Txirrindularitzako Xerez

niemiecPrzemyslaw Niemiec kirolaria dela esanda, txirrinduzale askok ez luke jakingo gizaseme poloniar baten inguruan hitz egiten ari garenik, ezta txirrindularia denik ere. Baina Przemyslawek badaramatza urte batzuk pedalei eragiten, gero eta indar gehiagoz. Futbolarekin paralelotasun bat eginda, txirrindularitzako Xerez bat dela esan genezake. Urteak joan eta urteak etorri, bigarren mailako lasterketetan maila aparta eman izan du, baina beti beste bat da gorengo mailara jauzia egiten duena. Kontua da Xerezek aurten Lehen Mailarako txartela lortu duela, eta poloniarrak oraindik ez, nahiz eta garaipen onak pilatzen ari den.

Przemislaw Niemiecek argi zeukan txirrindularia izan nahi zuela. Baina Oswiecimgo lurralde hotzetan etorkizuna ez da oso oparoa. Polonia lurralde hotza da, entrenatzeko batere gozoa ez dena, eta txirrindularitza ez dago gizartean oso barneratuta. Egia da azken urteotan Poloniako Itzulia Uci Pro Tourrean sartzea nolabaiteko bultzada izan dela kirol honentzat ingurune horretan, baina oraindik Europa mendebaldeko lasterketen oparotasun eta kalitatetik urrun dabiltza.

Gauzak honela, Amore & Vita – Beretta taldeak sinatu zuen. Talde berezia da Amore & Vita, Aita Santuaren taldea, Vaticano Hirikoa, alegia. 1990etik dago tropelean, eta hasiera batean italiarra eta gero britainiarra izan ostean, 2001. urtetik taldea poloniarra da. Talde berezia, esan bezala, ez baitu ezeren propaganda egiten, bere helburua bakearen eta maitasunaren mezua hedatzea baita.

Przemyslaw Niemiecentzat sekulako tranpolina izan zen. Zortea izan zuen talde hau poloniarra izateaz, garai hartan Aita Santua ere poloniarra baitzen, eta herrialde hartako txirrindularientzat aukera aparta, dudarik gabe. Baina betidanik izan da UNESCO antzerako zerbait, herrialde askotako txirrindulariei egiten baitie lekua, batzuk ezagunak (Manzano, Ljunblad, Gasparre), eta gehienak aukera baten bila dabiltzan gazteak, batez ere poloniarrak eta italiarrak, izan ere, talde poloniarrak bere egutegia Italian oinarritzen baitu.

Horrela ba, Przemyslawek 2002an debutatu zuen, eta urtea trantsizio bezala hartu zuen. Geroztik, ordea, beti irabazi izan du zerbait, 2007an izan ezik. 2004an Miche talde italiarrera pasa zen (Kontinental-Profesionala), eta hor dirau gaur egun, Miche – Silver Cross – Selle Italiaren maillota defendatzen. Eman diezaiogun gainbegiratutxo bat bere palmaresari:

2003:

1º Giro del Medio Brenta

2004:

GP Città di Rio Saliceto e Correggio

2005:

Trentinoko Giroko 1º etapa

Eslobeniako Itzuliko 3º etapa eta sailkapen nagusia

2º postua Route du Sud-en

3º postua Apenninoetako Giroan

2006:

Toskanako Itzulia

Route du Sudeko 3º etapa

3º postua Eslobeniako Itzulian

2008:

Route du Sudeko 3º etapa

2009:

Trentinoko Itzuliko 2º etapa (Alpe di Pampeago)

Route du Sudeko 2º etapa

Route du Sudeko sailkapen nagusia

Ikusi daitekeenez, bere palmaresean Route du Sud nabarmentzen da, Trentinoko Giroa eta Esloveniako Itzuliarekin batera. Baina hauek garaipenak baino ez dira. Przemyslaw Niemiec beti egoten da lehenengo postuetan parte hartzen duen lasterketa guztietan. Esate baterako, azken Olinpiar Jokoetan, Samuel Sanchezek eskuak altxa zituen egun hartan, 16º postuan bukatu zuen.

29 urte dauzka gaur egun, eta bere ibilbide profesionaleko unerik gozoenean dago. Pro Tourreko talderen batek emango dio saltoa egiteko aukera? Azkenean Xerez igoko al da Pro Tourrera? Nik neuk, badaukat gogoa Przemyslaw Niemiec onenen artean ikusteko. Aspalditik jarraitu izan dut bere ibilbidea, eta ziur asko nago Pro Tourreko asko eta askori bizkarra erakutsiko liekela. Ea zorterik duen.