Ez gaitu harritu. Espero zitekeen zerbait zen. Kontrakoa gertatu izan balitz ere normaltzat hartuko genukeen. Atzo eguerdian Carlos Sastrek prentsaurreko baten bidez agur esaten zion txirrindularitza profesionalari. 35 urterekin eta azkeneko 15ak kirol honi estuki lotuta.
1997an eman zion hasiera bere ibilbide profesionalari. Once taldearekin hasi zen, Manolo Saiz-en eskutik. Baina zalegoak CSC taldean hasi zenean ezagutu zion batez ere. 2003An Frantziako Tourrean etapa bat irabazi zuen (Pirinioetako lehena, eta agian oso ondo oroitzen naiz Tour hura ikusgarria izan zelako: Armstrong – Ullrich bataila, Zubeldia – Mayo Euskaltel-Euskadi tandema ikuskizuna emanez eta gainera Alpe d´Huez-en etapa poltsikoratuz, Belokiren erorketa eta ondorioz amerikarraren ziklo kros espektakulua…). Nik 2003ko uztaileko egun hartan ezagutu nuen Leganesen jaiotakoa baina El Barracon (Avila) finkatutakoa. Oso forma bitxian ospatu zuen etapa garaipena (eta era original batean): txupete bat atera zuen mailloteko poltsikotik eta ahoan sartu zuen. Ivan Bassoren alde lan egin arren Tour hartan, sailkapen nagusian 9. tokian amaitu zuen.
Continue reading “Lan eginez gero, emaitza onak lor daitezke”
Aurrekoan nabarmendu genuen Galibier izango dela aurtengo Tourreko mendate kuttuna, 100 urte beteko baitira aurreneko aldiz igo zutenetik. Ba, etapa berean Alpe d’Huez igoko dute. Holandarren mendatea deiturikoa. Pirinioetan ikurriña festa egon ohi den moduan, Alpe d´Huezen holandarrek ‘agintzen’ dute. Hup,Hup Holland oihukatzen dute, etengabe. Zergatik deitzen zaio Holdandarren mendatea? Ba herrialde horretako txirrindulariak jaun eta jabe izan zirelako 70ko eta 80ko hamarraldietan.
Ibilbide beldurgarria du aurten
Datozen asteotan 2008ko hiru itzuli handien aurkezpenak izango ditugu. Proba hauen emaitzetan garrantzia handia izaten duten ibilbidea aurkezten da bertan, modu batera edo bestera, txirrindulari batzuen mesedetan edo kaltetan bihurtzen delarik ibilbide hori. Egia da askotan txirrindulari onenak irabazten duela azkenean proba baina era berean, argi daukat duen garrantziarik ez zaiola ematen ibilbideari, eta ez naiz ari zaleei begira, profesional beraiei baizik.