Michael Rasmussen: “kirol hau garbitzen lagundu nahi dut”

Michael Rasmussen prentsaren aurrean

Gaur prentsaren aurrean agertu da Michael Rasmussen txirrindulari danimarkarra. Bertan 1998 eta 2010 urte artean sustantzia debekatuak hartu zituela aitortu du: EPO, GH, testosterona, insulina, odol trasfusioak…

Txirrindularitzan izan diren dopin kasu ugariren berri jakiten ari gara urte hasiera honetan, hasi Armstrongen aitorpenetik, Rabobankeko kasuak, Puerto operazioa (egunotan epaitegian),… eta azkena gaur Rasmussenen eskutik.

Rasmussenek bere mailarik gorena 2007ko Tourrean eman zuen. Maillot horia soinean zuela lasterketa uztera behartu zuten ez positibo eman izanagatik, bera non ibili zen esaterakoan gezurretan harrapatu baitzuten eta hori Rabobank taldearen barne arautegiaren kontrakoa zen -ADAMS sistemaren hastapenetan izan zen. Tour hura gero Contadorrek irabazi zuen Discovery Channeleko txirrindularia zela.

Rabobank taldetik alboratua geratu zen eta 2009an itzuli zen txirrindularitzara. Egun Christina Watches-Onfone taldean aurkitzen zen. Orain, gaur egin duen agerraldiaren ondoren, txirrindularitzari agur esan dio eta zigorra jasotzeko prest agertu da.

Baina 2007ko Tour hartatik bidali ostean, zergatik jarraitu dopinarekin? Arratsaldeko elkarrizketa batean erantzun dio galdera horri Rasmussenek. Bere asmoa zigorra bete eta itzulitakoan Vuelta irabaztea zen. Ez zen hala gertatu eta 2010ean kirolari moduan mailarik altuena ezingo zuela berreskuratu ikusita, garbi aritzea erabaki zuela adierazi du.

Danimarkarrak kirol hau garbitzen lagundu nahi duela adierazi du gaurko agerraldian. Dagoeneko xehetasun guztiak dopinaren aurkako ajentzia ezberdinei eman dizkiela adierazi du. Soka luzearen mutur bat besterik ez Rasmussenek gaur prentsaren aurrean adierazitakoa, izan ere zurrumurruek Rasmussenek ajentziei bi izen aipatu dizkiela diote: Nicky Sorensen eta Bjarne Riis, Saxo-Tinkoff taldeko zuzendariarena.

Arratsaldean danimarkako dopinaren aurkako ajentziaren prentsaurrekoa izan da. Hauek eskertu egin dute Rasmussenen kolaborazioa eta beraien esanetan honen guztiaren atzean sistema handi bat dago. Festina auziaren ondoren gauzak hobera egin beharrean okerrera egin zutela esan dute.

Honek guztiak beste ikerketa bati emango dio hasiera. Txirrindulari asko ari da azalpenak ematen doinaren inguruan eta uste duguna baino gehiago azaleratuko delakoan nago. Eta ez da nire asmoa errudunak bilatu eta zigortzea, txirrindulari zale naizen partetik hemendik aurrera horrelakorik gehiago ez izateko baliabideak jartzea da nik nahi dudana. Rasmussenen pausua oso garrantzitsutzat jotzen dut. Ea benetan “tranpatiei” tranpetan aritzeko gogo guztiak kentzen dizkieten eta txirrindularitza garbi batetaz goza dezakegun.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.