Lan eginez gero, emaitza onak lor daitezke

Ez gaitu harritu. Espero zitekeen zerbait zen. Kontrakoa gertatu izan balitz ere normaltzat hartuko genukeen. Atzo eguerdian Carlos Sastrek prentsaurreko baten bidez agur esaten zion txirrindularitza profesionalari. 35 urterekin eta azkeneko 15ak kirol honi estuki lotuta.

1997an eman zion hasiera bere ibilbide profesionalari. Once taldearekin hasi zen, Manolo Saiz-en eskutik. Baina zalegoak CSC taldean hasi zenean ezagutu zion batez ere. 2003An Frantziako Tourrean etapa bat irabazi zuen (Pirinioetako lehena, eta agian oso ondo oroitzen naiz Tour hura ikusgarria izan zelako: Armstrong – Ullrich bataila, Zubeldia – Mayo Euskaltel-Euskadi tandema ikuskizuna emanez eta gainera Alpe d´Huez-en etapa poltsikoratuz, Belokiren erorketa eta ondorioz amerikarraren ziklo kros espektakulua…). Nik 2003ko uztaileko egun hartan ezagutu nuen Leganesen jaiotakoa baina El Barracon (Avila) finkatutakoa. Oso forma bitxian ospatu zuen etapa garaipena (eta era original batean): txupete bat atera zuen mailloteko poltsikotik eta ahoan sartu zuen. Ivan Bassoren alde lan egin arren Tour hartan, sailkapen nagusian 9. tokian amaitu zuen.

Hori nabarmendu daiteke txirrindulari honetan. Bere dohain handienak erregulartasuna eta bera baino hobeto zeudenen aldeko lanak izan dira. Adibiderik garbiena orain dela gutxi amaitu den Vuelta a Españan ikusi dugu. Geox taldearen buruetako bat zen, baina bera ez zenez taldeko indartsuena honen alde lan egitea tokatu zaio, hots, Juanjo Coboren alde – Vuelta a Españako garailea. Eta hasieran taldeko buruzagi bat den pertsonak hori naturaltasun handiz onartu izanak besteengandik sakrifikatzeko nolako bihotz handia duen barrutik erakusten du hein batean.

Erregulartasunean aipatu 15 aldiz lortu duela hamar onenen artean sailkatzea itzuli handietan (2 aldiz Giroan, 5 Tourrean eta 8 Espainiako Itzulian). Ez ditu izango garaipen asko baina bai sonatuak. Aipatutako 2003ko Frantziako etapako garaipen hura dago, baina bere momenturik onena 2008ko uztailean izan zen. Frantziako Tourrean sailkapen nagusian lehenengo postuan egotea lortu zuen, Alpe d´Huez-en erakustaldi bikain bat eman ondoren eta faborito ez zenean (Joseba Beloki bezalako aditu batek, eta momentu hartan Radio Euskadiko esatari guztiek, edizio hartako azken erlojuz kontrakoaren bezperan, beraien kinielatan ez zuten Carlos Sastre podiumean sartu!). Maisutasunez eutsi zion erlojupeko hartan Cadel Evans-i (bigarrena sailkapen nagusian eta egun hartan faborito nagusia horiz janzteko Parisera iritsi bezperan).

Egia da izan dituela bere alde ilunak txirrindulari honek. Tourra irabazi zuenean, Vuelta Espainia lehiatzen ari zen bitartean jakin zen bere kirol zuzendariarekin erlazioa oso txarto zegoela (eta hala ere Vuelta hartan 3. tokian amaitu zuen!!!). Tourrean Bjarne Riis-ek Schleck anaienen aldeko apustua eginda zeukan eta espainiarrak plan horiek pikutara bota zizkion Alpe d´Huez-en gora. Edo hurrengo urtean prentsarekin haserretu zenean Frantziako Tourrean kasurik ere ez ziotelako egiten (ein batean normala, iazko irabazlea zen momentu hartan eta bere garaipena gutxietsi bezala egin zuten komunikabideek aitzakia erabilita Alberto Contador ez zela egon edizio hartan). Edo iaz bertan, baita Frantziako Tourrean, Pirinioetako azken etapan Samuel Sanchezek eroriko larria izan zuenean justu orduan erasoa jo zuelako eta zanbait pertsonen iritziz jokabide zuzena ez zuenean hartu. Badirudi etapa horren osteko deklarazioak ere hika mika piztu zutela, adierazi zuelako Tourmaleten gora bandera zehatz batzuk zutenek iseka egin eta listua bota ziotela.

Baina azken finean uste dut alde ilun hori oso ongi tapatu duela egindako lanaren ondorioz. Horrekin geratu beharko ginateke. Lezio garrantzitsu bat eman digu gizon honek: lana egin ezean fruituak jasotzea oso zaila da. Eta atzo eguerdian twitterlari batek aipatu zuen bezala, pena bere azken pedalkadak #Vivero n gora bizi izana. Faltan botako zaitugu Carlos. (badaezpada, eta ez haserretzeko, aipatuko dut twitterlari horren izena: @iosugarate ;) )

Argazkia: http://www.cyclingnews.com

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.