean, Abramovich bezalako aberats batek sekulako diru sorta emango balit txirrindulari talde profesional bat sortzeko, ez nuke dudarik izango lehenengo fitxaketa egiteko orduan: Jens Voigt alemaniarra. Gero etorriko ziren punta-puntako esprinterrak, igotzaileak eta etapa ehiztariak, baina lehenengoa bera izango litzateke, nahiz eta 37 urtera bidean dihoan.

Zaila da tropelean horrelako txirrindulari puska bat aurkitzea. Txirrindulari puska, bai, 1,89 metroko gizasemea baita. Baina bizikleta gainean are eta handiago bilakatzen da, bere lorpenak direla medio. Ez da igotzailea, ez dauka abiadura puntarik, erlojupeko luzeak trabatu egiten zaizkio (laburretan ona da), baina hala eta guztiz ere, 1997 urrun batean ZVVZ talde xumean debutatu zuenetik 47 garaipen lortu ditu, Criterium Internazionalean atzo lortutako sailkapen orokorra azkena izanik. Hau guztia gutxi balitz, harrigarriena da profesionaletan emandako 12 urte hauetan, ez duela bat bera ere hutsean igaro. Beti ehizatzen du zerbait.

Izan ere, ehizarako sena dauka Jensek. Nola azal daiteke bestela 4 aldiz lasterketa bera (Criterium Internazionala) edo 3 aldiz etapa bera (Euskal Herriko Itzuliko azken etapako goizeko sektorea zena) irabazi izana? Lasterketaren bati “X” bat egiten badio gorriz gizon honek, izan seguru garaipenetik urruti ez dela ibiliko. Eta hori egiteko gai oso txirrindulari gutxi dira. Paolo Bettini handia eta beste pare bat akaso.

Ez dakit noiz erretiratuko den Jens Voigt, baina egun hori iristen denean, tropelean sekulako hutsa utziko du. A ze txirrindulari puska!!